literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Itzaurrea

 

Juan San Martin

 

«Amandriaren altzoan»

Julene Azpeitia

Itxaropena, Kuliska sorta, 1961

 

        Euskal literatura oraindik erdi billutsik degu. Orregaitik ditugu ainbeste aburu euskera lantze kontuan. Batzuen iritziz alako edo olako eretan eta gaietan idatzi bear da, euskera lantzeko. Uste eze, badegula gairen bat neurrizgain landua. Baña, eleiz liburuak badira ere gure izkuntzan geien idatzi diranak, oiek ere gutxiegi ditugula esango nuke. Gai guziak ugariago bear genituzke, ta ez esan iñoiz naikoa degunik. Literatura larregiak eztu erririk iltzen.

        Ditugunak ez badira ain onak, errua ezta izkuntzarena, idazlearena baizik. Euskaldunak kultura badu, euskera gauza izango da kulturarako. Ori da konturatu bear gerana, ta bakoitzak bere eratik al duan berezitasunez lotu lanari, sail guztietan ditugun arloen utsunak betetzeko.

        Gaurko ontan, gai zaar bat dakarkigu: ipuñak. Erri-ipuñak dira literaturaren aurrenengo kimuak, noski. Erri-ipuñak izan diralako kulturadun izkuntzen literatura oñarri. Sarri, ipuiñak aski dira erri baten sikolojiaren bereizkuntza egiteko. Beren aberastasunetik neurtu ditzake erri-gogoa. Arrigarria da benetan, gure erriak agozko literatura orren aberatsa izanik, idazkiz txiroa izan bearra. Era guztietako ipuñen jabe gera, ta bertan ditugu lenagoko sinismen, kondaira ta oituren etorkizunak. Orregaitik, beti gustatu izan dira errian orrelako ipuñak; batez ere ongi eraturik arkitzen diranean. Ta oraingo auek bikain tajutuak eskeintzen dizkigu Azpeitia'tar Julene'k. Neuri beintzat, amonaren altzo gozoa dakarkidate burura. Gure amonan mundua; orain naizen au amiltegi sakon batek etetzen duan mundua. Ames bat dirudi aurtzaroko inguru ura esitzen duan liburu onek. Ta, ametsa ez al da, gaur ito naian gaituan larri-min onetan, arnasa ematen diguna?

        Ipuñak, munduko errazetan bezela, ez dute muga berezirik, ez len ta ez orain, inguru batzuetan sartuak edo indartuak ere, erriz-erri zabaltzen dira, neurriz ta denboraz, urrutian lausoturik galdu artean. Esaera batek dio: gezurra esan nuan mendian; ni baño lenago zan errian. Ori bedori da ipuñekin gertatzen dana.

        Sarri, tokiz aldatuaz, ipuñak ere zerbait aldatzen dira. Barandiaran'ek estudiatu duanez [1], ori iasotzen da Euskalerriko askokin. Adibidez: Erensugearen ipuñak, Europa'tik aparte, Persia, Japon, Afrika erdi-aldean ta Canada'n billatzen dira; Basojauna, aintziñako Greziaz gañera, Estonia, Finlandia, Laponia, Noruega ta abar.

        Caro Baroja'k [2], Euskalerriko Tartalo ta Basojaun jainkokien gertaerak ber-berak, erri-aoz jasoak, helendarren Polifemo'ren bezela arkitu izan ditu; ta Bera-Bidasoa'ko lamiñen azalpen batean Ulises' ena.

        Orregaitik, irakurle, emen arkituko dituzun askori, lenago beste nunbait entzun edo irakurritakoen antza artuko diozu. Batez ere Azkue'n «Euskalerriaren Yakintza» liburu ederretan edo Barandiaran'en «Eusko-Folklore» orrietan baña ez emengoak bezin txukun adierazirik. Aiek erria mintzatzen dan bezelaxe jasoak dituztelako. Ta ipuin auek, egilleak berak zuzenki jasoak izanarren, apainduak. dituzu, batez ere umeentzako eran. Badira emen Euskalerritik kanporakoak ere, ta auek beren iturburuak aipatuaz arkituko ditugu.

        Gure amona zanak kontatzen zizkigun ipuñak, nork esan, geroago Grimm anaienetan billatu bear genituanik? Zerbait aldatuak baña funtsez berdiñak. fakiña, Grimm anaiak ere erri-ipuñetan dituzte beren oñarriak. Gure amonak etzekian Grimm anaien berririk; bere gurasoegandik aoz-ao jasoak zituan. Ta, aoz-ao ez-ezik, idatzitakoekin ere beste orrenbeste gertatu izan da, ta mallaz-malla billatzen dira 1Esopo'renak, ez gure auzoko Plazentzian bakarrik, baizik Fedro, La Fontaine, Iriarte ta Samaniego'n alegietan ere, ta auenak Bizenta Mogel, Iturriaga ta beste euskal idazle batzuetan.

        Gregorio Muxika'k Pernando amezketarran ipuñak bildu baño lenagotik ere, gure erriko zaarrak diotenez, aren asko ta asko Plazentzia'kotzat zabalduak omen ziran. Berriz, Plazentzia'kotzat, Esopo' renak ere berdin jasotzen dira. Orrela zabaltzen da, azken gabe, ipuñen katea. Guzti auek jartzen ditut iñork ez dedin artu plajio susmorik.

        Azpeitia'tar Julene'renak erria zuzenki dute iturburutzat, ta bere eskuz eztiki apainduak dira. Batez ere, aurrentzako idatziak. Julene'k bere bizi guzia aurren maixtra igaro du, ta, bere ipuin auetatik konturatuko geran bezela, ongi ezagutzen du umeen mentalidadea. Euskera erreza du, batez ere umeentzako bezelakoa (baita nagusi askok ejenplutzat artzeko bezelakoa ere), apaltasunez egiñak baña bizi-biziak.

        Erri-miñez, 1949'tik 1952'ra bitartean idatziak dira Burgos'en maixtra zegoala. Ta, 1954'an, Euskaltzaindiak antolatu zuan ipuin sariketan bigarrengo gelditu zan. Lenengokoa Aita Felix Bilbao'ren «Ipuin-Barreka» izan zan. Bata bezin bestea on-onak dira, gure artean idatzi ezdiran bezelakoak, batez ere euskeraren aldetik. Bilbao'rena, bizkaieraz degu. Etxeita ta Kirikiño'kin Bizkaiko idazleak eredutzat artuko al dute. Mundu onetan biziak geien balio duala egia bada, berdin esan genezake literatura izkuntzagaitik ere.

        Julene'n gatza umeak zaletzekoa da. Bere moldeak orain baño lenagotik zuen euskal literaturan leku berezia. Maiz irakurri ditugu bere idazkiak «Arritokieta» izen-ordezkoakin, ta 1959'an Biarritz' ko Eusko Kulturaren Alde alkarteak antolatutako aurrentzako ipuin sariketan bigarren gelditu zan, «Goizeko izarra» ipuin politarekin [3]; ta aurrerago berriz, Euskaltzaindiak eratuta, Azkue'n zuzendaritzan, 1935'ean lenbiziko saria eraman zuan «Osasuna, merketza ta yinaritza» liburuakin.

        Bere azkenengo lana Bilbo'n argitaratu dan «Azeri jauna» da; lau ipuindun liburuxka bat. Azpeitia' renak izanarren, bere izen gabe argitaratu dira «Karmel»en ardurapean.

        Urri dira euskeraz «Amandriaren altzoan» bezin liburu onak aurrentza. Geiago esango nuke: oraindik zentzunera sartzeke dauden umeentzat ere euskera traketz ta baldarrean egindako liburuak ikusten ditugula, pedagojiaren funtsik gabe. Nagusiak ere iruntsi eziñiko liburuak dituzte gure aurrak. Emengo garbikeriak ez du akaburik.

        Ipuin kontuan beintzat, Julene'k bete digu utsune aundi bat, orain, Gipuzkoako umeak badute nun ase. Aurrentzat ez-ezik, nagusientzat ere «Amandriaren altzoan» izango da liburu au, bere oroitzapenen berbiztzalle izango dalako.

        Erdu, irakurle maite; sar zaitez ta ixeri zaitez amonaren altzo gozoan.

 

        [1] «Eusko-Folklore» (Materiales y Cuestionarios), MUNIBE, tomo VI. 286 orrialdean. Grupo de Ciencias Naturales Aranzadi. Donostia, 1954.

        [2] «Algunos mitos españoles y otros ensayas», (Segunda edición), Editora Nacional. Madrid, 1944.

        [3] «Goizeko izarra» ezta liburu onetako ipuin berbera, bertako beste batzuekin antolatua baizik. Ikusi, «Euzko-Gogoa», 1-2 zenbakian 61'garren orrialdea. Biarritz, 1959.

 

Bilaketa