literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.366 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Hitzaurrea

 

Ainhoa Beola

 

«Alegiak eta poemak»

Oxobi

EEE, 1992

 

        Bizitza

        Haritschelharrek eta Xarritonek erakutsi dutenez [1] Jules Moulier «Oxobi» ezizenez, Bidarrain (Nafarroa Beherean) jaio zen 1888ko apirilaren 7an. Aita Begiederreko guarda izaki han hemenka ibili zen (Lasa, Anhauze, Sokoa, Ahurti), Baigorriko Bastida auzoan dagoen Oxobian zenbait une igaroz; ezizena dudarik gabe hemendik datorkio, etxaldearen oroigarri gisa.

        Uda parteko oporraldiak bestalde, amonarekin igarotzen zituen Larresoron, eta hain zuzen ere Larresoro bertan dagoen Seminarioan sartu zen bere ikasketak burutzera, ondoren Maulen lehenik eta Nai-eko Seminario Nagusian gero (Biarnon) jarraituz hauek, Baionako Seminarioa 1906az geroztik Gobernuaren aginduz itxita bait zegoen. Dirudienez, bertan ikasten ari zela sortu zitzaion euskaltzaletasuna, aldez aurretik ez bait zuen euskararen ezagupen handiegirik ez eta soberako euskaltzaletasunik.

        1912an apeztu zen, Hiriburun jardunez bikario gisa. Naien hasi zen poesiak idazten eta argitaratzen Eskualduna aldizkarian, Hiriburun zegoela Hiriart-Urrutyrekin jardun zuen aldizkari-lanetan laguntzen.

        1921.ean, gerratea amaitu ondoan, hainbat gazte euskaldun elkartu zen Uztaritzen, euskararen nahiz euskal kulturaren alde zerbait egin nahian, hauen artean Barbier, Dassance, Dufau, Choribit, Elissalde, Blazy, Saint-Pierre, Apezteguy eta Oxobi bera besteak beste. Bilera hauen fruitu dugu Gure Herria aldizkariaren sorrera, bertan jardungo du gure egileak poemak, artikuluak nahiz bestelako lanak burutzen.

        1928an Saldunbide Hiriburuko erretore izendatu ondoren, Oxobi Donostirira bidaltzen dute. Hemen igaroko ditu bere bizitzako hamairu urte lanean, 1941 ean Arrangoitzeko (Lapurdi) erretore izendatzen duten artean, non hamalau urte igaroko dituen.

        1955eko otsailaren 7an lanari utzi behar izan zion, osasun arazoak zirela eta 1958an hil zen Arrangoitzen bertan.

 

        Obra

        Oxobiren lana mardula izan dela esan daiteke, Heiatik zerura, Alegiak, Botz-oihu, deiadar, nigar, Haur-elhe haurrentzat, eta Oxalde argitaratu zituen bost liburuez gain, Gure mendiak, Nola gauden eskualdun pastorala, eta Urrikalmenduzko parabolak argitaragabeko obrak ditugula nahiz aldizkari eta gisakoetan idatzi zituen artikulu eta poemak kontuan hartuz gero.

        Goian aipatu den moduan, euskaltzaletasuna —euskararen alde lan egin zuen neurrian, bai eta bere obra guztia oro har euskaraz idatzi zuenez— jadanik Larresoroko seminarioan zela bizkortu zitzaion, irakasletzat Adema, Hiriart-Urruty, Barbier eta A. Abbadie izan zituen bitartean, ikasle moduan ere bertan jardunez L. Dassance eta J. Elissalde, besteren artean, Haritschelharrek [2] eta Villasantek [3] diotenez.

        Ikasketak burutzen zituen une hauetan —1905 inguruan— frantses gobernuak Pabeko prefetaren bitartez gogor eraso zuen euskara, katixima bera euskaraz eman izanagatik hainbat apaiz zigortuz, halere, Oxobik hizkuntzaren alde lanean jarraitu zuen azken urteak arte, bai eta euskaraz ari zitezen bultzatuz garaiko gazteak.

        Idatziriko lehen poemak 1911. urtean agertuko dira argitaraturik Eskualduna astekarian, «Otsobi» ezizenez (gerora «Oxobi» izatera pasako dena), ondoren bertan poema eta alegi ugari ere plazaratuz.

        Lehen liburuxka 1913 urtean agertzen da Baionan, non baden Boz-oihu! Deiadar! Nigar, lehen urte hauetan idatzitako poemen bilduma dugu honakoa, guztira 60 orrialdetakoa.

        Eskualdunan idazten eta lanean jarraitzen duen bitartean, Almanakarako ere hainbat idazki prestatuko du.

        1922 urte inguruan Elissalde, Dassance, Apesteguy, Barbier, Choribit eta Saint-Pierrerekin batera Gure Herria hilabetekaria sortuko du, hemen irakurri ahalko dugu «Bertzen irakurgaietan», «Harpeko sainduaz», «Euskaltzaleen biltzarra», «Gipuzkoan eta Bizkaian gaindi» eta gisako izenpean idatzi zuen artikulu saila. Halere, artikulu sorta hau interesgarria den arren, Gure Herrian lehen alegiak idazten hasi zelako da batez ere nabarmengarri garai hau.

        1926an plazaratzen du Baionan Alegiak liburuxka, ordurartean idatzitako alegien bilduma dena. Liburu honek ere 60 orrialde izango ditu, tartean marrazkiak agertzen direlarik.

        1935ean ordurate idatzitako erlijiozko poema gehienen bilduma aurkezten digu Liburu moduan, Heiatik Zerura. 28 orrialdetako argitalpen hau Baionan izango da inprimatua, lehen orrialdean «Ego sum via, veritas et vita / Ni nuzue bidea, egia eta bizia» esakuna agertuz.

        1944 urtean argitaratuko du azken librua: Haur elhe haurrentzat. Izenburu berak adierazten duenez, 41 orrialdetako lan hau haurrentzat eta gazteentzat idatzitako hainbat poema eta alegiren bilduma da.

        Aurrean aipatu den moduan, liburuxka forma pean argitaratu zituen hauezaz gain, poemak, alegiak, artikuluak eta prosazko lanak ugariak dira, Eskualduna, Gure Herria eta Almanakan aurkitzeaz gain, La Herria, Aintzina, Euskal Erria eta Pressen irakur ditzakegularik. Kontuan hartu beharrekoak dira bestalde, gaur egun oraindik argitaratu gabe dauden beste obrak, poema bitxiak agertzen bait dira bertan, eta argitaratu direnekin aldenduz gero, Oxobiren egikerak izan zuen bilakaera ikusi ahal izateko baliagarriak gerta dakizkigukeenak.

        Zer esan bestalde prosagileari buruz? poesia lanak gehiago landu bazituen ere, ez zela alor honetan hankamotz gelditu. «Bertzen irakurgaietan» saila oparoa eta aberatsa da; bertan, «Euskararen batasunaz», «Laborarien gidaria», «Semetxia» eta «Euskalduna» artikuluak topa ditzakegu, besteri entzun edo irakurritakoen inguru idatzitako artikuluez gain. Gure Herrian idatzitako artikulu sorta hau, 1921-1924 bitartean landutakoa da, hamaikaren bat izanaz orotara.

        «Gipuzkoan eta Bizkaian gaindi» izenpean idatzitako prosa lanen artean «Zazpiak bat» eta «Batzu eta bertzeak» bera ditugu.

        Euskarari buruzko artikulu mordoa ere idatzi zuen, «Koplak», «Bertsularien primak», «Pertsularien dohain-eginbideak», «Gureak gure» eta antzekoak. Hauek ere Gure Herrian aurki daitezke, 1924-1937 bitartean.

        Omenezkoen artean «Tene», «Jean Etchepare», eta «Jean Barbier» daude.

        Fedezkoak «Sinhesten dut», Euskal Herriko mendiei buruzkoak «Mendian» eta artikulu solteak ugariak dira, urteetan zehar Gure Herrian batez ere agertuko direnak.

        Argi dago, beraz, egilea poemak direla eta (eta alegiak, batez ere) izan arren ezaguna irakurlegoaren artean, prosa lanak ere ez zirela nola nahikoak izan, eta agian egilearen alderdi ezezagunena den neurrian, interesgarria ere badela berauen irakurketa.

        Gainontzeko ikerlariek Oxobiri buruz jardun dutenean, prosa lanak batez ere hartu dituzte kontuan; honela, 1956ean VII Euzko-Gogoan «Oxobi'ren olerkera biziya trobadoreetan ikusten det nik... Oxobi da euskaldunen artean trobadoreenarekin kidetasun aundiyenean ikusten detena... Oihenart eta Becas izango dira zerbaitean kide ditunak» idatziko du J. M. Leizaolak (106 orr.)

        K. Mitxelenak berriz, bere Euskal literaturaren Historia liburuan «Lírico de voz poderosa... el mejor fabulista en lengua vasca, por su vivacidad, por la maravillosa flexibilidad y poder expresivo del lenguaje» dio (150 orr.)

        L. Villasantek, berean (316 orr.), «se ha dicho que se parecía a La Fontaine, no sólo porque le gustaba el bello decir y las fábulas, sino porque tenía ciertos rasgos del escritor francés... mostraba también la sonrisa maliciosa de Leautaud» idazten du.

        Legasse berak Diogenerekin alderatu izan du.

        Onaindiak aipatu besterik egiten ez duen arren Milla euskal olerki eder liburuan, euskal poeten artean Moulier nabarmengarri dela azaltzen digu.

        Zer esanik ez, Xarritonek J. M. Moulier «Oxobi» lantxoan eta Haritschelharrek Gure Herrian argitaratutakoen bilduman, egile bikaintzat dutela.

 

        Liburu hau

        Lan honetan, Oxobi poesigilea eta alegigilea aurkeztu nahi izan dugu, irakurlegoaren artean alderdi honengatik delako batez ere ezaguna egilea.

        Oinarritzat bere garaian argitaratu ziren liburuak jaso ditudan arren, honako lana egiteko garaian bestelako iturrietara jo dut, idazten eta argitaratzen jardun zuen aldizkari eta astekarietara alegia. Izan ene, liburu moduan gaiaren arauerako sailkapenak egin ziren arren, ondorengo urteetan gai beraren inguruko lanak edo sailkapen horien barnean koka zitezkeen lanak argitaratu bait zituen; bestalde, argitalpen momentuan bertan sartu ez ziren poema edo alegiak ere gehitu ditut. Honela, oinarria liburua izango bada ere, nolabait osatu egin ditut kanpoan gelditu zirenekin edo ondoren argitaratuekin [4].

        Prosa lanak gaurko lanetik kanpo utzi behar izan dira, orri kopuru aldetik poesien nahiz alegien antzekoa bait da, eta esan bezala poeta-alegigilea aurkeztu nahi izan da, honela, beste lan baterako gaitzat gelditu dira.

        Pastorala agertzearen arrazoia berriz bestelakoa da: Oxobiren alderdi ezezagunenetakoa izatean, irakurtzeko aukera eskeintzea eta egilearen egikera bitxiaren berri ematea.

 

        Estiloa

        Estiloari dagokionez, herrikoia dela esan daiteke, alegietan nahiz poemetan zehar darabiltzan egikerak kontuan hartuz gero. Poemen hasieran, maiz asko doinuaren berri ematen digu, irakurlegoari aurrean duena abestu ahal izateko aukera eskainiz-edo.

        Ez darabil irudi estilistikorik kasik, metaforak eta sarritan agertzen diren elipsiak kenduta. Elipsietara jo izateak, poema eta alegien egitura berak baldintzatzen du, ahapaldien eta puntuen silaba metriko kopuruak adizkien erabilera urria eta hitzen ezabaketa nahiz hauen laburtzapena eskatzen baitu; kontuan izan beharrekoa da orobat, estiloari azkartasuna eta arintasuna eman nahi berak ere hizkuntza aldetikako murrizketa hauek ekarriko dituela.

        Atsotitzen eta esapideen erabilera —inoiz jatorrizkoak zerbait aldaturik— alegietan nabarmenduko da batez ere: Orhin sortu den xori garbia, Orhin baizik ez da laket modukoak, hauek herrikoiak eta garaiko irakurlegoaren artean zabalduak zeudenak izango dira. Elearen errepikapen jarraituak ere noiznahi aurkitu ahalko ditugu: farra-farra, zista-jasta, hegi-hegian, etab.

        Bertsoetako puntuak orohar ez dira aberatsegiak, izan ere usu jotzen baitu kasu marketara eta modu berean jokaturiko adizkietara. Hau poemetan gertatuko da batez ere, alegietan ez delako zehatzegia izango puntuei dagokienez eta beraz hitzen amaierekin jokatuko duelako.

        Neologismoez egiten duen erabilera aipatu beharrekoa da. Egilearen produkzio garaia —mende hasiera— eta ekialdekoa zela kontuan hartuz gero, nabarmentzekoa da mendebaldean une haietan neologismoen nahiz bestelako egitekeren (aditz trinkoen erabilera adibidez) erabilera: batzoki, maketo, gudukari. Ekialdeko idazleen artean garai haietan behintzat ez zela gisako neologismoen erabilerarik egiten esan daiteke —mendebaldean ez bezala!—, honengatik gure egileak honelakoak azaltzean, mendebaldeko literaturaren berri bazuela argi adierazten digu. Honek dudarik gabe erakusten du poemen eta alegien egitura herrikoia izan arren, idazle ikasia eta landua zela, garaikideekiko behintzat.

 

        Hizkuntza

        Fonetika: Bokal elkarketa bitxiak ematen dira, asimilazio-disimilazioak maiz azalduz; hauek metrikak eragindakoak izango dira, bertsoaren puntuak hala eskatuta. Kontsonante aldaketa eta alternantzia nabarmenenak «1/r» eta «1/n» artekoak ditugu: nasai / / lasai, daldara, baldin / bardin. «nd» talde kontsonantikoaren bigarren elementua isilpean uzten du: menean.

        Sinkoperik ere aurkituko dugu, abre kasua lekuko.

        Herskariei dagokionez, gorren eta ozenen arteko alternantzia aipatu behar da: horgo / horko.

        Hitz elkarketetan, kontsonantea, bokala nahiz silaba isilpean uztera joko da: nekizerdi, nahitez, etxehandik, etxogi, neke (eta) izerdi, nahi eta ez, etxe handiak eta etxe(ko) ogia ordez.

        Deklinabide kasu markei dagokionez, datibo pluralean -er gehienetan agertuko bada ere, -eri ere ikus ahalko dugu: bertzer, guzier, baita zoazineri. Adlatiboan -(eta)rat darabil: niganat, aztaletarat, egungorat. Soziatiboan orohar -kin erabili arren, -kilan ere agertuko da: espantuekin, sakekin, baina makhilekilan.

        Galdegaietan, esplikatiboak -tako atzizkiarekin agertuko dira ohi moduan, mendebaldeko -gatik beharrean: zertako, zergatik ordez. Galdera perpausetan, adizkiari -a marka ezartzen zaio: dea, dakoia, ditakea, duguia, al da, al dio, al daiteke, al dugu beharrean. Halere, kasu bakar batean al-en pareko den ahal partikula darabil.

        Izen ordainei dagokionez, hirugarren pertsona singularrean, «i» ezarri da diptongoaren ondoren, hiatua hausteko: hauien, hauiek.

        Atzizkietan, -(za)leren parekoa den -lier darabil: pestalier, ikuslier, -ño atzizkia usu ageri da: urtsoño, abarño, bareño.

        —Aurrean aipatu diren bokal aldaketek eragin zuzena izango dute—adizkiengan. Honela, diptongoaren aldaketak —izan aditzarekin batez ere— eta monoptongaketak izango ditugu.

        Izan aditzean zaut nahiz nun, gituk ditugu, zait, naun, gaituk ordez, monoptongaketara jo delarik.

        Edin formakoek ere aldaketarik jasan dute: diten, gaiten / giten / gaitezin ditugu, daitezen, gaitezen beharrean; asimilazioak izan dira.

        Edunen adizkietan ere ginuke, zinuke, aurki ditzakegu, genuke, zenuke beharrean.

        Ikus daitekeenez, monoptongaketak eta silaba aldaketak automatikoak izango dira kasik, ohar bestela gainontzeko adizki hauetan gertatzen dena: tu, ditiat ageri dira ditu, dizkiat beharrean, daizkogu, dautatet, dautak, dako, daizko nor-nori-nork formak, dizkiogu, didate, didak, dio, dizkio ordez. Beste horrenbeste gertatzen da potentzialekin: ditake, daidike, nindaike, ginio ditugu daiteke, dezake, nintzateke, genezake ordez.

        Erroaren aurretiko elementuak asimilazioa bultzatuko du zenbaitetan: balakike. Lehenaldiko marka ezartzean, bokala isilpean uztera joko da: zagon ageri da, zegoen beharrean.

        Inperatiboetan, erroa eta 1aguntzailea elkartzera joko da: erradak, behazu, errakok, onetsak, behazozue, hurrupazue, atxikaguzu, jakizak ematen ditu erran ezak, beha ezazu, erran ezok / iezaiok, ones ezak, beha iezaiozue, hurrup ezazue, atxik(i) iguzu, jakin ezak bananduen ordez.

        Adizkiak sarritan ez darama datibo markarik, honela, tugu bertzer, badinat, Jinkoari, ohartu da ... puskari, teatroari hurbildu da modukoak agertuz, ekialdeko egile askorengan bezala, Etxeparegandik hasita.

 

        Hizkera

        Moulier Nafarroa Beheran jaio arren, han-hemenka ibili bait zen haur zelarik, gaztaroan beste euskalkirik mintzo zutenekin harremanik izanaz, eta Lapurdi bertan hainbat urte igarotzean ezin jakin daiteke argi zein euskalki zerabilen idazteko garaian. Honela, adizkietan batez ere —lexikoan ere halakorik topatu ahalko da— aurkituko dira parekotasun nabarmenenak.

        Poema jakinek izan zuten argitalpen diferenteek ere nolabaiteko arazoa sortu dute: egileak poema berdina leku eta garai ezberdinean argitaratzean, aldaketak sartu zituen batzuetan, hitzak aldatuz edo bertso osoak kanbiatuz nahiz ezabatuz; bestetan berriz, momentuan momentuko argitaratzaileak sortu ditu aldaketa horiek, lexiko mailan, bai eta bertso edo grafia mailan —grafia aldaketa gehienak Onaindiak azaltzen ditu—.

        Zenbait bertsok aldaketa handiak jasan dituzte, egileak hauek berrikustearen eta «zuzentzearen» ondorioz; aldaketa hauek lehen urteetan idatzitakoekin gertatuko dira batez ere.

        Poemek edo alegiek beste batzuetan, izenburuan aldaketak izan dituzte, berriro ere lehen argitalpenera jo delarik, behin baino gehiagotan aldatuta agertu ez bada behintzat.

        Argitaratzaileak zenbaitetan, Oxobik egindako oharrak ezabatu egin ditu —aidea dela eta adibidez—; bestetan, berriz, poemak egitura aldaketak jasan ditu, bertso bakoitza bitan banatuz. Halere, kasuan kasuko aipatua izan da halako aldaketa oro, egilearen azken argitalpena mantendu delarik.

 

        Edizioa

        Bildumaren usadioa jarraituz, idazki guztiak egungo grafiaren arauera berdindu nahi izan dira, hizkuntzak dituen ezaugarrien berri eman dakigukeen oro bere horretan utzi den arren (palatalak direnean, adibidez).

        Izen propioen grafia mantendu egin da, egileak erabili ohi zuen moduan utziaz. Herriei edo eskualdeei dagokionez, Euskal Izendegian agertzen diren moduan ezarri dira.

        Inprenta hutsak ere zuzendu egin dira, oin oharretan azaldu delarik halako aldaketarik eman denean.

        Kontsonante arteko alternantzia ematen denean bestalde, gehien erabiliko den forma jarraituz bateratu da; halere, bata nahiz beste erabiltzen denetan, bere horretan mantendu da, oin oharretan aipatuaz.

        Aspirazioa:

        Herskari aspiratuak beren horretan mantendu dira, egilearen hizkeraren adierazgarri; hitz elkartu berezietan berriz, herskari alboan agertu ez arren aspiraketa hauek, mantendu egin dira, egileak hitz elkarketa nola sentitzen zuen ikusteko argigarri bait da; honela, basherri, ilherri adibidez beren horretan mantendu dira, bas + herri, il + herri beraz.

        Elkarketak:

        Hitzak elkartzeko edo deklinabide markak ezartzeko garaian, behar baino gehiagotan agertuko da marratxoa originaletan; kasu hauetan marratxoa ezabatzera jo da, kasu marka zuzenean lotuz berbari, eta hitza besterik gabe elkartuz zegokionean.

        Apostrofua, bestalde, aipatzeko kontua da; hauen artean bi mailatakoak berezi diren neurrian, jokatzeko modua ere bi eratakoa izan da:

        Deklinabideko kasu marka zegokion terminotik bereizteko erabili denean (marratxoaren balio berarekin alegia), edo hitz elkarketa osatzeko erabili denean, besterik gabe ezabatu egin da.

        Apostrofua aldiz, bertsoaren silaba metriko kopurua mantendu asmoz, poesiak legezko dituen elkarketak edo ezabaketak egin ahal izateko erabili denean, bere horretan utzi da; honelakoak izango ditugu balinbadu're, ditu're, etxek'atea eta antzekoak.

        Halakoetan argi ikusiko da bertsoaren egitura berak eskatzen duela bategiterik, apostrofa adierazgarri izan dadin baliagarri delarik.

 

        [1] J. Haritschelhar, Oxobiren lan orhortgarri Zonbait, Gure Herria, Baiona, 1966; P. Xarriton, J.M. Moulier «Oxobi», Bidegileak, Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusia, Gasteiz, 1990.

        [2] Op. Cit. 1. orrialdea.

        [3] L. Villasante, Historia de la literatura vasca, Oñati 1979.

        [4] Lanok nondik hartuak izan diren iturrien zerrendan adierazten da

 

Bilaketa