Andoni Egaña
Arantxa Iturbe
«Aitaren batean»
Andoni Egaña
Elkar, 1990
Bere neurrikoa, propio erositakoa bezalakoa du Andonik abizena.
Edozein herritako plazan bertso-lariz-zalez inguratuta hanka xabal, esku bana patriketan bakoitzean bat, galduta bezala somatuko duzu. Lotsati, timido planttaz, bertsoek errespetoa sartuko baliote bezala, kokilduta hasiko zaizu, eta bukaera arte ez zara jabetuko errespetoa, bertsoek berari diotela.
Plazatik kanpo ere ez du piura hori galduko. Juxtu juxtu iritsiko da toki guzietara, presarik gabe, baina beti azken momentuan, «es ke» egoki bat ahopean. Akaso ematen duen errukarri irudiagatik, eskertu egingo duzu berandu behinik agertu izana. Begi bistatik galdu arte ez zara konturatuko bere aurrean errukarri bakarra, zeu zarela.
Inguruan duenari ez dio begiratzen. Erretratoak ateratzen dizkio. Horregatik aldatzen du bixta tokiz segunduoro, berarekin hizketan ari dena urduri jarriz, nahiz eta kanpotik ikusita, nerbioso dagoena Andoni dela iruditu.
Hankak ere ez ditu pakean uzten, bereak. Pixua batetik bestera pasatzen du momentuoro, egonezina duenaren modura. Geraezina delako seguruenik Zerbait esaterako gero zer botako pentsatzen ari delako (deformazio profesionala ote?) edota zerbait egiten hasterako ondoren zer egingo lukeen imajinatzen ari delako.
Sinpatikoa, hori bai. Irrifarrea beti ahoan ezpainak gehiegi zabaldu gabe. Etsairik gorrotatuenak ere ez du sekula antzemango zer pasatzen ari den momentuan Andoniren burutik. Diplomatikoa esaten omen zaio horri.
Bakoitzari itxuraz dagokion izena tokatuz gero, Kandido behar luke izentzat. Baina kontuz, abizena modu modukoa du eta. Andoni, Engaña. (Ez da oso hitz joku orijinala hitz jokuak egiten trebeena denari egiteko, baina besteak beste, bertsolari izan eta alabari Saioa jarri dionak, merezi du horrelako zerbait idatzita edukitzea).