literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Sarrera

 

Pako Sudupe

 

«Andimaren idazlan hautatuak»

Andima Ibinagabeitia

Elkarlanean, 1999

 

        Ibilaldia egitera gonbidatzen zaitut, irakurle, Andima Ibiñagabeitiak idatziz urratutako bideetatik barrena. Bidaldi honetan geldialdiak egin ditut bidean ohartu eta iradokitakoei leku egiteko. Biderako horniak eta fardelak nork geureak izango ditugu, eta, gisa denez, ez ditugu gauzak berdin hautemango ez etsiko, eta halaxe komeni ere gainera; ez luke besterik nahi Andimak landutako sailen erakusgarriak gutxika-gutxika aurkeztu eta iruzkinduko dizkizun honek.

        Ekin baino lehen Andima bere biziko lantegira bultzatu duten guraso nagusienak hartuko ditugu aiputan. Larramendi handiaren oinatzetan Olabidek eta Orixek egin zuten lehenbizi ametsa, gero azken honen adiskide min Lizardik hitz-neurtuz mamitu zuena:

 

                Baña nik, izkuntza larrekoa,

                nai aunat ere noranaikoa:

                yakite-egoek igoa;

                soña zaar, berri gogoa;

                azal orizta, muin betirakoa.

 

        Eta ametsa mamitzen eta gauzatzen saiatu zenetako bat izan zen Andima. Saiatu abantailatua. Harako Greziako tragediako gizakiek bezala, erraiak erretzen zizkion sentimenduaren bultzadaz landu zituen txara sasi eta laharrez josiak. Lanaren lanez eta nekearen nekez.

        Euskaldunen Euskadi eraiki nahian. Hiztun xume nahiz idazle ikasi; esku-langile nahiz buru-langileen Euskadi askatuaren alde, berari izaeraz nahiz hazieraz zegokionez, hots, kultur lanaren bitartez. Esan bezala, Greziako tragedietako gizakien antzo. Liburu hau delako lanketaren uzta-biltzea da.

        Zabal Euskadiren askatasunaren aldeko guztiekin, batez ere euskalgintzan zihardutenekin; askotariko heresiak eta heterodoxiak ontzat hartuz, tasun eta keriez oratutako gizakiez osatu gizartea onetsiz eta maitatuz. Hertsi eta haserrekor euskaldun eta euskotar zabar, espainol eta frantses-nahikoekin.

        Oroz gainetik euskara eta jakintza, aberri hizkuntza eta kultura uztartu nahirik. Langintza honetarako euskal harrobiaren ustiazale; bereziki Lizardi, Orixe, Labaien, Zaitegi, Olabide, Azkue, Salbatore Mitxelena, Manuel Lekuona, Nemesio Etxaniz eta Jon Miranderen urratsen ildoan kokaturik bereak. Geurea eskas agertzean greko eta latin harrobietara jotzea onetsiz, eta onetsi ez ezik haietara jo ere joaz.

        Lantegi honentzat oztopo ziren diktaduraren eta sartaldeko estatu demokratiko ustelen salatari, Euskadik pairatu eraso anker eta suntsitzailearen oroimenaren gordetzaile arduratsu bezainbat. Euskal gogoa azkartu, sendotu eta Franco buruxkila hil ondoko hausturan sinetsirik eman zituen erbesteko hogei urte luzeak. Aberriaren alde bizia emateraino gertu. Espainiako eta are II. Mundu Gerrak errotik markaturiko gizona. Honatx Andimaren heriotzaren oroigarrian ageri den gogoeta: «Bere oldozmena: gudari ostea aurrean jartzen bazait bihotza ez zait kikilduko».

        Hegatsa eta idazmakina astinduz, eta nekez baztertutako sosak eskuzabal euskal kultura sustatzeari opatuz eman zuen bizia euskaldunen Euskadi askatuaren alde.

 

        1. JESUITA

        Idazlanak ikusmiratu baino lehen argitasun gehiagoren gose denarentzat doaz ondoko zertzeladak.

        Gorago aipatu ametsa egia bihur zedin eragozpenak ezartzen zituztenak salatzen eta lotsagarri uzten trebe zen Andima. Sentimendurik bizienak, baina, minik barrukoenak eta minberenak jesuitek eragiten zizkioten, Espainiako gerran nahiz ostean agertu zuten jokabideak hartaraturik. Itxi gabeko zauriak urratzen diharduela dirudi, zornea izan barruan eta gaineko zakar sasi-estalgilerik egin dakien beldur bailitzan.

        Tiletez tilet zekien josulagunek Espainiako gerra zibilean izan zuten jokabidearen berri; zehatz-mehatz jarraitu zituen seinale. Burua galdu zutela idatzi zuen, Aita Beltzak zotza jaso orduko itsu-itsuan atzetik jarraitu zitzaizkionean hango eta hemengo anaikideak. Oinazerik handiena halere, Euskal Herriari izena bera ere ebatsi izanak ematen zion. Castella Orientalis eta Castella Occidentalis-en artean banatu zuten hauek Hego Euskal Herria. Laido handiagorik!

        Hamaika urte zituela jo zuen Andimak Tuteran jesuitek zuten eta egun ere duten ikastetxera batxilergoa egitera. Han lau urte egin eta 15 urte betetzen zituen egunean, sarrera egin zuen Loiolako santutegian. Hemen 1921tik 1926ra arte. Burgosko Oñan beste hiru (1927-1929), Kolonbian maisutzan hurrengo (1929-1932), eta azkenik Belgikako Marneffen (1932-3 5), ia ordenatzeraino iritsita sotana erantzi zuen arte. Guztira hemezortzi bat urte.

        Hau jakinik ezinbesteko neritzon bere jesuitako aldian arakatzeari. Gainera, ezustean non jakiten dudan bizkor dagoela ikaskide eta adiskide hartua izan zuen Iñaki Goenaga [1]. Jokin Zaitegiren idaztiak iruzkintzen ari, gerraurrean egindako itzulpen eta itzultzaile onentsuenak aipatzen zituen Andimak, eta hauen artean: «Wilhelm Tell (Goenaga'tar Iñaki adiskide maiteak)» tartekatzen zuen. Bada, Iñaki Goenagaren beraren arrimuan egin nion ikustaldia lehengo batean Loiolako santutegiari.

        Lehenbizi erizaindegira jo genuen Iñakiren anaia Joxeri, Joxe Goenagari bisita egitera; Andima eta Iñaki, honen anaia Joxe Goenaga, eta Jokin Zaitegi, eta Lauaxeta, Palgida (Plazido) Muxika (Svensson-en Noni eta Mani-ren euskaratzailea), Argarate, Sarobe eta Kortatarrak, Patxi eta Poli, Sagastume, Lasa, Larrañaga eta abar nobizioak nahiz jesuita juniorrak zirela logela izandakoak, gaurko egunean erien logela dira. Iñaki Goenagak lo egiten zuen gela —ez dakit nobizio edo junior zenean egiten zuenekoa— kapera bihurtua dago. Logelek berek ez dute ezer apartekorik, apalak dira baina halaber erosoak eta duinak. Logeletako leihoetarik landu gabeko zelaiak ikusten dira, belar motzekoak, ez fruitarbolarik, ez labore sailik ez baratzerik hil-baratzea ez bada.

        Belardiaren eta inguruko muinoen berdetasunez inguraturik begietarako deigarri gertatzen da oso, urrundik behaturik, hilobien zuritasuna. Egunero bertaratzen dira jesuita erietarik asko, gauza direnak, era askotako esku-makilak lagun, ehortzirik dauden lagun zaharren alde otoitz egitera eta euren gorputz ustelkorrek non hartuko duten atseden ikusmiratzera.

        Urteek ez diote aldean dudan Iñaki Goenagari berezko bizkortasuna moteldu, mihian ez du trabarik eta, esku-makilaren beharrean izanagatik, bixitasuna darie hitz-jardunari bezala honi estu-estu datxezkion keinu nahiz gorputz eraginei. Gaur egun zelai diren lursail handiok ez zeudela horrelaxe esaten dit beren gazte denboran, «hemen ale handiko mahats-sorta ederrak ohi zituen zintzilik, jaiegunetan eta, baratzera irteten ginenean ikusi eta begiz gozatu bai, baina jaterik izaten ez genituenak». Basilikaren barruko patioetan, aldiz, lorategi ederrak arta handiz zainduak omen ziren, egun belar motza besterik ez dagoenean. 1981ean Aita Santuaren bisitarako denak kendu zituzten, lorategi nahiz soroak, eta harrezkero belardi datza.

        Jesuita-etxetik bertan dago Iñaki eta Joxe Goenagaren jaiotetxea, Ormaetxe, eta hantxe arbolapean eseri ginen udazken zantzu guztiak ezagun zituen giroaren haizekirrira.

        Gogorrak egin zitzaizkion nobiziatuko bi urteak Iñakiri: «Badakik, joaten haiz etxean eta etxe inguruan hartutako ohiturekin, izaera batekin, heurearekin, eta han beste bat harrarazten diate». Ez Iñaki eta ez Andima ez ziren estreinakoz Jesusen Lagundian Loiolan sartu, hark batxilergoa Xabierko jesuiten ikastetxean egin zuen, eta Andimak Tuterakoan. Honek aukera gehiago izango zukeen Tuterakotik oporretan-eta etxera joateko, hura ez baitzen Xabierkoa bezain bideratua jesuitak hezitzera. Iñaki behin edo etorri omen zen Xabiertik etxera, eta bere anaia Joxe 2 urte zaharragoa, behin ere ez: «Joxerena gogorra izan zuan: Xabierren igaro lau urte handik irten gabe, eta handik Loiolarakoa eginik, bi pausora edukita jaiotetxea eta gurasoak, zer da-eta zuzenean Loiolako jesuita-etxera egin zian inolako bisitarik gabe. Gurasoek jakin zutenean eurak joan zitzaizkioan sartu-irten bat egitera».

        Nobiziatuan hilean behin har zitzaketen bisitak, ordu erdi ingurukoak-edo Iñakik gogoratzen duenez, eta intimitate giroa hautsi egiten zen sistematikoki; beste nobizio ezezagunen bat lekuko izaten baitzuten, belarriak adi beste egitekorik gabe.

        Kanpo eta munduarekiko etena, gurasoak barne, gaitza. Halaber, nobizioen gaineko kontrola ere. Harrezkero, nobizioak izango dituzte anaia nobiziatuan, eta juniorrek junioradoan. Euren solairu propioetan bizi beharko dute nobizioek nobizioekin eta juniorrek juniorrekin, beharrik ez izatera elkarren artean nahasi gabe. Guraso berriz, aita jesuitak, bereziki nobizioen maisua —Iñaki, Andima eta kidekoena Aita Garmendia tolosarra—, eta honen laguntzailea —Aita Ponce—. Nobiziatuan bi hauek izan zituzten eta buruzagi, errektorearekin —Ignacio Ibero— ez zuten, esateko, hartu-emanik izango. Juniorretan, aldiz, Inspektorea izango zuten baina batez ere errektorearekin izango zituzten hartu-emanak eta tirabirak. Aita Bianchi donostiarra, Gaztela-Leon jesuita-probintzia ohiko buru izana izan zuten hain zuzen nagusi junioradoko aldi guztian.

        Euren jabego eta nortasun bereziaren arrasto gehienez erantzi, eta nortasun berriaz janzteari ekingo diote. Ilea kaskamotz, jantzi bakar sotana, eta buruan kapelua, barrurako bonetea eta kanporako teila itxurakoa. Etxeko arauak barneratu, ordutegiak, unean uneko eginkizunak. Otoitzak bezala arrosarioak, gogo-jardunak nahiz meza-laguntza usuak, erlijio-liburuen irakurketak ahaztu gabe. Astean hirutan, berriz, hirunaka kanporako txangoak hauetan ere arrosarioa errezatuz, eta baratzeko irteerak nahiz jolas-ordu bakanak.

        Beren burua apaltzeko, behartsuenen zerbitzari izaten ohituz joateko probak igaro behar zituzten lehen botoak baino lehen. Eskeko hilabetean hirunaka ateratzen ziren aurrez agindutako lekura: «Batzuk Bergara aldera, beste batzuk Tolosara, Donostia aldera. Eskean ibili behar genian, dirurik ez baizik jeneroa bilduz, eta gero jasotakoa iristen ginen Elizako erretoreari eman. Honek guk eskean bilduak jasotzen zitian eta jana eta ostatua ematen zizkiguan». Ospitaleko hilean berriz —orduan gehienak Gasteizko ospitalera—, eriekin iragan behar zuten hilabetea hauei lagunduz, eta lanik gogorrenak burutuz.

        Udazkeneko haizeak babesten gaituen zuhaitzaren hostoak astintzen ditu zakar samar. Diziplinaz galdetzen diot. Ea ezer berezirik egiten zuten gorputzaren beroaldiak hezitzeko: «Astean behin, nork bere gelan hartu zigorra, horrela tarteka-tarteka trailak zituen makila, puntan hamabi bat mutur zituen traila-makila hartu eta bizkarra astintzen genian batzuek odola ateratzeraino. Beste batzuetan zilizioa, burdin hariz eginiko zakar-koilare modukoa izaten zuan, izter batean ezarri, eta herren egin gabe ibili beharra izaten genian batetik bestera. Jakina, herren egiteke ibiltzekotan min ematen zian».

        Diziplina kontu hauek, Iñakiren oroimenean, Loiolan egin zuten egonaldi guztian. Geroztik, Oña-n Filosofia ikasten, nahiz Belgikako Marneffe-n Teologia egiten ari zirela-eta, ez, azken hauetan aukerakoa bezala, nahi izanez gero bai, bestela ez. Barre maleziatsu eta algara artekoa ezpainetan duela esaten dit: «Bai, diziplina kontu hori beti izan ditek jesuitek. Hezi-hezi eginda geundean gu».

        Hauek guztiak kontuan, proba eta diziplina ekinaldiak-eta, bi gauza galdetzen dizkiot; ea euskal akademiakoek, euskal taldetxokoek kontrakarrik agertzen zuten proba eta diziplina hauekiko, eta tentaldirik ez zutenetz ihes egiteko handik. Lehenbizikoaz, euskal taldetxoaren borrokak errektorearekin-eta, junior garaikoak izan ziren, eta bigarrenari doakionez, nobizioetan bezala juniorretan, besteak bezain esanekoak eta otxanak zirela dio. Alde egiteko tentaldiaz berriz: «Batzuek alde egin zitean, batez ere, emakume kontuan-eta hezigaitzak zirenak. Baina kontatzen zitean zer pasatzen zitzaien kanporatzen zirenei; bati lurra ireki oinen azpian eta lurrak irentsi zuela, beste bati istripua gertaturik elbarri geratu zela. Bazegoan liburu bat gauza horiek kontatzen zituena. Beldurtu egiten gintuztean. Gu mutiko bigunak, erabilerrazak izan! Ikusten genian gure Maisu Garmendiaren bekosko beltza, aszeta izugarria zuan hura, San Ignazioren konfiantzazkoa zen Rivadeneyra-ren parekoa, eta nork esan irten egin nahi zuela, deabruaren tentazioa zela eta ez zela, beldur giro batean moteil! Gero gurasoei egundoko nahigabea eman behar, gure amarentzat-eta semea jesuita izatea etxean aingerua edukitzea bezala zuan».

        Probak gainditurik Andima Ibiñagabeitiak botoak 1923aren aurrenekoan egin zituen. Aurrez aurre dudan Iñakik bezala. Nobizio guztiek batera egin zituzten boto txikiak. Hiru botoetarik zeinek ematen zien lanik gehien jakin nahi dut. Hona erantzuna: dirua ez zuten estimutan, etxe barruan ez zuten horren beharrik, eta inora joan beharrean baziren, diruzainak luzatzen zien eta kito. Ez zuten horren kezkarik.

        Emakume kontuan izango zuten ba azkurarik, diot neurekiko. Haizea dabil, eta zeruak kolore gorrixka ageri du laino-lits gorriminen hedadurak eraginik. Arrasgorri da. Istorio batzuk kontatzen dizkit, beharbada oso harira ez datozenak. Ba omen zen jesuitagairen bat negurik minenean ere hotzik ezagutzen ez zuena, eta odolaren bortxaz inoiz gau osoa ernal-txotxa xut emandakoa, Jainkoari erreguka adorea eman ziezaion tentabideak aienatzeko. Beste batek, Tuterakoa hain zuzen, izugarria izan behar zuen. Sotana kendu eta imintzio lizun xelebreak egiten omen zituen. Nobizioetan atera bide zen. Ezaugarri orokorra horixe omen zen: odolberoek sotana eranztea.

        Beste kontu bat ere hartzen du ahotan gure hari askotariko honetatik hurbilago legokeena: «mihuren korrida» aipatzen dit: «Bai, Andimak asmatu zian izen hori. Aldian behin, sarri-sarri, urte bereko junior denok elkartu eta elkarri akatsak atera behar genizkioan. Hik besteren hutsak salatu denen aurrean, eta besteek hireak, hartara okerrak zuzenduz jesuita hobeak izateko ("ejercicio de modestia" zeritzan ofizialki gaztelaniaz). Salatzen ziren hutsegiteak, ba, huskeriak zituan, batek eskailerak banaka ez baizik binaka igo zituela, edo txangora irtendakoan buruari batera eta bestera eragiten ziola, hau emakumeetan erreparatzeko joeratzat hartzen zuan». Halabeharra, baserri atarian gaude, eta bertako alaba gaztea igaro da gure aurretik: «honela emakumeei begira egoterik ez geneukaan, lizunkeria alegia».

        Bada, mihuren korridetara etorriz, Andima eta euskal taldekoak omen ziren salatuenak direlako jardun horietan. Honen antzeko beste jardunbide bat ere bazuten, hau sotilagoa, elkarri hutsegiteak ateratzeko: hain zuzen eskutik eskura ibiltzen zuten koadernoa, hutsegite-koadernoa. Besteri hautemandako okerrak idatzi han, eta gero goikoari helarazi honek neurri zentzagarriak har zitean oker egilea onbideratzeko.

        Beno, zer zen ba delako euskal taldetxo hori? Galdera honi berehala ematen dio erantzuna, oso gogoan ditu kontu haiek, gaur gertatu balira bezalaxe, eta borborka eta jario beroan jaulkitzen zaizkio hitzak: «euskal akademia geuk sortu genian. Junioradoan gogor ikasten genitian Virgilio eta Horazio eta; grekoak berriz, Homero-eta; orduan, ba, alde batetik horiek, eta horiez gain hizkuntza modernoetako autore klasikoak ere euskarara itzultzeko asmo sendoa hartu genian, eta bestetik geure burua euskaraz ondo prestatzekoa. Lehengo sermolariek eta, egundoko astakeriak esaten zitiztean euskaraz, ume-umetan sartu ikastetxeetan, pasa ez dakit zenbat urte euskara entzun ere egin gabe, eta etxeko euskara atzenduarekin gero euskaraz sermoiak ematera bidaltzen zitiztean; nola egingo zitean ba ondo euskaraz?».

        Aita Bianchi errektorea akademiaren aldekoa al zen galdetzen diot, eta irribarrez, «ez dakik asko» adieraziz bezala, «hori harkaitza zuan, horren kontra egin behar genian gogor zerbait lortuko bagenuen». Joan horrengana eta: «Padre: nosotros tenemos que prepararnos bien para que el día de mañana podamos predicar en euskera, y pedimos que las ternas se formen entre vascos para que podamos hablar euskera entre nosotros». Gogoz kontra ematen zuen baimena. Poliki-poliki euskararekin maiteminduriko taldeak gauzak lortzen zituen, baina ez tirabirarik gabe.

        Aita Bianchi erregezalea zen, Alfonso XIII.aren zalea; honek badakizue zer esan zuen Oñatin Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarrean, ama hizkuntza gordetzeko baina guztien gainetik gaztelania ikasteko. Erregearen ahaide egiten zen Segurako Lardizabal, Jesusen Biotzaren Deya aldizkaria sortu zuena 1917an; Orixeri, eta ahotan ditugun juniorrei, besteak beste, idazteko plaza eskaini ziena gerra aurrean. Aldizkari hau dela eta, kexu zen erregea bere familian ere eusko nazionalismoaren gaitza hedatua zelako. Burgosa bidali zuen ahaidea, euskal kutsuz garbitzeko. Erregeak nahiz jesuitek, onenean ere, egoera diglosikoa opa zioten euskarari: herritar elebakarren katekesirako, gainerakoan gaztelania.

        Aita Bianchirekikoak asko zirikatu gabe kontatzen dizkit. Lehenik, Espainiako bandera Loiolako kupula aurretik kentzearena. Jaiki aulkitik, eta ikusmenean dugun kupula seinalatuz, bandera non ezarri ohi zuten adierazten dit, ospakizun erlijiosoren bat aitzakia zela: «Jarri ditek bailarako umeen lehen jaunartzea zela eta bandera handia kupula aurrean, tokirik deigarrienean. Igo gaituk gauez Andima eta biok eskailera estu batzuetatik kupulara, kendu bandera eta sartu diagu harako trastelekuan. Goizean, gorri-gorri errektorea, banderarekin zer jazo zen galdezka».

        Bigarrenik, Urolako trenaren irekierakoa kontatzen dit, Espainiako errege Alfonso XIII.a Loiolako geltokian geratu zenekoa (1926). «Gelara abisua, Alfonso XIII.aren etorrera zela eta, geltokira joan beharra genuela "biba" batzuk botatzera. Ezagutzen genuenez geltokiko morroia (izen eta abizen esaten dit: Errekartetxoko Bernardo Iriarte; geltoki burua, berriz, Maximo Antoñana) jakin genian zer "biba" ziren. Joan gaituk, etorri duk trena, eta trenaren zarataz ia entzun ere egin ez ziren "bibak" bota zitian Errekartetxok: Viva la Diputación, Viva el General Primo de Rivera, Viva Alfonso XIII, Viva el tren del Urola. Guk mantsoagatik alde egin genian jesuita-etxera, eta bagindoazela gure errektorearen "bibak" entzuten genitian "biba Alfonso XIII"ka».

        Lizardik idatzitako hura datorkit burura, hots, monarkiazaletasuna erlijiozaletasunarekin berdintzen zela, eta euskal nazionalismoa politikarekin.

        Aita Bianchi ez da erabat ezezaguna euskal kulturan, Orixeren auzian jokatu zuen paperagatik. Orixek 1916-17 urte giltzarrian errektore izan zuen, Comillaseko Unibertsitate Pontifizioan Maisutzako hirugarren urtea egiten ari zela, eta ostera Oña-n 1920-22 urteetan Teologiako ikasle garaian. Orixeren beraren begietan Aita Bianchi aita izpiritual baino gehiago politikoa zen, nahiz Oña-n euskal akademia sortzean bera izendatu buru, eta hori zela kausa tratu maitakor itxurakoa erakutsi. Zuria irizten zion, sineste ematen zien berataz Comillasen zenbait jesuita euskaldunek agertu kexuei, hark etxerako gutunak euskaraz egiten uzten ez ziela eta. Orixeren ustetan, zerikusia izan zuen hainbeste sofrikario jasanarazi zion auzian, hots, jesuitetatiko kanporatze auzian, eta ez onerako. Iritzi honetakoa zen: Erromara zer bidali, huraxe itzultzen dela atzera berriz; susmo zuen Aita Bianchik ez zuela ezer onik igorri.

        Patxi Altuna jesuita euskaltzainak agintarien gutunak miatuz eman dizkigun argitasunen arabera, begiratu batera, Aita Bianchik ez zuen axolazko eginkizunik burutu delako Orixeren auzian. Astiroago eta bertagotixe behatuz gero, Orixeren beraren susmoak ez dira suntsitzen; esango nuke alde-aldera sendotzenago direla. Euskaltzainaren argitasunen arabera, aiputan duguna bera izan zen Orixeren buru-eritasunaren diagnosia egin zuena, ez dakigu zuzen zein jokaera zehatzetan oinarrituz: apaizgai bihurri samarren bati zigor gogortxoa jarri ote zion, Jesusen Biotzaren Deya aldizkarian argitaratzeko baimena ez ote zuen berritu, bere borondatez landako suminaldiak izaten ote zituen. Kontua da Aita Bianchik egindako txosten horren indarrez 6 urtez luzatu zitzaiola Maisutza aldia Orixeri, eta honek zinez sumindurik, eta izaera itzela erakutsiz, Aita Probintzial, Aita Jeneral eta Erromako Kongregazio Sakratura jo ondotik, ostera Aita Bianchiren txostena Erromara joan zela, 1916-17 urteko txostenaren kopia, besteren batekin batean. Eta hortik datorrela, ibili-ibili eginda, Orixeren haizatzea.

        Iñaki Goenagaren eskarmentuari jarraituz, gorago adierazi bezala, harkaitza zen Aita Bianchi, arerioa, oztopo euskalgintzan aurrera egiteko. Erlijioso arteko harremanetatik haratago, esan liteke monarkia espainiarra eta jesuiten erakundea hertsiki loturik zeudela urteotan; jai erlijiosoak bandera espainolpean egitea eta erregea goraka errezibitu beharreko jarrera setatsuak diogunaren agergarri nabarmenak dira. Gehitu honi jesuiten zorioneko mendetasun santua, eta horratx azpikotasun hertsia.

        Hiru botoetarik mendetasun santuaren horrexek sortzen zion buruhausterik gehien gure solaskideari. «Nagusiak esaten badik pareta txuria beltza dela, hik esan behar duk beltza dela; baina pareta txuria nola izango duk ba beltza?». 1936ko gerra ondoan, Aita Jenerala Francoren alde atera ostean, Loiolan euskararekin maitemindurik zeudenetako batzuek amore emango dute, mendetasun santuaren izenean eman ere.

        Sarobe talde horretakoa zen, euskara gogotik lantzen aritua Loiolan eta harrezkero ere bai gerra bitartean. Gerra ondoan arbuiagarri eta alfertzat joko ditu lurreko aberriaren alde emandako orduak: «Pero por falta de humildad y de mortificación no entendí los engaños del demonio, el cual ordinariamente tienta a los religiosos so especie de bien. Y bajo la especie del bien sobrenatural de nuestro pueblo me indujo a preocuparme de las cosas terrenas de la patria terrena. Estas pobres patrias terrenas, mezcla confusa y escalofriante de vanidades y pecados, de vicios y virtudes, que necesariamente tienen que desaparecer! ¡Cuánto tiempo perdido! ¡Ojalá que en vez de haberme ocupado en trabajos y cosas deleznables al margen de la obediencia, hubiera estado barriendo los tránsitos y cuartos del convento por amor de Dios! (Tudela 5-III-1950)». Errepara obedientziatik kanpoko lanetan aritze horretan; ez du onetsiko bere euskal idatziak Euzko Gogoa-n argitaratzea, Nagusien baimenik gabe. Erantzuki egingo die ikaskide ohiei, adieraziz hobe zuketela Jainkoa zerbitzatu ezen ez euskara. Beste taldekide bat gerraondoan Iruñean suertatu zen; Korta anaietako bat, eta honek ere mendetasun santuaren izenean ez zuen jasotzen Jokin Zaitegik bidalitako Euzko Gogoa aldizkaria. Besteak beste, euskararen lanketan jesuita garaian gogaide izandako batzuen zaputz mingarria jasan beharko dute Andimak eta Zaitegik eta.

        Euskal Akademiaren jardunera eta lan egoerara itzuliz: «Besteak pikatxoi eta palekin bide espainiarrak irekitzen ari zituan, horretarako prestatzen; gu, berriz, bide euskaldunak urratzeko». Euskal kontzientzia sortze garaian, Ami vasco liburuak axola handia izan zuen. Badirudi Andimaren amak sartu zuela Loiolan, eta hau eskutik eskura ibili zen euskal akademiakoen artean. Uzten zitzaien astean behin euskara lantzen, baina hori zer zen bada, euren aberri hizkuntzatzat euskara zutenentzat. Gaztelania «accurate», grina handiz ikasi behar zuten, aberri hizkuntza zelako jesuitentzat; euskara, aldiz, astean behin eta euskarazko predikazioari begira. Buelta eman nahi zioten honi euskal akademiakoek. Horretarako, autore greko-latinoak euskaratzeko eta, lanarteei orduak kendu behar, gaueko loari, eta arratsaldeetako lo-kuluxkari.

        Neke eta sakrifiziozko sutegian goritutako salda du Andimak euskara eta honetan oinarrituriko abertzaletasuna. Nahigabeak, etsialdiak, antzualdiak gorabehera, salda bero horrek mugitzen du eta mugiarazten ditu inguruko asko. Jon Mirandek ziotson Jose Antonio Agirre eta kidekoen kontzientzia ona zirela eurak biak, euskararen zuzia pizturik atxikitzen zutenak; Andima bat zetorkion, noski, baina beti prest halere euskal sutegiari egur nekezkoa egozteko.

        Haize indartsua baretuxe dugu, eskerrak eguraldia lagun izan dugun! Iñaki Goenagak, gorago aipatu bezala, Gilen Tell Schiller-en drama historikoa euskaratu zuen Loiolan; gaurko egunean horren alerik ere ez du etxean. «Zer indar duen ideia batek, maitasun batek. Gu orduan oso erradikalak gintuan; errektoreari esaten genioan erdaraz ez zekitenen artean ebanjelioa zabaltzeko, sermoiak egiteko, konfesioak entzuteko-eta behar genuela euskara landu, baina gure grina eta nahia beste maila batekoak zituan». Jokin Zaitegi, Andima Ibiñagabeitia, Argarate, Sarobe, Patxi Korta aipatzen ditu.

        Andima Ibiñagabeitiak euskara landu zuen Loiolan, Oñan, Marneffen. Jesusen Biotzaren Deya-n zertxobait argitara zuen. «Landareetaz atsapenak» Euzko Gogoa-n argitara emana jesuita garaian idatzi zuen. Baina gorago esan bezala, beste lanetarako, derrigorrezko lanetarako astia ostuz bezala aritu behar zutelako; artean lan itxurazkoak sortzeko euskaraz gairik ez zegoelako: maisuak, irakasleak, kultur tradizioa hutsune eta gabeziaz josia, euskal kulturaren egoera itoa zelako, gaztelania zerbitzatu beharrak itoa mugaz alde honetan; kontua da ez zuela gauza handirik ondu. Lanerako izandako desegokitasunak kontuan hartuz gero handia, bestela obra urria utzi digu Andimak, eta utzi diguna gerraondoan burutua.

        Hala ere, gogoratu beharra dago: ametsak, amets urdinak Loiolan egin zituzten; nagusia, inoizkoren batean euskal unibertsitatea sortzeko gaiak prestatuz joatearena. Eta amets urdinok hits ez zitezen lankiderik gogotsuenak eta jarraikienak, gerra ondoko urte ito-etsiak, gartsuena ere izozteko modukoak gainditzeko kemena eta adore itzela izan zutenak, batez ere Jokin Zaitegi eta Andima Ibiñagabeitia izan ziren. Argaratek, Sarobek, Andimak eta Zaitegik jesuita garaian egindako zenbait lan 1950etik aurrera Euzko Gogoa-n aterako ziren —Saroberen borondatearen kontra.

        «Guk Oñara filosofia egitera joan ginenean beste Bianchi bat harrapatu bagenu, atera egingo gintuan. Eskerrak Oñan Andimaren osaba izan genuen errektore; honek lagundu egiten ziguan Euskal Akademiako kontuetan eta». Oñakoa bukatutakoan bi aukera zituzten, Madrilera soldadutza egitera joan ala bidaltzen zituzten tokira Maisutza egitera, gehienetan Hego Amerikara. «Zer aukeratuko genian ba? Garbi geneukaan», Iñaki Caracasera eta Andima Kolonbiara bidali zituzten. Lehenbiziko aldiz askatasun gehixeago dastatu, etxetik kanpo-eta gehiago ateratzeko aukera baitzuten, bateko futbola zela besteko beste zerbait. Andima, lehenbizi, Bogotako San Bartolomé ikastetxean aritu zen urtebetez, eta handik Bucaramangara jo zuen edo bidali zuten 1930ean batxilergoko ikastetxe batera. Han Etika, Psikologia, Historia Naturala, eta Musika irakasten zuen. Diziplinako Prefektoari lagundu ere bai. Historia Naturaleko museoan zaindari lanak ere egin zituen, harik eta Teologia egitera Belgikako Marneffera joan zen arte.

        Hiru urte igarota 1933an Belgikako Marneffen bildu ziren Iñaki eta Andima, Teologia egiteko. Andimak Teologiari lizentziatura lortzeko aukeraz ekin zion —ez dut Andimaren notarik eskuratzerik izan, baina berori dago esaten Oñan Filosofian itxurazkoak atera zituela—, baina lehenbiziko urtean porrot egin zuen, eta gainerako bi urteak, 1935eko apirilean, Aste Santu inguruan jesuitetatik atera zen arte, mintegi gisa egin zituen ikastarook. Iñaki lehenago atera zen, Teologiako bigarren urteari ekiteko zegoela.

        Irteera hori nola jazo zen jakiteko azkura dut. Gogoan iltzatua du: «Nik ikusten nian zer lanak egin beharko nituen apaizturik, eta neure burua ez nian horretarako gai ikusten. Urteak aurrera, gero eta apaiz eginago, moztu beharra nian». Aita Agirrezeziaga zuten errektore Marneffen. Eta honi eskatu beharra zion irten egin nahi zuela: «Pero, Iñaki, si usted tiene don de gentes y un gran corazón, daría mucha gloria a Dios sirviéndole como Padre jesuita. Esas son tentaciones del diablo». Hortik ez jotzeko esan zion Iñakik, berak bazekiela zer nahi zuen, eta alfer-alferrik ari zitzaiola, ez zuela beretik aldaraziko. Horretarako, aurrez esana zion anaia Joxeri ama eta aita prestatzeko albiste txarrerako. Ez al zen euskalduna Aita Agirrezeziaga galdetzen diot, eta diost lehengo aita horiek, euskara jakinagatik, ez zutela aintzat hartzen, erdaraz aritzen zirela. Hala atera zen, eta handik laster Aitzolek deitu zion kazetari gisa lan egiteko.

        Azken bi galdera luzatzen dizkiot, ea zer kenduko zukeen berak ezaguturiko jesuitatzatik, eta ea, ikusi behar izan dituenak ikusirik, Jainkoaren fedean artesirik sumatu duen. Nobizioen maisu zen Aita Garmendiaren bekoskoa, aszetismo gehiegizkoa, proba gogorregiak, eskeko hilabetea, ospitalekoa kenduko zituzkeen. Ez du uste orain horrelako laztasunik izango dutenik jesuitek. Jainkoaren fedean ez du arrakalarik sumatu: «Tximuak nola sortuko dik bera baino gorago dagoen zerbait, hori ezinezkoa duk».

        Andimaren irteera nola gertatu ote zen? Honela idazten zion Jokin Zaitegiri:

 

        «Zaitegi maite: Orra eman zenidan idaztiñoa, irizgarri, nere zoritxarraren berri iakiteke. Biotza dardaraz, ta begiak iturri, berriz ere zuri uzten dizut. Idazkortzak ezin dio nere gogoari men egin. Agur Zaitegi, adiskide maite, ta agur ere zuk ain trebeki zuzentzen dezun Elerti bazkuneko guziei. Biotz aratoletan irarrita zaramazkit, iñoiz ere ez zuetzaz ânzteko. Etzazula âztu ainbat urtetan lagun izan zaizun errukarri au. Otoi eta gero arte. Zure Josu baitan.

        Pazkuz 1.935gko Jorrailak 21

Andimak»

 

        Zaitegik Andimari utzi zion idaztiñoa, iritzia eman ziezaion, Argaratek Orixeren Mireioz egindako lantxo bat zen. Gutunak salatzen duenez, Jokin Zaitegi zen Marneffeko Elerti Bazkuneko burua. Andimarengan konfiantza handia zuen, Argarateren lana irizteko utzi zionez gero. Badakigu Jokin Zaitegi harremanetan zela Aitzol, Lizardi eta Orixerekin, Euskadin goraldian zen euskal kultur pizkundearekin alegia.

        Caracasen azken urteetan berarekin bizitako ilobak adierazten zidan Orixe, Zaitegi eta Andima bera ere euskara eta Lagundia bateraezinak zirelako aurkitu zirela atera beharrean. Nik adinaxe dakizu irakurle Andimaren jesuitetatik ateratzeko aferaz.

        Itzalez inguratua utzi dugu Loiolako santutegia, kanpotik handiosa bezain jesuitez hustuxe barrutik, Andimaren bizimodua hainbeste markatu zuen egoitza.

 

        2. ESPIOITZAN

        Jesuita sotana 1935ean erantzi zuen. Hortik aurrera, harik eta 1947an Parisera ihes egin zuen bitartean zertan aritu zen ez dut uste ezaguna denik eta garrantzia badu dudarik gabe.

        Marneffetik Deustura egin zuen eta hemen «Explosivos Ríotinto» enpresan aurkitu zuen lana. 1936ko urte hasieran Portugalgo Trafariara bidali zuen enpresak, dinamita lantegira. Jakina, han ari zen Francok eta kidekoek gerra piztu zutenean. Ohar nola aditzen eta batez ere nola sentitzen zituen gorabeherok Zaitegirentzako gutunean:

 

        «Azpaldion zuri idazteko zirikadarik asko nabaitu izan ditut nere baitan. Ez nekian, ordea, nora yo. Gaur, zuzen ezpada zear bederik, nere agur ta gorantzik, zurera eldu-aziko ditudala deritzat. Biotz onez yasoko al duzu antxiñako lagun onen idazki negarti au!

        Biotza erdiraturik daukat guda ankerraren burrunba nere belarrietaratu zan ezgeroztik. Poz-biderik ez dut, nereen berririk baterez. Emengo izparkarietan berri zenbait irakur izan ditut, baña berriok naigabea areagotzen didate. Gutarrak bortxaz ezker gorriekin bat dabiltzalakoan naukazu. Gixaxoak! Alaz ere, nere biotzak eurekiko gorrotorik ezin du sortu. Odoletiko asmo batez lan egin dugu, gaur gorriekin naas dabiltzan arren. Zuriek ere, ez ote dira gero bide okertze onen errudun? Yauna dago guzien gañetik bereizgarri. Arek bereziko ditu egunen baten ardi ta aker.

        Uin itzal onek nere naikaririk gurenenak porrokatu ta itoko ditulakoan naukazu, gaztaroko amesik xotilenak. Amaikatxu bizitz-lore ebakiak, amaikatxu zauri-gorri idikiak! Alaz ere, etsi bear ote dugu?

        Aitzol euskotar bikaña, gudari zuriak arrapatu ta erail zutelazkoa emengo izparringiek ekarri zuten. Ele maitea baltzez daukagu, amona xarra baratzean ito-ertz! Zori-txarrak olerkariak abestu baratzaren antzalda eragotziko ote du?

        Gauzok idazterakoan itxu-mustuan nabilkizu. Bear ba da, zu ni baño berri yakingarriagoen yabe izango zera. Baña nik nere antxiñako lagunen berriak yakin nai ditut, Irure, Sarobe, Muxika, Zubi, Sagastume t.a., enoakizu beste izenik yartzen bestela...

        Erantzun egidazu, arren au yasotzerakoan nere biotzari poz-poxi bat bederik, ekarriko diozu-ta.

        Otoi Yaunari pekatari onen alde. Zure beti ere.

        Olerkirik ez ote zenidake bidaliko?

Trafaria, 1936-11-10»

 

        Azkenean ere, irrikaz itxaroten zuen erantzuna jaso zuen. Ondotik honela bihurtzen zion gutuna:

 

        «Zure eskutitz ederra oraintxe doi-doi yaso dizut. Ura bai nire poza zure izkiaren zirri-borroak azalean asmatzerakoan! Artega ninduzun nundik nora ibili-zenbiltzen yakiteke. Orra, azkenik, zure txinta gozoa nundik datorkidan. Eskerrak otarka antxiñako lagun onetzaz izan duzun oroitza gatik.

        Ba duzu poz-biderik zere burua erbestean ikusiki. Aberria'ren egoera negargarriak gure biotzok larritu ta erdiratu besterik ezin ditzake. Azken aldiotan aberriratzeko eretirik izan dut, baña nik adorerik ez arbasoen lurrean arrotz bizitzeko. Gañera, etsai odol-gorriaren egarria ez da oraindik ase ta iñongo okerkeri ta gaiztakeri-gintzan diardu. Elkar-maitasuna omen da kistarren ezaugarri; beraz patxizta-karlatar ergelok abelgorri uts dituzu, maitasun izpirik ayen artean ageri ezpaita.

        Nere anaikotxa Begoña'n baitegian dago, eta zazpi iloba, iru neskato ta lau mutiko, England'en. Maiz yasotzen ditut ilobaen idazkiak...

        Ni ere, zu bezela, erbestean pozik naukazu. Yaunarekiko ezker-bide ba dut noski, suleize artatik garaiz atera nindulako. Ez ninduzun orrenbesteko errukiren gai, baña Berak bakarrik daki toki eskier ontara zergatik aldatu nindun...

        Etorkizunari buruz ni ere ez nauzu baikor. Alan da be, zuen otoi bero ta ainbeste euskotar zintzoen odol-oyuak zerbait ba dezakela deritzat.

        Neretzat gogorren euzkel izparringi ta idazti gabe bizi bearra zait. Emen ezin iñolaz ere euzkel egarririk bardindu, zoritxarrez lurraldeon euskaldunik bat ere ageri ezpaita. Beti izkuntz arrotzez ari nauzu, pantzeraz eta portugaleraz...

        Estefania Aba'ri nere goraintziak emaizkiozu, arren.

Trafarian, 1938-4-2»

 

        Espainiako guda bukatzear zela, ostera idatzi zion Jokin Zaitegiri. Artean ez zuen adorerik etsaien mendeko aberrira itzultzeko. Goian zegokeen Begidunaren eskua zekusan delako euskotarren aberritik urruntze eta barreiatzeko kontuan. Ohar lerrooi:

 

        «Zuek errukarriok, urrutietara aldendu ziñusten, orretarako esku duenak, zuk ederki diozunez. Zure aberri maitearen, gure euskera zoragarriaren etorkizun ta itxaropen ziñatenok esku-begidunak, idazteun ariora zuk bezala, barreyatu ziñuzten. Ez ote zaituez iñoiz gure aberri ta elearen onerako bilduko? Etsi bear ote dugu? Ez dut uste; geure Euskadi maiteak Jaunaren aitzinean orrenbesteko ["zerakuntzarik ibazi" irakurri uste dut] ez paidu. Gauden beti ere ustetsu ainbeste ziñopa [2] on ta errukarrien odolak oyu gogor dagin bitartean».

 

        Gutun berean Trafariatik alde egin eta San Salvadorren lekurik izan zezakeen aditzera ematen zion:

 

        «Emengo aizeak astunegi biurtzen ari zaizkit, ez ote neuke lurralde ortan aire bigun eta atseginagoak artzeko tokirik? lan eginaz noski. Baldin ba duzu, esaidazu gaur egunean euskotarrok ezpaidakigu nora aldatzekoak [ez da irakurtzen] ote geran; patxisten amorrua erbesteraño eltzen baita.

(1939-3-16)».

 

        Itxuren arabera, aberri maitale sutsu den jesuita batek beste euskal jesuita aberri maitale bati eginiko gutunak dira; historiaren interpretazio probidentziazkoari, abertzaletasun probidentziazkoari xuxen jarraitzen diotenak. Ez dirudi, gutunak nori zuzentzen zizkion kontuan ez hartzera, gogoz jesuita izateari utzi zionik sotana eranztetik lau urtetara. Antzeko burubide eta sinesteek eraman zuten Sarobe nafarra, gorago aipatu bezala, ikasketa garaian gogaide eta lankide izan zutena, iraganeko lanez damutu eta Francoren erregimenaren kontra zirkinik ez egitera; funtsean, Jainkoaren borondate santutzat harturik Francoren Altxamendua.

        Oso bestetara eraman zuen, ordea, Andima. Beste zenbait isuri eta mundu-ikuskera laikoagoez oratu zuen gogoa eta ez dakit isuri erlijioso tradizionalari ala laikoari diogun gehiago zor, baina axola digunerako kontua da askotariko printza horiei esker dugula euskaldunok abagunea euskal idazle bat dastatzeko.

        Idazgintzari lotu aurretik, baina, bestelako lantegietan aritu zen. Kontu ziurra dena da Espainiako gerra amaitu eta urte gutxira —gutxi baina astunak, bigarren mundu gerraren aldikoak— Jose Antonio Agirreren gonbitari, 1942-43an inguruan, Andimak baiezko irmoa bezain deliberatua eman ziola. Informazio biltzen, espioitza lanean arituko zen Eusko Jaurlaritzaren agindura. Utzi Trafaria eta Deustura itzuli zen 1943 inguruan. Noiz eta artean Hego Euskadin errepresio bortitza eta fusilamenduak, gosea eta jaki eskasia gaitza zirenean nagusi. Erabakiaren gogorra eta ideia nahiz amets urdinekiko leialtasunaren indar eskerga!

        Bilboren bihotzean, Arenal deitu alderditik ber-bertan, bulegoekiko etxe goran egiten zuen lan Anton Zugadirekin batean, eta Estatu Batuetako Kontsuletxetik jasotzen zuten dirusaria.

        Zer informazio biltzen zuten? Francoren kontrako ekintzen berriak bezala militar arloko informazioa jasotzen zuten, itzal eta eragin handiko gizon-emakumeei buruzko berriak bezala monarkikoen mugimenduak. Batez ere, azken honetan berezitu zen Andima. Garai honetan monarkikoen artean axola handienekoak izan ziren Albako dukearekin eta Marañon sendagilearekin solasaldiak izan zituen, aztertzeko ea hauek prest zeuden errepublikanoekin bat egiteko Franco eraistearren.

        Sarri joaten ziren Madrilera eta Bartzelonara —Andimak berak dio gutun batean Madrilen bi urtez bizi izan zela. Ingurukoek diote bidaiak bai, baina bizi ez.

Ez dut egiaztatzerik izan—, hango informazio sareekin albiste jakingarriak trukatu eta ekintzak bateratze aldera. Zugadi eta biak Bartzelonara joan ziren batean, portuan ainguraturik zeuden itsas armadako ofizial batzuen ondoan afaltzea suertatu zitzaien. Hauek ausarki egin zuten jan eta edan, eta ordaintzerakoan ez zuten nonbait dirurik aski; orduan, Anton Zugadik, amultsuki, aurreratu egin zien. Mesedearen ordainetan euren itsasontzira gonbidatu zituzten afaltzera. Elkarrekin afaldu, eta han lortutako argitasunak nagusiei helarazi zizkieten. Nagusia Pepe Mitxelena zuten. Honi ez ezik Eusko Jaurlaritzan zeuden sozialista eta komunistei ere helarazten zizkieten bildutako berriak.

        Bidaiak, ustegabeko harat-honatak. Behin dena odoldurik etorri zen etxera, eta Lore ilobari eskatu zion sendaketa egin ziezaion. Osabak ez zion zer jazo zitzaion kontatu, eta ezta hainbeste maite eta miresten zuen ilobak esanarazi ere. Berekin eraman dituen misterioetako bat.

        Anton Zugadik esatera, Andima espioi ona zen. Zuhurra, barru handikoa, eta bildutako informazioa balioztatzen ona. Hierarkian gorago zeudenen mendeko lotu eta ekimenik gabea baino gehiago informazio-iturri bila libre samar ibiltzea hobeki zegokiona nola izaeraz hala agintariek emandako eskuaz baliatuz.

        1947ko martxoaren hamabosteko eguerdian poliziak joan zitzaizkion etxera Andimari. Ez bat edo bi: sail handia, 45 diote bere ilobek; sofa guztiak urratu, eta ama Bibliaren gainean zin egitera behartu, semea ez zela etxean. Eskerrak etxe honek lau alde zituen, eta inguruan baratzeak. Atzeko aldetik, horma pasa eta ihes egin zuen. Laster idatzi zien Andimak Paristik Deustuko ilobei Bachen fuga jo eta arrakasta izan zuela adieraziz. Anton Zugadik ez du zalantzarik, etsi-etsirik dago komunistek salatu zituztela; izan ere, hauek ezin eramanik ziren nazionalistak hartzen ari ziren garrantziagatik. Lehendik ere Andima bere hezierak eraginik komunisten lagun baino gehiago etsai bazen, lehenaz gain beste zio pisuzko bat gehiago komunistenganako etsaigoa areagotzeko.

        Pariseraturik Quentin Boucharten Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu-etxean hartu zuen ostatu, eta huraxe izango zuen lantoki urte batzuen buruan. Baina informazioa biltzetik ezari-ezarian atzeratu egin zen, edo hainbat zertzeladak —nazioarteko politikaren aldaketak eta gainerako abertzaleekiko ezadostasunek eta— atzerarazi eta geroz gehiago euskalgintzara lerratu zen, batez ere, Jokin Zaitegik Guatemalan Euzko Gogoa-ren zuzia jaso zuenez geroztik.

 

        3. INGURUNE ABERTZALEA

        Gerraurrekora mugatuko gara. Gerraondokoaren berri hobekien berak emango digu, liburu honetan irakurgarri ditugun artikuluen bitartez. Bizi izan zuen abertzale ingururako axola handienekoak bere familia, jaioterria eta Sabino Aranaren eragina dira.

        Andima 1906an jaio zen eta gurasoek Andima Sabin izenak ezarri zizkioten. Garai hartan semeari izen horiek ipintzea ez zen batere arrunta. Bataio-agirian jartzen du «por exigencia de sus padres» ipini zizkiotela direlako izenak. Andima, Sabin Aranak 1897an argitara zuen Egutegi Bizkaitarra izendegian agertzen den izena da: erdal Antimoren euskal ordaina, eta Sabinez ez dago zeresanik. Gurasoak, Andimaren hurrengo eta azken senideari errejistroan izena jartzera joan zirenean, Patxika izena jarri nahi izan zioten, baina Francisca izena jartzera behartu zituzten; eta orduan, gurasoek Francisca Esclava jarri zioten, espainiarrekiko morrontza izenean bertan ezarriz, eta aldi berean salatuz. Pasadizo hauek berauek daude esaten zer ideiatakoak ziren gurasoak, eta zer izaera zuten.

        Aita, Galo Ibiñagabeitia, gozogilea zuen lanbidez, eta familiak janari-denda zuen elizatik ber-bertan zegoen etxe azpian. Behean janari-denda eta gora hiru etxebizitzako eraikina zen, eta eurena zuten. Baina denda horrek eta etxe horrek baino fama gehiago kantuak eman zion Galori. Oso ahots ona zuen eta Busturialdean kantari ereiten zuen abertzaletasuna. Gorgonio Renteria merkatari ontziko kapitain famatuarekin, Kepa Enbeita «Urretxindorra» bertsolari jeltzale sonatuarekin, azken hau abertzaletu zuen Jon Arrospide medikuarekin-eta, mitin nazionalistetan ibili ohi zen Gernika eta inguruetan. Berak ez zuen berba egiten, ez zen hizlaria; zuen ahots ederraz baliatzen zen. Inoiz Gernikan hamar bat mila lagunen aurrean kantatu izan zituen abesti aberkoiak jendea hunkiaraziz.

        Behin Elantxobeko maisu erdaldunak mesedea eskatu zion, bera kanpoan zen artean eskola-umeei kontu hartzeko. Honek bide batez bi mandatu egin zituen: umeak jagon eta asper ez zitezen Evangelista de Ibero kaputxinoaren Ami vasco izeneko katixima nazionalista irakatsi. Ez dakigu pedagogo trebea ala traketsa zen, baina ziur maitasunez irakatsi ziela.

        Mesedeak esker txarra jaso zuen. Herriko maisuari batere graziarik egin ez ziolako edota umeren batzuen gurasoei batere atsegin izan ez zitzaielako; kontua da, Gernikako espetxean giltzaperatu zutela. Adierazgarria da Galo Ibiñagabeitiaren abertzaletasunaren nolakotasunaz jabetzeko —jakina, ez da pertsona batena soilik— zer adierazi zion «De la Higuera» zeritzon Gernikako epaileari:

        «Enaz ni neure egilea. Jaungoikoak ein nenduen euskotarra, ludiko beste endatakoak ein zituen antzera, geure izkuntza, abesti, dantza, eskubide eta oitura ezbardiñakin eta egi eder onek eusko umetxueri irakastiagaitik, ene JAUNGOIKOAK eta geure asaban ganako maitetasuna irakastiagaitik, errudun banaz, emen naukazue zeuren menpian, bada nik ezin ditudaz ukatu, ez»[4].

        Biriketako gaitzak jo zuen espetxean, tuberkulosiak, eta handik laster hil zen, 1909an. Hiru urte baino ez zituen Andimak aitaz zurtz geratu zenean.

        Baina abertzaletasuna ez al da bada Euskal Herrian nagusiki amaren aldetik ereiten eta kutsatzen? Hiru urtetan galdu zuen aita. Nor zuen ama?

        Eufemia Idoiaga zeritzan eta Ibarrangeluko baserri batekoa zen. Nahiko lan izango zuen gajoak, 27 urtetan alargundurik, eta artean oso umeak ziren bost seme-alabarekin, aurrera egiten. Emakume elizkoia, buru-argia, batere gajoa ez, eta euskaltzale-jeltzalea izan behar zuen hain segur. Ez dut baieztatzerik izan, baina segur aski bera izango zen hainbesteko eragina izango zuen Ami vasco liburuxka Loiolako jesuita etxean sartu zuena. Andima semeari gutunak beti euskaraz idazten zizkion. Kontu egin 188lean jaiotakoa zela. Aitaren gorabeheren berri ere segurki berak emango zion.

        Hala ere Andimak, jakina datekeenez, lozorroan zuen abertzaletasunaren bat-bateko piztuera Loiolan kokatzen zuen, Jokin Zaitegi eta besteren batekin —hirunaka ibiltzen ziren— jesuitagaiek astean bitan edo egin ohi zituzten irteeretako batean. Igo ziren inguruko mendixka batera, irakurri zuten Andimaren aitaren espetxeratzea eragin zuen Ami vasco aipatua, eta hil artean itzaliko ez zitzaien txinpartak sutu zituen Jokin Zaitegi bezala Andima sorterriaganako grinaren garretan. Gorago aipatu amets urdinak egin zituzten, eta euskal akademiaren, hots, Elerti Bazkunaren eragile nagusi geratu ziren Loiolako aldian.

        Lau alaba eta semea izan zituzten Galok eta Eufemiak. Andima azken aurrena zen. Bada, bi gazteenak bideratu zituen ama alargunak erlijio bizitzara, Andima jesuitetara, eta Patxika (Francisca Esclava) gazteena moja, Urduñara. Hari honetatik esan behar da Andimaren osaba bat, Matias Ibiñagabeitia, Deustuko jesuiten errektore izan zela birritan, eta Oñako jesuita-etxekoa ere bai. Hala zen Andima Oñan Filosofia ikasten aritu zen bitartean. Osaba honek zerikusirik izango zuen, Andima jesuitetara bideratze kontuan. Bestalde, Elantxoben, ohikoa asko esatea izango da, baina behin baino gehiagotan gertatua izan behar zuen, alargundutako amek umea edo umeak erlijioso bizitzara bideratzea. Esate baterako, Aita Manuel Arriandiaga elantxobetar klaretarra, euskal letretan batez ere garbizaletasunagatik aipatua, alargun-semea zen.

        Famili maitea izan zen Andima, eta harreman estuak izan zituen ama nahiz senideekin, batez ere Hiltruda arreba ezkongearekin, gerraurrean Ekin aldizkarian herriko kronikak idazten zituenarekin.

        Familiatik Andimaren jaioterrira etorriz, Elantxobe, Ogoño mendiaren magalera bilduak dauden etxeek, San Nikolasi eskainitako elizak eta marinelei aterpe emateko eraiki portuak osatzen dute. Baina leku zabalena itsasoak hartzen du, baztergabeko itsaso miresgarriak, eguzkia ere, urte-sasoiaren arabera, irten eta sartu bertan egiten da ikusmira zoragarriak eratuz. Zer girotan bizi zen Elantxobe ederra mende hasieran, batez ere Andimaren inguruko giza Elantxobe?

        Gorago aipatu dugu bere aita Galok kantatu egiten zuela mitin nazionalistetan. Hizlari famatuenetako bat Gorgonio Renteria zen. Euskara hutsez egiten zituen hitzaldiak Gernika inguruan. Euskaltzale porrokatua bezain euskara-erabiltzaile fidela zen. Honek ere, beste elantxobetar askok bezala, itsasoko bidea hartu zuen. Kargaontziko kapitaina, hogei urte inguru eman zituen Filipinetan, eta bertan 1898an, espainol, filipinar abertzale eta amerikarren arteko gerratean eginkizun axolazkoa jokatzea suertatu zitzaion. Bere alaba Jule Renteriak adierazten zidanez, Filipina irlak euskaldunenak zirela esaten omen zuen, han misiolari euskaldun asko zegoelako. Egiten zuen lanak horretarako bide emanik —salerosgai garraioa uharterik uharte—, eta batez ere beti erakutsi zuen jokabide zuzen eta gizalegezkoagatik, batekoen eta bestekoen konfiantza bereganatzea lortu zuen. Gauzak nola diren, harreman hauei eta beste batzuei esker lortu zituen Jose Antonio Agirrek giltzak, bigarren mundu gerra garaian, amerikar agintarien ateak zabaltzeko, eta ondorioz zerbitzuak eta lankidetzak hitzartzeko.

        Jende askoren aurrean euskaraz ematen zituen mitin nazionalistetan honako metafora kontatzen zuen orduko kronikarien arabera: ur gainean dagoen edo dabilen kortxoari behera sakatzen bazaio ur azpira egingo du hasiera batean, baina beti ere gora aterako da baldin eta kortxoak kortxo irauten badu, hau da, kortxoa hondatzen eta alferrikaltzen ez deino; behin bere natura osasuntsua galduz gero urpean hondoratuko da. Halatsu Euskal Herria.

        Sabin Arana hil zenetik hogeita hamaikagarren urteurrena zela eta, Gorgonio Renteriak honako olerkia eskaini zion:

        «Erru gabeko aurra nintzala, / Josukistoren irudi aurrian / neure Aberrija España zala / ikasi neban ikastetxian. // Euzkera berba egiñagaitik / neure guraso eta anayakin / danen aurrian joten ninduban / irakasliak zigor-deungakin. // Eznekijan neuk Ama nebanik / neure Euzkadi menperatuba / eta zintzoro maitatzen neban / bere eraillien esku odolduba. // Nik enekijan euzkera zanik / geure izkuntza jatorrizkua / au ezetsita goraltzen neban / erdera lixun atzerrikua. // Nik enekijan euzko-semiak / danok giñanik endaz, anayak / Anayatzako artzen nebazan / erdeldun-seme geure etsayak. // (...) Aberrijaren ziñopa andi / eta gaizkalle aintzagarrija / Zuganuntz doya neure bijotza / zuretzat gaur da neure otoya» [5].

        Euzkadi aldizkari jeltzalean artikulu mordoska idatzi zuen Renteriak Espainiako II. Errepublika garaian, monarkiko espainolista eta sozialista ezkertiarren aurka, kristautasunean oinarritu nazionalismo euskaltzalearen alde. Euskadi Espainiaren kolonia zelako kontzientzia garbia zuen; Espainia nagusi anker eta bidegabetzat jotzen zuen —oroit eskarmentutik zetorkiola ikuspegi hau—, eta arerioei kontra egiteko euskotarren arteko batasunera dei egiten zuen:

        «Zegaitik esan ez Euzkadi gure aberrija España'ren jopu ta kolonija dana españarrak badira gure jaun ta jaube era gustietan? Ene anayak, kendu daiguzan begietatik lauso ta legenak eta argi ta garbi ikusiko dogu eurentzat dirana jaubetasun gustijak. Eurak dira Epalleak, eurak Jaurlarijak, eurak irakasleak, eurak gudari agintarijak, eurak jagoleak eta gu langilliek, eurentzat gure izerdija, eurentzat gure odola, eurentzat igalija eta guretzat alia. Eta erri orrek ez dau iñoz aintzat artu bestien eskubiderik, alperrik deadar egin zuzentasun ta eskubideari, alperrik eta alperrik bada, orain artekoak be dan-danak banandu dira eurak gandik indarrez. Gure aberrijak beste aberri danak legez Jaungoikoak emona dau eskubidea azke izateko lenago izan zan legez eta seme onak bagara ezin giñaike ikusi irenduak bagiña legez bere eriotza. (...) Aztu daiguzan ba gure arteko aserreak eta batu gaitean bein da betiko anai onak legez bada indartsuak eta asko dira gure arerijoak» [6].

        Andima mutiko zela, Gorgonio Elantxobeko alkate izan zen, Euzko Alderdi Jeltzaleko EBBko buru, eta gero Bizkaiko Aldundian diputatu nazionalista. Renteriatarren familiak eta Ibiñagabeitiatarrenak harreman usuak izan dituzte urte askotan.

        Oso azkar zabaldu zen nazionalismoa Elantxoben. Sabino Arana maiz etortzen zen Sukarrietara, eta halaber Elantxobera ere. Esaera egina izan behar zuen esatea, Euzko Alderdi Jeltzaleaz zerbait jakin nahi izatera, Elantxobeko botikan galdetu behar zela, han egiten zituztelako garai batean nazionalistek bilerak. Oroit zer bigarren izen jarri zioten Andimari, eta idazkariarekiko komeriak.

        Abertzaletasuna eta erlijioa oso loturik zeuden [7]. XX. mende hasiera hartan Elantxoben bost apaiz zeuden —egun bakarra dago inguruko hainbat herritarako— eta beste euskal herrietan bezala emakume gehientsuenak Mariaren Alabak ziren eta gizonezko gehientsuenak Luistarrak. Andimaren arreba Hiltruda ezkongeak Jaungoiko Zale Bazkunak Bilbon ateratzen zuen Ekin aldizkarian herriko kronikak idatzi zituen 1932-34 bitartean «lilierreka» izengoitipean. Badirudi artikulu guztiak ez zirela berak idatziak; batzuetan herriko apaizak idatzi eta gero «lilierreka»k sinatzen omen zituen. Arrantzaleen gorabeherak, euskara eta ohitura onak, elizak sortzen zituen berriak izaten zituen hizpide.

 

        [1] Biziki eskertzen diot Iñaki Goenagari emandako laguntza paregabea.

        [2] Zinopa: Martiria.

        [3] Argitasunok bi iturritatik bildu ditut: bata, Anton Zugadiri egindako elkarrizketatik; eta bestea, Bizkaiko Artean Sabino Arana Elkargoak duen Abertzaletasunaren Agiritegitik. Anton Zugadiri bezala Eduardo Jauregi agirizainari biziki eskertzen diet emandako laguntasuna..

        [4] Gorgonio Renteria: «Elantxobeko kronika» 1931-2-8 in Euzkadi, 4. or.

        [5] Errenteria´tar Gorgoni: «Sabin'ari» in Nación Vasca Buenos Aires, 1934-12

        [6] Perularra (Gorgonio Renteria): «Ez dogu astirik» in Euzkadi 1934-8-11.

        [7] Bertako Jule Renteriak adierazi didanez, Elantxoben aspalditik kantatu izan da honako ereserkia: IÑAKI DEUNAREN ERESERKIA: «Iñaki, Jainkoak bialdua / Ludian izatera / Josuren gudarien burua / Batzarrak, autu zindun / Euskotarren ZAIN DEUNTZAT / Zu zara zaindari ta / Jaun onena guretzat / Iñaki, / Entzun arren eiguzu / Ta gure ope artu! (BIS) // Biotza euskotarrak / Jaiotzetik damotzu / Zeuria da, geurea / Baso, mendi, ibai arru. / Zeru goitik Deun Iñaki / Jagon ba, Euskadi. // Jagoizu Jaungoikua, / Jagoizu Lagi Zarra! / Arerio aurrean zuk / Agindu euskotarrak // Gudean sarturik / Ezpata artuta / Euskotarren alde / Dorage ta areriua / Indar zerutarrez / Zatitu osoro ta! / Zoriontsua Euskadi / Betiko izango da / Zeuk Iñaki zainduta / Zaindu ta!» Eskerrak ematen dizkiot Gorgonio Renteriaren alaba Jule Renteriari emandako laguntza handiaren aldera.

 

Bilaketa