literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Itzaurrea

 

Damaso Intza

Iruñan, 1929'ko Ilbeltzaren 30'ean

 

«Biozkadak»

Jauregi'tar Luis apaizak

Neketako Ama-Birjiñaren irarkolan

Iruña'n, 1929

 

        Olerki gutun (liburu) au eskuetan, arkitu nindun nere adiskide batek gaur zortzi. Onek ematen zidan poza nabari nuela esaten diot: Ikus zazu au, or iku siko dituzu olerki edo bertso bikañak euskeraz. Ark bereala:

        —«Olerki, bertso liburua, ta euskeraz? Eztet nai, esan zidan; ez batek eta ez besteak ez bai dute balio».

        —Ala irudi ba-litzaizu ere, artu, eskura daukazun au, etzaizu damutuko.

        —Beti gogo txarrean jasotzen ditut euskerazko bertso liburuak.

        —Baño ori zergatik da ba? Euskalerria ez al da ba ainbat bersolari berezkoak sortzen dituen erria ta erri bertso zalea? Edo zu...?

        —Ni beste edozein bezin bertso zalea naiz.

        —Orduan zergatik ez dituzu bertso liburuak nai?

—Oietan bertso asko, baño olerki gutxi arkitzen detalako. Neurtitzak bear diran legean egiñak dira, baño idurimen gutxi ta geienean motel agertzen dutena dakarte.

        Nere adiskidearen esana, gogorregi esana ba-dago ere, etzitzaidan itzontzikeri utsa iruditu, ta esan nuan nere kolkorako: Baño ¿nola ordea, orenbeste bertsolari ateratzen dan errian, olerkari orren gutxi?

        Gizon ikasietan nondik ain bakanak, bertsotarako gatzadunak, ikastaro gabetan ainbeste diran tokian?

        Korapilo auxe nai nuke askatu gure olerkari ta beren irakurleen onerako. Korapiloa auxe da. Gure gizon ikasiak, beren ikastaroakin ba-dirudi galtzen dutela berezko bersolarien itz-jarioa ta etoria ta baita aien irudimenaren eza tasuna ta biguintasuna ere. Ala ematen du beintzat, askoren neurtitzak begiztatzean.

        Zergatik ote da ba ori? Arrotz-izkuntzak ikastean, gerena zapuztutzeraño ez pa-datoz ere, onen erabilkera aztu ez-pada, nagitu egiten zaielako ez ote da? Askotan baietz nago. Berezko bersolariak izketarako duten erraztasuna galtzen dutela, ez diteke beintzat ukatu. Aien ikusbegia ere galtzen dute ikasiak. Auetako askok, beste izkuntzetako olerkien joskera, esaera ta neurtizkera ere beren etxeko soñekoz jantzi nai lukete, baño lan ori egiten gutxik asmatzen dute. Zenbait aldiz izaditik artzen dituzten irudipenaz eztakite jokatzen eta oiekin beren gogoraldiak osotara irabiotzen eta josten. Eta ¿zenbati olerkiaren neurriak berak ez ote diote iduripena lotzen, edo oberenean igartzen? Ura aldapa gora nai lukete eraman'eta ezin, zearka eman bear liokete bidea, baño nondik nora ez jakin. Orrengatixe noski euskaldun ikasien artean zenbaitek «bertso asko, baño olerki gutxi», nere adiskideak esan zidanez.

        Oker oiek zer bidez zuzendu litezke ordea? Nere iritzi murritza auxe da. Bi bide daude gure olerkariak beste edozein izkuntzetakoak bezin bikañak izateko. Gure eritarren berezko bertsoak begiztatu ta euskeraz itzegin eta euskaldun onai entzun.

        Gure erritarren berezko bertsoak esan dut begiztatzeko, ba-diralako bertso berri asko argitara emanak; baño askotan ez ain erritarak eta ezta ere bildu gabe dauden beste asko bezin onak: Erritaren berezko bertsoak deitzen ditut ba, erritarren agoz-ago beren abestietan dauzkatenak. Eztira asko, baño bai egokiak. Geroxago emango dut oien puxkaren bat. Baita ere bertsolarien bat-bateko bertsoak ere.

        Oiek, berezko etorrian, erriaren biotzeraño sartzeko artzen dituzten irudipen berak, orra gure olerkari onen olerki gai egoki, adikor ta zabalkorrena. Oien irudipenak eta gogoraldiak nonbait errazak dira agertzeko, egokiak euskaldunaren biotza bereganatzeko; orra ba, olerkariarentzat bide ebakitzale gaitzak, asmaketa berriak bururatu ta aien era berean azaltzeko.

        Euskal-olerkari onak bertsolari erritarrari baño naiago dio olerkari arrotzari entzun. Baño ni nago gure erritar orrengandik, bestearengandik baño ere geiago ikasiko ote lukean.

        Bear ba-da norbaiti parra eragingo dio lerro auetan diotenak. Baño eztut uste oker nagoanik. Olerkaririk oberenak ba-du non ikasia zenbait bertso gure errian abesten diranetan.

        Ona Unanu'ko andre batek abestu zidan bat. Seaskan dagoan aurtxoaren eta ari eragiten ari zaion amandre edo amonaren arteko jarduna da. Iru lelo ditu:

 

                —Txikitxo politxua

                Norena, norena?

                —Norena izango naiz,

                Attêna ta amaena.

 

                —Begiak beltxak, beltxak,

                Norenak dituzu?

                —Zureak, Amandrea,

                Zuk nai ba-dituzu.

 

                —Nere txikitxua ta

                Nere politxua

                ¿Nori eman diozu

                Neri agindua?

 

        Amona batek aurraganako duen maitetasuna, eztakit olerki txikitxo onetan baño obeki, orren itz gutxitan bestela agertu ote litekean.

Ona Unanu berean bildu nuen beste bat:

 

                Gure aurraren aur ona,

                Balio bai du Bayona;

                Bayona bere giltzakin baño

                Martego dut gure aur ona.

 

                Aitari «padre, padre»,

                Sagartxuari «mantzana»

                Gure aurrari nik deitzen diot

                Nere biotzeko laztana.

 

        Naiz goiko ta naiz beko lelo auetan oartu gaitezke, esaera zarretan bezalaxe, aditza jan egiten duela erriak. Naiko argi geratzen baita esan nai dana, ori jan eta ere.

 

                Txuriak eta beltxak

                Mendian ardiak,

                Zuk ere ez dituzu

                Bentaja guziak.

 

                Pikuaren ostoa

                Itzal egiteko,

                Ederregia zera

                Nekazaritako.

                Galantegia zera

                Gure etxerako;

                Azal guriegia

                Otz-berotarako.

 

        Orra gure erriaren olerki polit eta bizia nolatsu dan. Lenengoz irudi-gai bat egoki datorrena bilatzen du izadiko gauzetan [1] eta gero daka, agertzen du ain egoki adierazi nai lukeana. Zenbait erritan oraindik ba-da urte-berriko olerki luze bat onelako irudi-gaiaz guztia josirik dagoana. Eztira noski osotara ondo ekarriak izango, baño gure bertsolarien joera ondo erakusten dutenak dira.

        Euskaldunak aldietan gauzari itzegiñazten die, batez ere egaztiei; ta aien agotan jartzen ditu zerbait lotsa ematen dien egiak. Ori ikusi diteke Euskalerri osoan ezagutzen dan lelo onetan:

 

                Eperrak kantatzen du

                Goizean intzetan:

                Etzaitezela fio

                Gizonen itzetan.

 

        Ona beste bat Lizarragan artu nuena:

 

                Usua ta belia

                Mendian kantatzen:

                Iruñeko neskatxak

                ederki dantzatzen.

 

        Jakiña da erriaren olerkitxo auetan eta beste bildu ditezkenetan ez degula arkituko Elizanburu'ren olerki mamitsuen antzeko bat ere; baño euskal-olerkiaren joera eta euskal-usaia dutenak egiteko errazbidea bai noski erakusten digutela. Uste dut gure olerkariak auetan ikasi dezaketela, irudipenak errazago asmatu ta sarkorrago azaltzeko bidea.

        Ontarako lagundu dezakete baita ere Bertso berriak izenarekin zabaldu izan diran zenbaitek. [2]

        Baño geiago oraindik lagundu dezakete gure olerkari zenbaiten olerkiak, batez ere zarren artean Adema, Zaldubi ta Elizanburu [3] lapurditarenak, Arrese ta Beitiarenak [4] eta Eusebio Azkue'renak [5] alde ontakotan; berririk ez aipatzeko. Gregorio Mujika'koaren «Hernaniar Ospatsuak» liburuan ere ikusi ditezke zenbait itzulketa gogoangarri. Eta guzietan zarren eta ederrena eztakit ez ote den «Bereterretxen khantoria» [6].

        Baño euskal-olerkari ona izateko, esan dugun guzia eztu naikoa gizon ikasiak. Bear du euskeraren joskera ondo ezagutu. Ta artarako esan degun bigarren gauza, au da, erritarakin asko itzegin. Gogoan artu beren esakera ain bizi, eraz eta egokiak.

        Gaur zuen eskuetan jartzen dizutedan liburuan auxe ikusten dut. Euskal esaera, garbi baño garbiagoa; bere irudipenak argi ta erraz emanak; irudipen bat artzen du ta zearo ta osotara azaltzen du, eragozpen guzien gañetik triskatuz.

        Emen esaten deguna egiztatzeko, naikoa degu gutun (liburu) onen edozein orrialde idekitzea. Lenbiziko jarri duenari eldu, ta ikusi zein argi adierazten digun bere «Bertso gaxoak!» zer bide eramango luketen, ezpalizkigu batera bildurik emango:

 

                Udazkeneko aize zakarrak

                zugaitz-ostoak, ori ta igarrak,

                        lurreratzen ditunean,

                naigabe baten arantz zorrotza,

                beazunezko tanto mingotza

                        nabaitzen del biotzean.

 

                Or eta emen, ai banatuak

                dabiltzan nere bertso gaxuak,

                        laister eroiko ote-dira,

                osto ori ta igar oien antzera

                eriotzaren zulo-leizera

                        ai! ta ilobiko ilundira?

 

                Bidezkariak lore zimela

                artu ta gorde oi-dun bezela

                        oroigarritzat bidean,

                ez ote ditu nere bertsoak,

                biotz-bideko lore gaxoak,

                        iñork gordetzen etxean?

 

                Bertso gaxoak egun-sentian

                jaio ta laister arrats-aldian

                        ilko diran loretxoak.. !

                Bertso gaxoak! ustekabean

                kabirik gabe t'elur-gañean

                        jaio diraden usoak..!

 

        Osto ori, lore zimel eta usokumeen irudipenak eztitu olerki orren azkeneraño uzten; oiek ematen diote bere gogoraldi osoa guganatzeko era. Auxe bera egiten du «Maitasun-indarra» olerkian izarren irudipenarekin:

 

                Bart arratsean izarretara,

                ama, begira nengoan,

                ta izar bat atzo bestetan baño

                argitsuago zegoan.

 

                Orain jakin det, izarrari beira

                bart ni nengoan bezela,

                nitzaz oldozten, izar berari

                ama, begira zeundela.

 

                Izar berari, ama, begira

                naigabez zauden gauetan...

                bera izango da gure ezti gaia

                bion naigabe neketan.

 

        Alditan bere gogoraldiak gertaera ezerezenetatik artzen ditu egarako bideak eta irakurlea. esnarazteko gairik ederrenak. Onela dakusgu «Aizkorriren oñetan» izena eman dion olerkian:

 

                Illundu dira Euskaleriko bide guziak;

                        ez degu goian euzkirik:

                autspean dago biotz su-garra ta itxaropena

                        eztegu beste argirik.

 

                Alaitu zaitez, ene biotza, t'ekin kantari

                        guziok lotan daudela,

                ollar arroak ernai ta tente gauan erdian

                        ekin oi duan bezela.

 

                Gauean gaude ta agian iñork, iñork ez ditu

                        entzungo nere bertsoak..!

                Ez ote ditu noizpait egunak zabalduko, ba,

                        guganontz bere besoak?»

 

        Aldietan zorrotza da bere luma, ta irudipenik atsegiñenetatik ba-daki gogoraldirik ukigarrienak ateratzen. Begiraldi bat emaiogun «Aitonaren otoitza»-ko sailtxo oni:

 

                «Ire begitan daraman, neska,

                udako gauen argia,

                ta ire ezparñetan, basoetako

                        marrubiaren goria.

 

                Udabarriko egunabarren

                garrak, ire betartean...

                Begi guziak beti ireganontz

                        igande-aratsaldean..

 

                Ez ba-diten, ba, oiek ikusten

                        nik bezela, ire biotza:

                ire barrengo beazunezko

                        itsaso nastu mingotza..!

 

        Gaiak eskatzen dionean ba-daki xamur eta gozo izaten ere. Alaxe ageri zaigu len aipatu degun «Maitasun-indarra» zaionean, «jesus'en Biotzari» delakoan:

 

                Egan dijoaz usotegirontz

                        egan dijoaz usoak

                Ta Zure Biotz barrura doaz

                        maite zaituzten gogoak.

 

                Beti idekita zabal-zabalik

                        usotegiko leioak

                Ta Zure usotxo ega motz onek

                        ezin aruntz jo gaxoak..!

                Ai onek ere, Jauna ba-litu

                        aiek dituzten egoak..!

 

        «Aingerutxoak» izena duenean xamurrago besterik ezta:

 

                «Aingerutxoa zer dan diozu?

                        Enetxu! ori galdera!

                aingerutxoa, ene kutuna,

                        angerutxoa zu zera».

 

        Aldietan azkeneraño izkutatu egiten du irakurleari geienik eragingo dion irudipena; eta bi itzetan josten du bere gogoraldi guzia. Ikusi «Bai Erri gaxoa» deritzaionean:

 

                Euskal-Erria Euskerik gabe...

                        bai-Eri gaxoa.... !

                Masti orritsu ederra baña....

                        matsik gabekoa,

                Loretegian il eta agortu

                        dan iturritxoa...

 

        Egia da, bakanetan ba-da ere, laburpenen bat edo beste ematen diela itzei, baño izketan ere noiz-nai egiten direnak.

        Arana ta Goiri'k ez ditu ontzat ematen oiek, baño gure olerkari zarrak ere zenbait aldaketa eta luzapen ematen zioten itzai neurrirako obeki zetorrenean eta gaur bertan Oxobi eta Barbier'en olerki ikusgarietan ere oartu gaitezke gure liburu onek dakazkien laburpen berdin-berdinak dagiztela berak ere.

        Liburu onen egilleak olerkitarako zakarren kemena ta etorria gazte-gaztetandik ezagutu genuen gure zorionez. Bere gogo ori zerbait piztu ere bai noski, gure Irugarrengo Prantziskotarra azaldu ta laxter. Orduan oraindik amasei-amazazpi urteko mutil gaztea, Comillas'ko Jesus'en Lagundiko Ikastetxean ari zan Apaiz ikasgoa egiten. Aldizkari ortan eman zituen bere lenengo olerkiak.

        Geroztik bere luma ezta erdoitu. Urteoro-urteoro olerki sail bat biali digu Zeruko Argia'rako; eta euskerazko aldizkari, astekari ta egunkariak ere onen olerkiaz pozik jantzi dituzte beren orrialdeak noizbeinka; Euskal-Esnalearen sariketan sartu dan aldioro garai atera dira onen olerkiak.

        Au guziagatik etzen bidezkoa ainbat olerki an-emen sakabanaturik ibiltzea. Ona ba, artu ta irakurri. Zuri ere, nere len aipatutako adiskideari esan niona dasaizut, etzera damutuko.

 

        [1] Oraintxe eskuetara zaigun «Homenaje a D. Carmelo Echegaray» idaztian Apraiz J. Jakintsuak dio: «Izadiaren edertasunak, ostera, Euskalerriko itxaso orrotsu, arkaitz gallen, baso abartsu ta baserri baketsuen ikusteak zelango gai ugari ta yoria dakartson geure bertsolarien asmamenari! Esan daike euskel-olerkaritzaren ost-iturri nagosia izadiya dala, eta bestelako arazoetzaz bere diarduenian, izaditik artzen dabezala euskal olerkariok euren irudi geienak».

        [2] Auetatik asko bildu ditu Mujita'tar Gregorio jaunak. Oberenak Euskal Esnalean emateko izango alda.

        [3] Auen batzuk ikusi `Eskualdun kantaria` liburutxoan.

        [4] Ikusi «Ama euskeraren liburu kantaria»

        [5] Ikusi «Parnasorako Bidea»

        [6] H. Gavel jaunak Bayonan argitara du.

 

Bilaketa