literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Itzaurrea

 

Aita Onaindia

Larrea, 1979-3-24

 

«Abarrak»

Bustintza'tar Ebaista

GEU Argitaldaria, 1979

 

        Euskal idazle jatorra dogu Kirikiño. Ikasiz, erakutsiz eta idatziz, egin oi gara idazle, benetako idazle. Olan osotu yakun mañaritar euskaltzale andia be. Iru gauzok egin zituan: 1) Ikasi, umetatik ekiana sakondu ta ausnarazoaz; 2) Erakutsi, ogetaz urtetan ekin eutson Bilbo'n ainbat, millaka euskaltzaleri erakusten, eta 3) Idatzi, erdoirik ez eban ezagutu aren luma-punteak.

        Mañari'n jaio zan Bustintza'tar Ebaista, «Kirikiño», Etxanoa deritxon etxean 1866'gnko urrillaren 26'an. Lenengo eskolak bere errian eta Durango'n egin zituan. 1878'an Almansa (Albazete)'ra aldatu zan bere familiaz, an batxiller karrera amaiturik. Madrid'en daukagu 1883'an Bideetako Injiñeru karrera ikasi naita; ez yakun urrean gogoko, ta karrera ori itxirik Fisiko matematika-Jakintzak ikasten ditu ango Zientzi-Ikastetxe nagusian, gai orreitan Lizenziatura titulua aterarik.

        Gero, zati batean beintzat, Siguenza'ko Ikastetxe nagusian erakutsi eban. Ondoren, Bilbo'ra aldatu ta euskal arloari oratu eutsan oso-osoan: lenengo urtetan Azkue jaunari lagundu eutson «Euskalzale» ta «Ibaizabal» aldizkarietan batez be. Aldi aretan Bizkaiko Diputaziñoak euskal ikastola bat eukan, eta emen be Bustintza'k irakatsi eban, lenengo lau urtetan Azkue'ren ordez eta gero ogetaz urtetan bere arduraz.

        1909'ko iraillaren 25'an ezkondu zan Bustintza Ozerin'dar Basili'gaz; urte onetan asi zan baita Montellano'ko Miña-Alkartasuneko diru-goraberak eroaten. 1913'n «Euzkadi» egunerokoa sortu zan, eta Kirikiño'k artu eban bere lepo izparringi orren «Euzkel Atala», oso entzutetsu egin zana. Amasei urtez, egunero-egunero, ainbat lan —ipuin, eztabaida, kronika, izkirimiri ta jakingai— argitaratu ondoren, Mañari'ra baztertu zan atseden apur bat bear ebala-ta. Bein, bere etxe osteko baratzean ebillela, arri baten laban eginik jausi egin zan, ortik illik 1929'ko urtarrillaren 31'an.

        Maisu.— Euskalerri osoak negar egin eban Kirikiño'ren eriotz izparra jakitean. Bilbo'k batez be, afnbeste urtetan euskeraz erakusten emon zituan txoko arek ezin eban siñistu olako zoritxarrik jazo leikenik. Eundaka ta millaka adiskide ebazan bertan, beragaz euskeraz ikasiak, mendirik mendi ta baserririk baserri beragaz ibilliak, euskal-itz jator eta ipuin-billa sarritan.

        Ikasle ta adiskideok «Euzkerea» aldizkarian batez be erakutsi eben euren naigabea. Azkena'k idazten dau: «Illun, guztiz illun geratu gara zeure eriotzaren izparra eldu yakunean. Bustintza, gizon zintzoa, gizon oso-osoa il da. Egi da? Egi ete da zoritxar ori?».

        Eta Ikasle'k: «Oraintxu lurraldu egin dogu, euzkeldun lurreko zokondotxu baten, Euzkerearen susterrai on-ondoan, bizi zan artean euzkel maitasuna pillatu ta pillatu egin eban biotza: Bustintza'rena; beste biotz askori, eurotan, Euzkereak susterrai sendotu ta loratzeko lagundu eutsen biotz ederra».

        Eta Lizardi'k: «Negarrik gutxi; lanik asko. Eman zigun ark ikaspide ugari; baña guztietarik gaur, bi jaso ditzagun. Bata: "Kirikiño"k euzkeltzale oro maite zituan, edozein ustetakoak zirala. Auandi ala txiki, euzkozalea ere izatea baita, euzkelzale ezezik, gure-gurea danik zedozer maitatzea: areago, berriz, ezaugarririk bereziena badegu. Ikasbide orreri buruz, ba, bizi gaitean anaiok pakean, eta eskutik alkar artuta goazen aurreruntz, euzkel-saillean barrena.

        Bigarren ikaspidea: "Kirikiño"'k beti, esakeraz bai gaiaz, erriarentzat idatzi izan du; errez ta atsegin. Euzkera garbi genezake, ori bai, ta al bezin sakongi ikasi; baña idatzi dezagun maiz beko maillean jarrita. Euzkeldun berri ala erdiberri geranontzat ezta ori erreza, bularraz euzkera edoski dutenentzat ainbat; arian arian, ordea, artara gintazke».

        Kirikiño'gandik, ba, jaso bear ditugu ikaspide batzuk: naiko sakabanaturik gabiltz gaur euskera arloan; lenen, beraz, geure izkuntzak alkar lotu gagizala, beste zer askotan eritxi bardiñeko izan ezta be. Eta bigarren, euskeraz idazten diardugunok, idazterakoan, beti, al dala beintzat, erria, gure erri irakurlea izan daigula gogotan. Idatz dagigun guztiak beko maillean jarrita, errez eta garbi. Orrela egin eban Kirikiño maisuak.

        Langille amorratua zan mañariar au; beti erakutsi ta on-egiteko gertu egoana. Eta, jakiña, onek biotzak irabazten. Bizi zala, ta gero, omenaldi bioztiak egin izan yakoz. Bat, txit gomutagarria, bera ilda irugarren urtean Mañari'n bertan egin yakona: Mañarikoak eta Durangokoak sekulako edertoen eratuko, meza, itzaldi, dantza, txistu, antzerki ta abar. Orduantxe ipiñi ziran jaio zan eta il zan etxe bietan burnorizko ta arnabarrezko idazkun eder bi. Il zan etxean jarri zanak onela iñoan: «Bustintza'tar Ebaista (Kirikiño), Zumelaga etxion 1929-1-31'gn. il zan. Euzkera-bidez Aberrijaren aldez zintzoro iñardun ebalako Bilbao'ko "Euzko-Gastedija»-k, "Euzkeltzale-Bazkuna"-k, bere euzkel-ikasliak, adizkidiak eta euzkel-idazliak gomutakun au dopaltsoe. 1931-2-1'an».

        Euskal idazle argi.— Maisu bizkor eta izlari bikain ezezik, idazle punterengo agertu yakun Kirikiño. Bilbo'ra etorri zan ezkero, idatzi ta irakatsi izan zan aren zeregiña: euskera ebilkion borborka biotz-oxiñean.

        Idazkeran, gozo, alai ta errikoi dagerkigu beti; idurimen ariña, ta olako gazigea ta gatz-ozpin biziaz gozatzen euskuzan bere lanak. Kirikiño'k erria euki eban begien aurrean, geure erria. Ta antxiñako erri guztiak lez, gure euskal erria ba ekian eder-zale zana. Eta ederra ipuiñez, alegiz, kontuz, bertsoz adierazo oi dogu geien bat. Eta orrelako lanetan jarduna dogu mañaritar argia. Gai mee ariñak erabilli ta errez ulertzekoak idazten alegindu zan, bere biotz-ikutu ta buru-gogapenak lau-lau azaldurik.

        Beste idatzi askoren artean, ospetsuak dira aren Abarrak. Sua egiteko egur billa joan oi zan mendira, ta abar-sorta andiaz etorri oi etxera: abarrari ezarten yako sua ta onegaz egur lodia ixetu. Berak onela: «Irakurgaitxu oneik be gogo askotan sortu leie euzkeraz irakurteko zaletasuna. Txikiak, meiak, arin-ariñak, errazak, barru gutxi-dunak, geienak barre batzuk eragitekoak izanik, euzkeraz irakurten bape zalea ez danak onakoxeak atsegiñez artu leiz, ta eurok, abarrak lez, bere gogoan sua biztu......

        Abar oneikaz osotuta, iru liburu argitara emon izari dira: 1) Abarrak (Bilbao, 1918), berberak argitaratu eban 121 orrialdeko liburua; ogetabat ipuin dira guztiz; 2) Bigarrengo Abarrak (Zornotza, 1930), a ilda gero Bilbao'ko Euzko-Pizkundiaren pentzutan egindako argitalpena, esku artean daukazun berberau; eta 3) Abarrak... eta abar (Bilbao, 1966), 329 orrialdeko liburu mardula, Kirikiño'ren lan askoz ornidua. Euskaltzaindia'k be egin eban, 1956'an, Bustintza'ren bost ipuiñezko argitalpen bat, bizkaieraz eta gipuzkeraz.

        1966'an egiñiko argitalpena (2.000 koa) laster agortu zan, eta urteotan eske ta eske euki ditut ainbat eskola ta ikastola: eurontzat doa argitalpen au. Kirikiño'ren ipuiñak danak dira ederrak, baiña liburu ontakoetatik oneik nabarmendu geinkez batez be: «Ardauak on egin», «Misiolari bat», «Azkonarrak etxean azi», «Aramaio'ren deabrukeriak», «Gizaburuaga'ko mail ona», ta abar.

        Aldaketarik? Idazkera gaurkotu zerbait: Gixon (gizon), maitia (maitea), gustija (guztia), ta olakoak. Obeto esateko, Kirikiño'k berak ez eban beti bardin idazten. Guk erabat jarri dogu dana, irakurtaldia euskeldun barriai batez be errezago egiteko asmuz. Ezpei iñork txartzat artu.

 

Bilaketa