Duvoisin
Patxi Altuna
«Laborantzako liburua»
Jean Duvoisin
Euskal Editoreen Elkartea, 1986
Hitzaurre honen luze-laburrari muga aski ertsiak ezarri behar omen dizkiogunez gero, Duvoisinen bizitzari buruzko argibide orokorrak, irakurleak euskal literaturazko edozein eskuliburutan aurki ditzakeenak alde batera utzi eta liburu honi zuzen-zuzen dihoazkionak bakarrik aipatuko ditut hemen.
Berrogeitasei urte zituen eta haietarik azken hogeitazortziak aduanan aitak bezalaxe lanean emanak, 1856an D'Abbadie jauna bitarteko zelarik Bonaparte printzea ezagutu zuenean. Horra batbatean bere ametsetako printzea aurkitu! Ez zen, izan ere, aduanakoa bere gogoko lanbidea. Unibertsitatean zein ikasketari ekingo zalantzan zegoelarik, aita hil zitzaion batbatean eta hartarako diru laguntzailerik aurkitu ez zuelako gogoz kontra lotu zitzaion aita zenaren lanbideari. Besterik zen, ordea, barneak eskatzen eta agintzen zion ogibidea, Larresoroko ikastetxean gaztetango ikasketak amaitu zituenetik. Han zaletu zen biziki historiaz, geografiaz, literaturaz eta han hasi latinez eta griegoz idatziriko antzineko liburuez liluratzen. Han batez ere euskara suharki maitatzen. Handik atera eta berehala ekin zion Fenelon-en «Aventures de Télémaque» liburu mardularen itzulpenari, egunoroko lanorduek uzten zizkioten txolarteetan, eta 1864ean aitortuko digu nobela horren erdia lehen hamabi liburuak ia hogeitamar urte lehenago itzulia zuela. Frantses-euskal hiztegia ere bere gisa eta berak erabiltzeko garai hartantxe hasia zuen, eskumenean zituen euskal liburu zahar eta berri guziak irakurriz eta haietarik hitzak eta esapideak milaka bilduz. Honi buruz ere urte berean aitortuko digu hogeitamar urte baino gehiago zirela lantegi hari ekin ziola, P letran eten eta bertan behera utzia zeukala, baina eskuartean zituen beste egitekoak burutu bezain laster haren osatzeari berriro ekingo ziola, nahiz osasunak uzten ez zion egunez baizik hartan lan egiten. Urte haietantxe paratua zuen Kardaberazen liburu baten lapurterazko itzulpena ere, berak bere diruz 1856an «Liburu ederra» izenez argitara eman zuena. Baina, berriro esan, aduanako egitekoek ordu asko kentzen zioten eta hark egun osoz nahi zuen euskarazko lanetan aritu. Eta hara non ezagutzen duen, esan bezala, Bonaparte printzea eta non esaten dion honek utz zezala aduana eta berak ordainduko ziola soldata oparoa, baldin hark agindutako lanetan aritu nahi bazuen: urteko 1.000 Iibera, alegia.
Agindu zion lehen lana Iturriagaren «Euskal jolasak» (edo solasak) liburuaren frantsesezko eta lapurterazko itzulpena izan zen. Honezaz aurrerago mintzatuko naiz. Hori baino askoz handiagoak ziren, ordea, Bonaparteren asmoak, bai eta Duvoisinek euskararen alde burutan atera zitzakeen ekintzak. Biblia osoa lehendik euskarara itzulia bai, baina inoiz argitaratu gabea zen eta erraldoiaren dineko sendagaila zirudien horri eskua ezar ziezaion printzeak agindu zion. Aldi berean gipuzkerara itzul zezan ere bai Aita Uriarteri. Duvoisinek 1859an eraso zion lanari eta astotzarrak baino areago gau eta egun lan eta lan jardunik, sei urtez eman zion azkena Biblia osoaren itzulpenari. Bonaparte bienbitartean Bibliaren zatiak Londresen argitaratuz joan zen bost emanalditan, Duvoisinek itzuli eta hara igorri ahala.
Hitzaurre honen aztergaia ez da, haatik, Iturriagaren liburuaren ez eta Bibliaren itzulpena. Ez da erabat ezein libururen itzulpena, ezpada Duvoisinek bere baitatik, guk dakigula, sortu eta argitaratu zuen liburu bakarraren eta alde horretatik edozein itzulpenek baino gehiago balio duenarena, Laborantzako liburua deritzanarena. Arestian aipaturiko bi itzulpen horien artean igaro ziren hilabeteetan ondu bide zuen, gezurra badirudi ere. Hilabeteetan edo gehienez ere bi urte eskasetan 1858an argitaratu baitzen Baionan, baldin egia bada Iturriagarenaren itzulpenak eragin ziola hori idaztera. Beraz liburu hau nolakoa den eta argitaraldi berri hau nola taxutua dagoen emango dugu aditzera ondoko lerroetan.
Testuaren letraldatzea
Gure asmoa ez da izan inondik ere edizio kritikoa prestatzea. Hizkuntzalari eta filologoentzat ez baizik Unibertsitatea baino lehenagoko ikasle-irakasleentzat eta, erabat esan, ikerketa lanik egiteko asmorik gabe liburua soil-soilik irakurtzeko eskuetan hartuko dutenentzat prestatzeko eskatu zaigu eta testuari eragin behar genizkion aldakuntzak talde batek finkatu ditu. On da, halere, irakurle begiluze eta ikasiagoak baldin halako norbaitek liburu hau eskuetara badeza bertatik jakin dezan zein diren jatorrizko testuari eragin dizkiogun aldakuntzarik larrienak. Hauxe esan behar dugu lehenlehenik: testua ez dago euskara batura aldatua, ez eta hurrik eman ere. Hori autoreari trai egitea zatekeen. Bi mutur lotu nahi izan ditugu ahaleginean: batetik jatorrizko grafiarekiko zintzotasuna, bestetik egungo eguneko irakurle ez ikasiegi edo arrunt samarrarekiko lotsa edo begirunea, eta inor galeran atera ez zedin biei zerbait kendu eta biei zerbait eman diegu.
Aldakuntzak ez dira nolanahi ere ez asko ez handiak. Ez eta behar ere, eta hori Duvoisinen merezimendua baizik ez da. Bere garaiko idazleen artean, irakurtzen ohitua zegoen jendeari zor omen zitzaion begiruneagatik batzu lehengo grafiari atxiki zitzaizkiolarik, Duvoisin berrizale eta aurrerakoi agertu baitzen eta berak eten eta urratu baitzituen, besteak beste, iparraldeko tradizioan betidanikoak ziren zenbait grafia, gure gaurkoari hein batean hurbilduz. Bada hona egin ditugun aldakuntza bakanak: tch eta ch guziak tx eta x idatzi ditugu; b aurreko m ere n egin dugu; hitz hasteko nahiz bokal arteko y, aldiz, i bilakatu dugu. Ostera h guziak bere hartan utzi ditugu, bai eta kontsonante ondokoak ere, euskara batuan ez bezala; hala nola, urthe, bakhotx, belhar, athera, ekharri, khendu eta abar. Bai eta iparraldean berean maizenik hrik ez duten hitzetan ere; hala nola, hari (=aritu), heia(n) (=ea). Azken honek zerritegia ere esan nahi du, baina orduan h- ongi dagokio.
Izan ditugu, haatik, zenbait zalantza. Ia guziak Duvoisinek berak ageri dituenak, baldin moldiztegiko hutsegiteak ez badira batzu. Hala hiratze dator idatzirik ia beti, bizpahirutan iratze ageri den arren; berebat zinkhurina eta zinkurina, kausitu eta khausitu, onkhailu eta onkailu, xertho-xerthatu eta xerto-xertatu, etab. Horrelakoetan ezer ez aldatzea iruditu zaigu hoberena eta hitza dagoen dagoenean uztea. Liburuaren hondarrean Duvoisinek berak hutsegite bakarra zuzendu zuen: «Huts egina. 89garren plaman, lehenbiziko lerroan, ezarri izan da ogia huts eginik; erran behar zen arthoa» dio eta hori aldatu egin dugu, noski. Beste oker nabarmenen bat edo beste ere bai, baina huskeriak.
Duvoisin eta Iturriaga
Londresen 1857an Iturriagaren Euskal jolasak edo («Dialogues basques») argitaratu zuen Bonapartek; ez, ordea, hark idatzi bezala gipuzkeraz bakarrik, baizik bizkaieraz, lapurteraz eta zubereraz ere bai, eta gainera gaztelerazko eta frantsesezko itzulpenez osaturik, guziak liburu bakarrean eta orrialdez orrialde elkarren ondoan sei testuak ezarririk. Lapurterazko itzulpena edo moldaketa Duvoisinek prestatu zuen, bai eta frantsesezko itzulpena ere, eta Intxauspek zubererazkoa. Hori dela eta, askok esan izan dute liburu horren ezagutzeak ernarazi ziola apika Laborantzako liburua idazteko gogoa. Badu uste horrek egi antzik, noski, eta ez bien argitalpenek urtebeteko aldea baizik ez dutelako bakarrik, ezpada bi liburuen edukia eta gaia alde askotatik txit antzekoa delako ere bai. Geroxeago azalduko dugu Duvoisinen liburuaren taxua; diodan hitz gutxitan orain nolakoa den Iturriagarenarena.
Hogeitahiru jolas baizik ez ditu, Duvoisinenaren erdia baino bat gehiago eta jolasik gehienak ez dira oso luzeak. Lapurtarra askoz berritsuago, oparoago da bere liburuan. Hona hogeitahiru jolasen gaiak. Lehen bederatzietan ingumez, erleez eta beste marmutzez ari da. Hamargarrena honela hasten da: «Gaur necazaritzaren gañean jardun bear dugu» eta Duvoisinek honela aldatzen du lapurterara: «Egun laborantzaz iharduki behar dugu», horren eta ondoko jolasaren gaia horixe delarik. Hurrengo bostetan (XII-XVI), abereen berri ematen zaigu eta, XVII-XVIIIgarren etan gurina eta gazta nola egiten diren irakatsi ondoren, beste bietan berriz ere idi, behi, zezenak eta arkume, zerri, untxiak hartzen ditu mintzagai, XXIgarrenean olioa nola egiten den azaltzeko. Azken aurrekoan hodeiak nola sortzen diren, gatzua edo nitrea zer den, gatza non izan ohi den argitzen du, azkenekoan polbora edo sutautsa hala deritza Iturriagak nola egin daitekeen eta zimizta-lurrikarak zer diren aditzera emateko.
Ezin uka edukiaren aldetik Duvoisinen liburuak honen antza duela. Gai guzi horien artean ez da ia batere Duvoisinek berean ez darabilenik. (Interesgarri da honek besteren itzulpenean eta bere baitako liburuan darabilen hitz altxorra erkatzea). Ezin uka ere ordea, kapitainaren liburua hobeki taxutua dagoela, edukiz oparoago eta gaien berri emateko tankeraz apainago, dotoreago, jantziago dela eta azkenik Iturriagarenaren aldean gaur berriz argitara demagun hau tratadu sakon eta mardulagoa ere bai. Ikus dezagun bertatik bertara nolakoa den Duvoisinena.
Duvoisinen hizkera
Lapurtera da liburu honetako euskalkia, Ainhoan sortu egileari dihoakionez. Hainbestez esan gabe doa ez duela liburu honek aparteko nekerik ez zailtasunik, morfologiaren ez sintaxiaren aldetik, euskara batua irakurtzen ohitua dagoenarentzat. Erakusleen forma batzu gerta dakizkioke aski berri: haukiek gure hauek da eta hekiek gure haiek. Izenaren deklinabidean -ko(tz) edo -kotzat atzizkiak aipatuko nituzke. Mugagabea dotoreki erabiltzen du, guk ez bezala batzuetan halere. Ikus honako hauek: «Berrogoi urtheen buruan baziren...» (XVI); «...erraiten dute goraki zer nausi ahalkegabeenak diren» (XXI); «...ez daki zer bidegabea egiten dioten bere buruari» (XXv).
Aditzaren morfologiari dagokionez bada zenbait forma ez oso ezagun, baina ez dut uste bere testu inguruan behar bezala aditzeko irakurleak inolako trabarik izango duenik. Bizpahiru ohar badaezpada: haiei kasuari aditzean dagokion artizkia ez da -ie- euskara batuan bezala, ezpada -iote-; hortaz diote edo zioten izan daitezke 'hark haiei' ere eta diozoguten arrazoi beragatik gure diezaiegun. Bestea: orainaldiko nor-nori-nork adizkiei objetoa plurala dutenean indikatiboan dagokien oina dioizki- da eta hala dioizkitzu euskara batuan dizkiozu da. Era berean eta fenomeno hau oso zabaldua da iparraldean egun ere nuke eta nezake nahiz nintzateke eta ninteke sailak nahasi ageri dira. Esate baterako, IV. kapituluko «Ez lezake Jainkoari egin hanbat zinkhurina, baldin ohartuagoa balitz» guk honela esango genuke: «Ez luke Jainkoari egingo...» edo «Ez lioke...», noski. ra berean XXXllgarrengo hura, «Hobe balitz, hemen ere egin 1iteke» guk honela: «Hobe balitz, hemen ere egingo litzateke». Sonetan ez dira formak guteetik desberdin, baizik formen balioa. 3ada oraino beste zenbait tasun txiki ere: diezadazu inperatiboa da >ere d- eta guzti; dagokitza, daramitza, aldiz, dauzka eta daramatzaen pareko dira, bigarren hori honela ere agertzen delarik: daramizzi. Nolanahi ere adizkiok eta beste batzu azken zerrendan aurkituko litu irakurleak. Adizki bakarrak emango dio agian atentzioa eta are zker esana dagoela irudituko zaio: «...zer idiz nahi duzu mintza natzaitzun?» (XXX), nakizun esan beharrean (?). Bada beste bat ere zalantzazkoa; honela dio: «Bertze batzuek diote xori ongarria erabili Dndoan lurrak mehatu eta agortu zeraizkotela...» (gIV). Itxura guzien arabera zaizkiela-ren pareko da, ez dizkiela-ren, hasieran z- baitu, beste arrazoirik ez aipatzeko.
Sintaxian ere bada berezitasunik, ez ordea buruko neke handirik sortzeko adinakorik. Aurki ohituko da irakurlea « Ez da ezen gauza ttipia...» eta antzekoetan ezen lekuz aldatua dagoela igertzen: «Ezen ez da gauza ttipia...». Alabainan ere gauza bera. Orobat aurki ohartuko da juntagailu hori bera gehi ez, Duvoisinek biak elkartuz idazten dituena, ezenetz ia beti, ez dela gure (zerbait) baino (-ago) baizik. Horrelakoak gainera orripeko argibideetan adierazten ditut.
Beste bizpahiru puntu nahi nuke oraindik agerian ipini. Bi aditzok, aiphatu eta hautatu-k, guretzat osagarri zuzena litzatekeena -z atzizkiaz adierazten dute, nahiz beti ez. Esate baterako, «Gaur aiphatuko darotzut laboraritza erabiltzeko moldeaz» (III). Nahi eta behar ere modu aski berezian erabiltzen ditu. «Oilotegia ez da lekhu hotzean nahi» (XXXV), edo «...bero handietarik begiratu nahi dira» (XXXV), edo «Erletegiak hurbil nahi du ura» (XXXVI) gure belarrietan aski mingarri dira. Behar ere ez darabil beti guk bezala: «Lur halakoek behar dute lanthu» (XVI), «Zer adinetan uztartu behar dute idiek?» (XXX), «Haritzak ez du hola murriztu behar» (XLlll), «...haziak ez du usuegi egin behar» (VII) eta beste zenbait ez dira guk ohi bezala esanak. Guk guzi horietan ergatibo dena sujeto gisa erabiltzen dugu eta iragangaitza edo deritzagun aditza. Lehena, esate baterako, honela: «lLur halakoak behar dira lanthu». Hona azkenik erlatibozko perpaus aski bitxi hau: «Nor da ezaxola gauza batetako, segur da ezaxola dela hainitzetako» (XX).
Bizkitartean morfologiak eta sintaxiak ez diote, berriro esan, liburu honen irakurleari aparteko trabarik egiten, ez eta esanahiaren aditzea galerazten, ene ustez. Baina liburu hau, halaz guztiz, aski irakurgaitz dela aitortu beharrean naiz; enetzat hala izan da bederen. Zailtasunik handiena, ia guzia esango nuke, egileak darabilen gaitik eta gai horri dagokion hitz altxorretik datorkio, ni bezalako kalekume gorriarentzat batikpat. Horrenbeste pentze eta pezoin, horrenbeste arkin, samats eta luhumenda, horrenbeste zola, xoxa eta xitxuri, horrenbeste bargo, aketx eta ahardiikus hitz guziok azken zerrendan, zinez behaztopagarri gertatzen zaizkio hegoaldeko irakurle arruntari. Horregatik ezarri dut hainbat argibide ez nago ziur argibide argigarriak ipintzen asmatu dudan beti orrialde guzien azpialdean eta hitz ez hain ezagunen zerrenda luzea bere zentzukideekin liburuaren azkenaldean.
Baditu ere bizpahiru hitz berri. Halakoak dira menaslora, drainatzapen, eginarteko edo artifizial. Aitak horietakorik aipatzen duenean, hitz hura ez duela aditzen erantzuten dio semeak. Entzun honako hau: «Egungo egunean molde berri batez antolatzen dira zolaguneak. Hori deitzen da drainatzapena», dio aitak eta semeak erantzuten: «Izen hori ez dut behin ere aditu». Aitak orduan: «Hemen berria bada ere, ez da guzietan orobat» (XVI).
Behaztopak behaztopa, gauza bat ozenki aldarrikatu behar da, egiari iruzurrik egin nahi ez badiogu. Duvoisinen mintzaira malgu eta zailua da, doi eta dotorea; ez zaio inoiz bortxarik ez gatazkarik nabarmentzen perpausa biribil taxutzeko; mintzoaren ixurkia leuna eta isila da, zalaparta gabea, ia beti esaldi laburrez eta errazez oretua, maiz esaera edo errefrau gisako esapidez zizelatua. Ikus hauek: «Gizon beharra bethi urrikalgarri da» (XXII); «Untzi ttipiak arno guti dagoka» (XIV); «Ongarri berorik egiten ez duenak badu laborariaren izena, bainan ez usaina» (XXII); «Gizonari emana izan zaio antzea baliaraztekotan» (XVI). Zuzen onez baiezta dezakegu, beraz, euskal literaturan liburu gutxi dela inork bere baitarik sorturikoen eta erlijiozkoak ez diren gaiez osaturikoen artean hau baino ederrago, gozoago eta bipilagorik.
Liburu honen muina
Liburuaren izenak berak ematen du argiro aditzera zer izan nahi duen: laborantzako, hots nekazaritzako, liburua. Berrogeitalau kapitulutan barna ematen dio aita zaharrak bere seme gazteari nekazari izena ez ezik usaina hala dio duenak jakin behar dituen gai guzien berri. Hiru atal nagusi ditu liburuak hasierako hiru lehen kapituluez gain, hauek sarrera gisa ezarriak baitira semeari bere lanbidea maita eta estimarazitzeko. Hirugarren kapituluan, eta ez beste inon, aipatzen dira iraganean bezala liburuaren hiru atal horiek. Honela mintzo da hor aita: «Laborarien on guziak heldu dira hiru gauzetarik: bihitik, aziendatik eta arboletarik». Horra liburuaren hiru zatiak: bihia dakarten lurrak, lurrak lantzen eta iraultzen dituen azienda edo ganadua, aziendari bazka (gaztaina, ezkurra eta abar) ematen dioten arbolak. Lehen zatiak hartzen ditu kapitulurik gehienak, IV-XXVII; bigarrenak ondoko bederatzi, XXVIII-XXXV, eta hirugarrenak azken zortziak, XXXVII-XLIV.
Aita-seme biren arteko elkarrizketa gisa taxutua da liburua. Aita mintzo da ia beti bidezko denez, hark baitaki eta ez semeak nekazaritzaren berri. Eta, egia esan, ez da gutxi aitaren ahotik mintzo zaigun Duvoisinek nekazaritzaz dakiena. Bere bizi osoan horretan aritu zela esan behar, baldin ez bageneki aduana bateko xoxa batean sarturik eman zituela urterik gehienak. Ez ditu soilik Euskalerriko nekazarien azturak ezagutzen, Angeleterran, Frantzian, Suizan eta Ameriketan idoroberriak diren asmuen eta aurkikundeen berri ere ondotxo daki. Jakiteaz gain, lanbide horretan aditua eta antzetsua bailitzan salatzen ditu eta larderiatzen orduko gure baserrietako usario zaharkituak eta zenbait etxetiarren nahiz horien nagusien totalkeria eta zabarkeriak.
Semea bere aldetik isilik dago ia beti. Solaskidea baino gehiago bere irakaslearen esan zuhurrak entzuten ari den ikasle esanekoa eta etorkorra dirudi. Garbi ageri da elkarrizketa delakoa errekurtsu bat baizik ez dela liburua irakurgarriago bihurtzeko. Alde horretatik liburu hau Duvoisinek hain ongi ezagutzen zituen Greziako eta Erromako zenbait idazlek eginiko liburuen literatur motan sartzen da. Haietan ere maisuak zuen beti hitza eta entzuleek noizpehinka baizik ez zituzten galderak egiten. Esango nuke, haatik, haietako maisuek baino lazkiago jokatzen duela gureak bere ikasle sermearekin, hau agian beste ikasle-entzule haiek baino gazteago eta ezjakinago edo delako, eta semea gainera. Aitak hemen semeari bere esanak ernai adi eta gogoan har ditzan behin eta birritan eskatzeaz gainera, errieta ere ematen dio bizpahirutan hala egin ez duelako. Semearen galderak eta iruzkinak ez dira ia behin ere, egia esan, funts handikoak, are inoiz edo behin aski simpleak dira eta aitaren haserrea pizten dute. Semearen errazegi harritzeko joera ere ez du aitak gogoko eta honela esaten dio behin: «Etzare hola izan behar. Orai artean ikhusi ez ditutzun gauza guziek harritzen zaituzte. Egungo egunean nonnahi bada hori baino gauza harrigarriagorik» (XVIII). Aski burugogorra dela ere iruditzen zaio behin (XIX) eta beste batean bere esanei farre egiten diela: «Iduritzen zait, ene semea, irriz zaudela» eta ez da lasaitzen semeak erantzuten dion arte: «Aita maitea, ez dut zure erranaz irririk egiten...» (XXLX). Inoiz semea barkamena eskatu beharrean ere aurkitzen da: «Barkha diezadazu, aita maitea, gazte eta ahanzkor naiz oraino» (XX). Azkenik, gehiegi ez luzatzearren, umekeriak alde batera utz ditzan agintzen dio gogorki aitak: «Dena dela, ez dut nahi, ene semea, gizonari bezala mintzo natzaitzunean athera dezazun haur solasik» (XXXI).
Hain aspaldikoak ez diren garaietako aita-semeen arteko harreman elkor eta hotzen errainua ikusi uste dut nik hizkera horietan. Liburu hau, izan ere, laborantzazko iharduki sakon eta ikasi bat baino zerbait gehiago da, ene ustez. Hemen ez dira soilik abere, lur eta oihanak ongi begiratzeko errekitu eta erremedioak eskaintzen; garai hartako euskal nekazaritzaren argazki soziologikoa eta betiko euskal nekazaritzaren azterketa zorrotz eta pintura argitsua ere bada. Autoreak ez du ezpainean bizarrik zenbait nekazari alferren aztura okerrak salatzeko eta jokabide makurrak argitan ipintzeko. Hala aitortuko digu «bi gaitzeru, bata erospenetako eta bertzea salpenetako» dituen engainatzale askotxo dela bazterretan (XI). Maila guzietako lagunak larderiatzen ditu. Etxetiar edo maizterrak, aurten bazterretxe batean eta datorren urtean non izango diren ez dakitelarik, «Zertako nekha?» esaten omen diotelako bere buruari, nagusientzat eta berentzat kalte handiak erakarririk (XIV). Burjesak eta nagusiak ere bai, «Guthartean zer egiten dute ongi direnek?» galderari honela erantzunez: «Lo!» eta hutsik handiena «beren lurrak etxalde ttipitan ezarriz» egiten dutela aitortuz. Herrietako agintari eta buruzagiak ere gogor hartzen ditu, hauen eginbidea herriko larreak oihanez betetzea delarik, ez omen delako «segurki gobernamenduaren hobena, baldin hori ez bada hola egiten; gure hauzaphezek badute hortaz aditurik aski, guti khexatzen badira ere gehienak». Eta semeak erasten dionean kargudunek bere eginbideak bete behar lituzketela, aita samindurik honela mintzo da: «Bainan hainitzek ez dute hauzaphezgoa urguiluz baizik bilhatzen. Kargu horrek badu errekesta. Eder zaiku entzutea: Agur, jaun hauzapheza!» (XXXVII).
Liburuan diren hitzik gogorrenak eta mingarrienak artzainen kontra eginak dira, halere. Nekazariak mendi barren eta zolagunetako zuhaitzak sakailtzen omen ditu, ez mendi gainetakoak; aldiz «artzainek arrasatzen dituzte mendietakoak. Non da galdegiten du artzaina baino xahutzaile gaixtoagorik? Beroaldi baten hartzeko tantai gazterik ederrena ondotik eramanen du. Zertaz dukete artzainek axola? Ez dira gehienak muthil?»; nagusiek ere, ordea txarkeria horretan laguntzen omen dituzte. «Jainkoari damutzen zaizkon gauzak egiten dituzte, deus ere ez balitz bezain deskantsu». Ez dira hor amaitzen artzainen kontrako kexadurak: «Artzainek gure mendietan egin izan dute egundainoko gerlate, uholde eta harri-abar guziek baino bidegabe gehiago eta ez dira oraino baratu. Gerlateek, uholdeek eta harri-kazkabarrek ez omen dituzte oihanak erabat soildu: «artzainek, ordean, oraietako onak eta gerokoak guztiak arront badaramitzate. Suz erretzen dituzte mendiak. Sasietan heldu diren arbolak arradizaraino xahutzen dituzte. Orduan mendiak larrutzen eta agortzen dira, zeren hautsak lehenbiziko udan belhar ona ekharrarazi ondoan, gerokotzat lurra idortzen baitu» (XXXVII).
Autoreari sinetsi behar badiogu eta ez dugu ez sinesteko arrazoirik ikusten penagarria zen alde askotatik gure baserrien egoera. Hala esango digu, esate baterako, «Eskal herriko gisu labe zilhoek iduri dute Moisen mendean eginak. Luphean zilho bat nolazpait egin, aintzindegi bat eman eta hara gisu labea» (XXV) Pixategirik priaztegi dio berak ez zen noski baserrietan. Horien beharra gomendatzen du: «Frantzia beherean ez da etxerik egiten priaztegirik gabe» eta «hemen ere orotan behar laizteke priaztegiak» (XXIV). Bi arrazoi ematen ditu berrikuntza horren alde: batetik garbitasuna, bestetik «lurrentzat onkhailu hautenetarik bat» izatea «jende ongarria» deitzen duen komunetako zikina. Garbitasuna dela eta, honako hitz hauek ipintzen ditu semearen ahotan: «Bai egiazki, erran duzun bezalako xoxak premia laizteke. Deus ez da itsusiagorik etxe bazterrak holako zikhinkeriaz betheak ikhustea baino. Bertzalde gizontasunaren ohoreak ere manatzen du holako lekhu gerizatu bat antolatzea. Ahalkegabea da gizona nonnahi jarriko dena jendearen ibilbidetan, hitz-estalika baizik aiphatzen ez diren beharretako» (XXIV). Hitz apainagoz eta aldi berean erakusgarriagoz ezin esan zitekeen gauza.
Oro har, liburua orduko nekazarien lanaren eta jokabidearen kritika aski ezkorra dela esango nuke. Ez da inon aipatzen euskal nekazariak ongi egiten duen lanik; ia dena gaizki egiten duela esan behar. «Hemen laborariak ez daki arbola tratatzen» (XL). «Eskaldunak iduri du onthasun soberaz dagoela; beren baitharik heldu diren onez nardaturik, hekietarik bazterrerat uzten duela sobera balu bezala. Zoroak!» (XIX). «Ez dute ongi hartzen bertzeen erranik» (XXII). «Izan gaitezen garen orai arteo baino atzarriagoak» (XX). «Bertzeentzat midiku gare eta guretzat ez barber ere» (EXVII). «Ondikozko totalkeria batek azpian gauzkitza: totalkeria etxeko jaunetan, totalkeria herriko buruzagietan» (XXXVII). «Laborari sobera ikhusten dut lanari iheska» (XIV).
Bada, haatik, liburuan barna gogoeta ederrik eta pentsamendu gorenik. Lanaren eta arretaren balio paregabea goraipatzen du hasieratik beretik. Laborarien on guziak bihitik, aziendatik eta arboletarik heldu direla dioen kapitulu berean, on horiek bere aldetik hiru iturburu dituztela esaten digu: lana, arreta eta buru izatea (III) Nekazariaren ondasunak ere ez omen du jatorri bat baizik: «Ez da onthasuna bera heldu; lan ongi eginak dakharke» (XX). Hitz gutxi agertzen da liburuan artha baino maizago eta «Artha da guzia» dio bi pasartetan eta «lan arthatua dela ontasun guzien ama» beste batean, eta oraino «Lanak eta arthak sendatuko dute gure gaitza» (VI) Bere arretaren gaindik, ordea, nekazariak dena Jainkoaren eskutik itxaro behar omen du. Hori du leloa bi lehen kapituluetan eta azkenaren bost azken lerroetan. Hala lehenean honela irakurtzen dugu: «Ene semea, Jainkoarentzat izan behar da gure lehen hitza. Garenak harek egin izan gaitu; ditugunak harek eman izan darozkigu; bizi gareno haren eskutik ditugu bizia eta bizitzekoa; hari zor diotzagu, beraz, gure esker guziak» (I).
Hona beste zenbait pentsamendu eta gogoeta eder, gehiagoren artean hautatuak: «Ene semea, gurea ez den onthasuna bertzeena da eta niholaz ere ez dezazula ez uki, ez daina bertzeen ona» (XXXVII). Errazaren bila ez baina onaren bila ibil dadin eskatzen dio bere semeari: «Ene semea, etzaitezela errexketa ibil; ibil zaite onketa» (XX). Orobat, merkearen bila ere ez, merkeak berekin omen duelako gastu gehigarria: «Erranen duzu diru hainitz behar laitekeela. Bainan garastiak badu bere merkea. Merkearen bila gabiltzalarik maiz garastia atzematen dugu» (XXV). Diruaz, bestalde, honako hau gogorazten digu: «Dirua lerrakor da; eskuetan ere urtzen zaiku nola ez dakigula» (XXV). Nekazariak ezinbestekoa duela garbitasuna dio behin baino gehiagotan: «Garbitasuna biziaren erdia da» (XXIX), eta harritzeko dena, «garbitasuna nihon ez dela hain premia nola xerria baithan» (XXXIV).
Alde honetatik pasarterik ederrenetakoak dira nekazariek, premia guzietara bakarrik iristen ez direlako, gainerako nekazari auzoekin elkartu eta elkarri lagundu behar diotela agerian jartzen dutenak. Bigarren kapituluan aipatzen du aurrera gabe puntu hori, dioenean: «Lagundu izan ditut hauzoak behar orduetan. Hekien ganik laguntza berak izatu ditut ene aldian. Ez dezazula erran: «Gaizki heldu denarentzat hanbat gaixtoago; antola bedi». Norbait atheka txarrean ikhusten baduzu, erran zazu: «Nere laguna laguntza beharrean da; goanen natzaio esku ematera» (II). Beste hirutan agertzen da liburuan barna pentsamendu bera. Areago, hiru horietan elkarren adiskide izan behar luketela ematen du aditzera. Ikus hiru horietako bi pasarte, lehena (XXII) utzirik. Honela dio gisu labe edo karobi egokiak egiteko bizpahiru nekazarik elkar hartu beharraz ari delarik: «Partzuergo hortan bia baino gehiago ere sar ditazke. Hainitz laudagarri dira partzuergoak molde guziz. Lanak arintzen dira guzientzat. Deus ere ez da hain ederrik nola batasuna eta adiskidetasuna. Bi gizon partzuer direnean nekhean eta gozoan, adiskide-mamitzen dira; elkarri gogo onez laguntza eginen diote noiznahi den» (XXV). Modu bertsuan mintzo da larreak hertsi eta haietan oihanak sorrerazi behar liratekeela entzun eta semeak ihardesten dionean: «Gastuak, ordean, izituko ditu asko etxekojaun ttipi». Hona zer irtenbide proposatzen dion: «Larre baten hersteko ahal ttipia duenak herts beza hauzoko larrearekin batean; bi hauzoek phezoin gutiago aski dukete. Ai!, ene semea, partzuergo horiek ez dira nihoren galgarri. Batasunak eta adiskidetasunak indar handiak dituzte. Harri bat dorpheegia denean gizon batek bakharrik anbiltzeko, biek eginen dute menturaz; bia ez badira aski, hiruek edo lauek eginen dute. Batasuna eder eta balios da guzientzat» (XXXIX).
Ez dakigu, ordea, gaurko irakurleak eta ordukoak?zenbatetaraino izango dituen gogobetegarri Duvoisinek liburuan agertzen dituen beste iritzi eta uste batzu. Ia gure egunetaraino iraun duten pisu eta neurri zaharrak erregu, erregu erdi, gaitzeru, imilaun, lakari edo laka eta gainerakoak ez ditu batere maite; izen zahar horiek erabat ahaztu eta izendapen berriak geureganatu behar genituzkeela uste du (X); areago, pisu eta neurri horien ontzi guziak surtara bota behar genituzkeela betiko: «Hobeena laiteke gaitzeru eta lakha guziak surat ematea» (XI). Aldiz, lerrak edo pinuak ez zaizkio, hurbiltzeko ere, gaurko zenbait euskalduni bezain kaltegarri eta itsusi iruditzen, inolako lotsarik gabe oihukatzen baitu: «Gure mendiak ikhusi nahi nituzke oro lerraz estaliak» (XXXVIII). Baina denetan harrigarriena, «poliziako komesarioak» gogo onez ikusten ditu gure artean eta haien eginbidea goraipatzen. Lehen aipatu ditugun artzainen ondamendi eta sarraskiez ari den kapituluan semeak aitari galdegiten dio ez al den legerik txarkeria horiek debekatzeko eta aitak baietz erantzuten, ez ordea legeari bere bidea emango dion gizonik. Semeak orduan eginkizun horretarako dauden oihanzain, guarda xanpetra, auzapez, iuie eta poliziako komisarioak aipatzen baitizkio, honako erretolika hau botatzen dio aitak: «Hortakotzat segurik (segurki?) ez dira orain arteo hanbat baliatu. Uste izateko da noizbait komesarioek bederen begiak argituko dituztela. Egia erraiteko, komesarioak berriak dira oraino eta ohartuko dira ondikozko erretze horiei. Badira herrietako buruzagi eta etxekojaun asko komesarioak gogo gaitzez ikhusten dituztenak. Adimendu laburrak! Nik ez dut komesario beldurrik; ene eginbideak zuzen bethe nahi ditut. Bainan norbaitek bidegabe egin edo egin gogo badarot, uste nuke laguntza ona izanen dudala haren aldetik. Gure menderaino erretzaileak eta hekien laguntzaileak gehienetan utzi izatu dira Jainkoaren justiziari. Hemendik aintzina lurreko justiziarekin ere ikhusteko badukete» (XXXVII). Gaur biziko balitz, zer ote lioke?
Horra liburua; hobeki esan, liburuaren zenbait alderdi ez hain ezagun, tituluak berak iradokitzen ez baititu. Baina hor daude erdi izkutuan eta ez dira liburuaren baliorik txikiena. Eta horiek bezala beste zenbait argibide ere bai: Lapurdiko euskal nekazari batzu Ameriketara orduko abiatuak zirela lan bila (XIV); aurreko azken urteetan gosete larria jasana zutela (XIV) eta abar. Irakurleak nik baino sakonkiago ikertzea merezi luke. Lerrook liburua irakurtzeko egarria piztu badizute, irakurle, ongi saritutzat ematen ditut lan honetan sartu ditudan orduak eta hartu ditudan nekeak.