literaturaren zubitegia

1.005 idazle / 4.795 idazlan
7.321 esteka / 5.836 kritika / 1.828 aipamen / 5.242 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Jean Baptiste Daskonagerre

 

Sarrera-hitza

 

 

Errolba Bozas-Urrutia

 

«Atheka gaitzeko oihartzunak»

J. B. Daskonagerre

SGEP, 1970

 

        Eskuetan daukazun liburu hau, irakurlea, euskarazko lehenengo eleberria duzu. 1870-ean agertu zen eta, oraintxe egin du bere ehun urtebetea. Besterik ez? Aitzinako griegoek ere erabilitako literatur-jeneroa delarik hori, hain berandu gureganatu? Bai egia, baina gogoan eduki behar dugu, gure literatur-euskara, oro har, arras gaztea dela: 1545 g. urtean agertu baitzen euskal lehengo liburua. «Linguce Vasconum Primitiae», Etxepare, Ehieralarre-ko erretoreak izkiriatua. 425 urte baizik ez, beraz. Euskal-literatura oso berankorra izanez gainera, sarritan haren obrak halako antzinatasun batez kutsaturk ageri ohi zaizkigu, lhenagoko denbora batean idatziak balira bezala, alegia: XV-XVI gn. mendeko Eixepare-ren olerkiek berek, XIV garreneko harako «Mester de Clerecia» poesi-kera famatu hura burura ekartzen digute [1].

        Era berean, erromantizismo delako mugimendua aski atzeraturik heldu zitzaigun, eta harekin batean, eleberriak irakurri ta idazteko zaletasun herabe bat. Zaletasun hori ordea ez zen grina bilakatu, eta hala, 28 urte iragan ziren «Ateka...» hauxe agertu eta urrengo eleberria (Txomin Agirre-ren «Auñamendiko Lorea», 1898 an) azaldu zen artean. Gerokoan ere, urri ta nagi, baratxe-baratxe aurreratuz ibili da euskal-nobela. Pentsa, 1870-etik 1936 urteraino, dozenatxo bat eleberri besterik ez zen agertu euskaraz.

        1936-39 ko gerlak zearo eten men gure arteko literatur-saio guziak, dakigunez. Idazkintza hilik gelditu zen, irudiz behintzat; bana 1946 gn. urtean hasi zen berriz burua altxatzen, J.A. Irazusta-k Buenos Aires-en eman zigun «Joañixio» eleberri xamurrarekin. Geroztikan gure idazle-multzo bat saiatzen eta lehiatzen hari da jenero hori ugaltzeko, hobetzeko eta, bereziki, gaurkotasuna emateko nahi bizian. Guziaz ere, ezin esan dezakegu behar den heinean idazten denik, ez urrik eman ere. Bizkitartean, nobela da, dudarik gabe, jendeak gehienik irakurtzen duen literatur-mota; baita gurean ere, euskaldunak eleberriak ugari irakurtzen du... erderaz, euskarazkorik ezean. (Hemen ez dut aipatzen euskarara itzulitako eleberri harrotzak.)

        Eleberri hau argitarazteko, hamaika buru-hauste ta istilu pairatu behar izan men autoreak. Gora-behera horiek ezagutzea merezi duela-ta, J. Vinson-ek liburu huntaz egin zuen kontaera ematen dugu hemen, irakurraldia amaitu ondoren. Hantxen ikasiko duzu gauza interesgarria frango. Horregatik ez dizut hemen, liburuaren ulertzea, apika, errexago egingo dizuten zenbait ohartxo baizik esango, hitzeri ta joskerari (sintaxis) buruz.

        Hitzak. Ez aztu, eleberri hau lapurdiko euskaraz idatzia dela. Areago: Donibane-Lohizuneko mintzairaz. Horregatik, eta gainera hitzez oso aberatsa delako, hitz bat baino gehiago topatuko duzu han da hemen, arrotz egingo zaizuna, batez ere naparra, edo Bidaso-aldeko giputza baldin ez ba zera.

        Hitz horiek, gehienak, azkeneko «Hiztegitxoan» arkituko dituzu; eta halarik ere zatiren bat edo beste ilun xamar gertatu ezkero, liburu huntan berean eta zure mesederako ezarri dugun erderazko itzulpenera jo ahal izango duzu.

        Joskera (Sintaxis). Gauza jakina da, Bidasoaz haraindiko euskal-idazleek gureek baino joskera lasaiago bat erabiltzen dutela. Ez da nere arazoa, joskera hori okerrago hala zuzenago den esatea, ez eta euskararen legeeri gehiago edo guttiago atxikia den epaitzea. Baina bai, esan nahi nuke, hango idazleek, gureek sarritan ez duten holako airostasun eta grazia ba-dutela. Ziur nago zuk ere, bizkaitar naiz gipuztar irakurle zeran horrek, atsegin handiz irakurriko duzula, baldin grinarik gabe, aurre-iritzirik gabe hartzen ba-duzu; esakunen kanpozko tankerari baino barneko muinari gehiago begiratuz, zure ohituraz kontrako zerbait arkitzean musua okertu gabe.

        Kasu egin beraz: -teko (tzeko), -tea (tzea), -tera (tzera) formadun berboari dagozkion hitzak (izenak, izen-ordeak eta a.) jenitiboan doaz. Ez da esaten, adibidez, «gizona ikustera», «gizonak jujatzeko», «mendiak ikustean», baizik-ere: «GizonaREN ikustera», «gizonEN jujatzeko», «mendiEN ikustean».

        Pluralean, aktibo kasuak (dut, duzu, dute...) -EK sufijoa hartzen du: «mendiko oihartzunEK ihardesten DUTE oihu zizkolatsueri».

        Plural pasiboa berriz (naiz, zera, gera...) guk bezalaxe osatzen dute: «oihartzunak aditzen ZIREN». Azken-urreneko ejenplu huntan ohartuko duzu DUTE bat, zizkolaisuERI batekin besoz-beso doana. Ez harritu, ez bait-dute punto huntan guk dugun ohitura bera. Guk, DIETE esango genuke. Hemen ezin emanik erregla zehatzik, aski duzu jakinaren gainean egotea.

        Partizipio pasibo delako berbo-forma, gure artean «-tako» nahiz «-riko», batekin joaten da: «Hemen ikusiTAKO gauzak»; heien artean, «tako»-rik gabe: «Hemen ikusi gauzak», xoilki. Nik uste dut, gure irakurleak bitxitasun hartaz ohitu arteraino, gioe (-) txiki bat erabiltzea komeni litzakela; baina ez dut hala ere texto huntan holakorik ezarri, hartara laster egingo zerala espero dut-eta.

        Ez harritu ere, «esanen», «emanen», «jakinen»... eta ikustean; futuroko formak dire horiek guziak: esango, emango, jakingo. Ez eta, guk «etxean bertan» esango gendueneko lekuan «etxean berean» irakurtzean.

        Joskerarekin hartzen duten libertateak, sueltotasunak, bai harrituko zaitu behar-bada. Esaterako: «Atheka...»ren lehengo horrialdean berean holako bat irakur liteke: «... behinere ez dute huts egiten gatea Ateka-Gaitzeko erreka fama handirekin aipatua denaren ikusterat». Guretzat berriz, henelaxe errazago: «... Ateka-Gaitzeko erreka(ren) ikusterat, fama handirekin aipatua dena», edo-ta: «Ateka-gaitzeko, fama handirekin aipatua den erreka(ren) ikusterat». Beste bat: «Gizonak kapa-dengadun artarekin aitatik semerat atxikiETAN ziren». Eta guk: «Gizonak, aitatik semerat artarekin atxikiTAKO kapa-dengadunETAN zien». Esan beharra dago, joskera bitxi hori euskal-dialekto guzietakoa dela. Holakorik ugari arkituko duzu gure klasikoetan, hango nahiz hemengoetan: Axular, J, Etxeberri, Kardaberaz, Mendiburu, Mogel, Arrue, denak erabili izan dute tankera hori bere gogora eta guziz trebeki. Mende huntako idazleek baztertu dute osotoro; nere ustez ez dira zuhurki jokatu, zeren ego bat moztu, bide bat itxi bait-diote joskerari, bide egokiak askotan bilatu ta ezin arkiturik ibili ohi den gure joskerari. Itzulpenak egiteko batez ere.

        Egilearen berri zenbait. Ez nuke bukatu nahi, eleberri hunen egile Juan Bautista Daskonagerre zenaren berri labur bat eman gaberik. Donibane-Lohizunen jaio zen, familia arrunt batetik sortua. Ikasketak, Gipuzkoako Pasaian lehengo eta Parisen gero osatu zituen. Lege-gizon egin zen, eta aldi berean historia, filosofia, literatura eta izkuntzak ikasi zituen gogotik. Paris-en zegoelarik frantses idazlerik aipatuenen adiskidantza ona lortu zuen. Ederki lagundu zuten horiek geroago, Ateka Gaitza erderaz (Les échos du Pas de Roland) idatzi zuenean. Sor-lekura itzulita, Labastide-Clairence-n geratu zen, notario bezala; urrengoan, Baionan. Eta politikari emanik, Kontseilu Jeneraleko gizon hautatzen dute, (Diputadua bezala) behin eta berriz. Akademiko ere izendatzen dute (Baionako Akademia-koa omen), baita «Ohorezko Saileko Zaldun» ere (Chevalier de la Légion d'honneur).

        Ateka-Gaitzeko Oihartzunak idatzi ondoren, 1880 gn. urtean beste liburu polit bat antolatu zuen: «Le golfe de Gascogne» tituluduna.

        Ez dakigu haren bizitzako gauza handirik; baina, gizon zahar, gaixo, errumes eta errukarri baten alde, Ganix-en alde alegia, hainbeste neke ta lan hartu zuen gizonak, biotz on eta prestu baten jabea izan behar zuen. Bihotz ontasun horrixe, eta ez literatur-zaletasun berezi bati hain zuzen, zor diogu guk euskarazko lehengo eleberriaren sortzea. Nik, beste leku batean diot ez dakidala zer geratu zen Ganixekin, zertan gelditu zen haren laguntzeko asmoak, Vinson-ek ez bait-digu ezer esaten hortaz. Baina E. Gibert olerkari gazte maitagarriak zerbait esaten digu, «Atekakaitzeko menditarra» deritzan olerki batean, eta plazer dut horren azken ahapaldia hemen agertzeax:

 

                Botz karitatos hori guziek aiturik

                atera izan dute ilunbetik;

                orai botzik han dago gizon bat zaharra

                herrian deitzen dute Ganix menditarra.

 

        Argitaldi huntaz zerbait. Vinson'ek aipatzen dituen bi argitaldiez gainera, hirugarren bat agertu zen Donostian 1919 gn. urtean, «Euskal-Esnalea» errebistaren horrietan, liburu-itxuraz ipintzeko modukoa. Aldi hartako ortografia dakar, «Euskaltzaindia»k onartu zuena baino lehenagokoa. Gure hau bada laugarrena da. Eta guk ere gaurko ortografian azaltzen dugu, «Batasun-ortografia», delakoan, alegia Euskaltzaindiak hau ere onartu du-eta. Ortografiaren batasuna, noski, beste batasun zabalago baten adar bat baizik ez da: zatiturik dagoen euskeraren dialekto guzien batasuna. Horixe baita gaurko joera. Daskonagerre-ren egunetan berriz, euskalkiak, dialektuak, ziren nagusi. L. L. Bonaparte printzearen lanak zirala-medio, gorapen handia egin zuen orduan Euskal-herrian «dialektologia» deritzan jakintzak, batasunaren kaltean. Gaur egunean, bestelako ustekizunak dabilzkite izkeralariek: euskeraren osasuna eta salbamendua (iñoiz salbatuko ba-da...) batasunaren, ots, osaketaren gainean finkatu beharra dagola. Ezta esan beharrik, batasun desiragarri hori ez dela gizaldi bakar baten arazoa izango, hiruzpalau gizaldirena baizik. pausoz-pauso, borondate on handiz, bihotz beroz baina buru hotzez egindako lan etengabea. Bestela esan: hiru lau belaunalditako idazle BATUEN ondorio ona.

 

        [1] L. Mitxelenaren «Historia de la Literatura Vasca» liburuan irakur ditzakezu euskal-literaturaren berankortasun horren aitzakiak eta arrazoinak.

 

Bilaketa