Itz-aurrea
Manuel Lekuona
«Iztueta'ren olerkiak»
Juan Ignazio Iztueta
Kardaberaz, 1978
Oso egoki etorriko da, euskal-literaturaren Historiarako Liburu onen gaurko argitaltzea. «Iztueta'ren olerkiak».
Iztueta, dantzari bezela da, batez ere, ezaguna, eta baita Kondairazale bezela ere. Bañan Kondairazale bezela, egin zuan prosa bera ere, eta baita Dantzaetaz argitaldu zituan Musikak berak ere, danok, Olerkiz apainduak eman zizkigun. Aren idaz-lan guztietan azaltzen zaigun arnas-giro guzia, Olerki-giroa da.
Iztueta'ren nortasuna ezagutzeko, beraz, oso bearrezko gauza da, Iztueta'ren olerkaritza ezagutzea. Olerkaritza, naiko berezia. Eta orain arte bear bezela aztertu gabea.
Alako garaian bizi izatea egokitu zitzaion, izan ere-ta: bi Prantzesteren eta bi gerrate zibilen barru-barruan: Konbentzionalen Prantzestea (1794-1796) eta Napoleon'en Prantzestea (1808-1813) eta Erregalistaen gerrate zibila (1820-1822) eta Lenengo Karlistatea (1833-1839).
Naspil askotxoko urte-aldia, gizon baten Historia argi-ezagutzeko...
Ala ere, gure gizonarentzat, naspil-artean bañan ere, naiko Literatur-lan egindako urte-aldia.
* * *
Olerki-soroan Iztueta'k egindako lana, Liburu ontan azaltzen da naiko argi. Orregatik bait da Liburu au, dan bezain ondo etorria gaur.
Gañerakoan uste bait det nik, Iztueta, Olerki-alorrean zerbait sortzalle, kreatzalle ere izan zitzaigula. Eta ori adieraztera iritxi nai nuke nik, ain zuzen, eta batipat, Aurre-itz Prologo ontan. Gauza aundirik ez, bañan bai zerbait gauza jakingarri.
* * *
Lenengo, beintzat, esan dezagun, Iztueta'ren lanak bi alderdi dituala: 1) bertsolari-alderdia, bertsolari jator; bañan baita 2) olerkari-alderdia ere, «olerkari poeta» esan litekean sail ortakoa... Salbo-ta, gero, Bilintx izango zan bezela, izan genduala gure Iztueta: bertsolari eta olerkari; bertsolari, aozko literatur-zale, eta olerkari, idatzizko literatur-zale. Bi bideak ezagutu ta praktikatu ere zituana, alegia.
* * *
Olerkari bezela, Iztueta etzan izan beste munduko gauza. Bañan, ori bai, gai ortan ere asko ageri izaten zitzaion bere beste alderdia, bertsolari-alderdia. Nolanai dala, itz-neurtua oso ondo ta «aire ta bote» esan oi dan bezela, erabiltzen zuan.
Pentsaera beti ere naiko gorea, naiko «goititua», gauza bera biribiltzen «luze-antxa» ezik; erderaz «reiterativo-xamarra» esango litzakena; imajiña, beratsuak erabiltzen zituala, alegia, batez, ere tematika beretsuko lanetan: Gipuzkoa'ren goraimenak kanta bear zituanean, adibidez.
* * *
Iztuetaren bertsolari-alorrean, eredu bat artuko degu guk emen, benetan eredu bezela artu ditekeana: «Kontzezi'ri» edo «Maite bat maitatzen det maitagarria». Eta eredu ortan, beste gauza geiago ere bai, bañan batez ere «puntu-jokua», «rima-jokua» esango gendukeana da gauza ezagungarri-ezagungarria ta benetan nabarmena. Iztueta'k garrantzi berezi-berezi bat ematen dio, rimari, puntuari; eta rimaganako duan itzal eta iritzi aundiak olerki-estilo, bereziki «iztuetar» bat, sorrerazten dio.
* * *
RIMA, PUNTUA
Rimak, puntuak euskal-bertsolaritzan garrantzi aurdia izan duala, ez dago bi aldiz esan bearrik. Rima bere izatez axaleko gauza dan arren erderaz gauza «adjetivoa» esan diteken zerbait dan arren kopla zaarretan, iñoiz, axal ez baño mami izaterañoko garrantzia ematen zaio erderaz «sustantivo» esango litzakeana, alegia. Oroi gure Kopladiako «izarra», «lizarra» ta «bizarra» alkarrekin ain estu alkartzen dituan izaera, azala mami biurtzen duan izaera, alegia, euskal-Literaturan ain jator bizi dana...
Iztueta'ren eskuetan, rima, askotan, ustekabe sortzen da; ideiaz ustekabe, sorpresan, bañan ain Iztueta'ren gogora ta gustora, berak airoski jarraitzen bait dio rima berari, salbo-ta pelotariak pelota «aire ta bote» erabiltzen duten bezela.
Ikus, ain zuzen, «Kontzezi'ri»ren lenengo bertsoa:
begi ederra du, ta guztiz argia;
daukat urruti;
bañan ezin kendu det buruti
aren itxura;
saldu al baliteke pixura,
urrearen truke
nork erosi faltako ez luke.
Puntuaren, rimaren indarra dabil or aire-ta-bote, ain egoki.
Eta ez bait da «Kontzezi'ri»renean bakarrik. Ikus, arako beste «Ezkonberrien» bertsuko sake polit ura:
Ezkonberriak pozkidaz daude
egin diralako gaur elkarren jabe
Elizan;
gauza ederragorik ezin izan.
Ai! orain banengo ni zuen ditxan!
Begira baita beste au ere, Iztueta'ren arte onen eredu:
Geldi, geldi, geldi
Berdillari'ri;
erabil konpasa,
ez dakion pasa.
Martin'ek ba daki
nola erabaki
aren zortzikoa:
ez du lendabizikoa.
Ageri dan bezela, rima-joku ortan benetan maisu da gure Iztueta. Puntuaren, rimaren bapatasun azkar ortan, alegia.
Iztueta'k joku ori, sistema bezela, eskola bezela erabiltzen bait du; eta ori esan nai nuke nik: joku bizkor ori, gure Iztueta'ren eskola ta sistema berezia dala. Puntuari bere barruko muin ori, orren bapatean, orren jarraitu-jarraituan ateratzea, alegia. Beste bertsolariak puntua geienetan bi errenkadaz bein erabiltzen duten bezela, berak segi ta jarraitu-jarraituan erabiltzea, alegia.
Ikus, eredu, beste au:
Atsegiñetan arkitzen naiz ni
arkitzen naiz ni,
ezkontzen diralako maite gozo bi
gustora;
ortako jaio ziran mundura;
Gipuzkoa guztia txit poztu da.
Edo-ta beste au:
Gaur ezpatadantzari,
aurren-azkendari,
Korpus ta San Joan
dituztela gogoan,
zaldibitarrak,
gazte ta zarrak,
oi dabiltza dantzan
beren Erriko plazan.
* * *
RITMOA
Eta zer esan Iztueta'ren ritmoetaz?
Iztueta'k eta Bilintx'ek, besteak beste, gauza au egin zuten biok berdin: beren bertsoak kantatzeko, doñu zaarrez gaiñere, doñu berriak ere aukeratu zituztela: Bilintx'ek Santesteban'en «Urra, papito» bere «Juana Bixenta Olabe»rentzat, eta Iztueta'k, orduan kalerik-kale kantatzen zan «Churrupanpli» izeneko kanta, bere «Kontzeziri»rentzat. Gero, beste bertsolariren batzuek ere erabilli bait zuten doñu ori lenengo Karlistatean, adibidez beren bertso-paperetan. Gure Iztueta'k, ordea, iñork baño leenago: 1806'gn urte-inguruan, Logroño'ko Inkisizioaren kartzelan egin bait-zuan bere lana, eta andik laister samar banatu bertso-paperetan, eta bereziki 1825'gnean norbaitek Londres'en argitaldu liburu batean, gure onen egilleak adierazten digunez.
* * *
Ritmoari buruz, gogora dezagun berriro ere «Kontzezi'ri»ren lenengo bertsoa:
Maite bat maitatzen det maitagarria;
begia ederra du, guztiz argia.
daukat urruti;
bañan ezin det kendu buruti
aren itxura;
saldu al baliteke pixura,
urrearen truke
nork erosi faltako ez luke.
Gauza bitxi asko señala litezke bertso ontan; leen aipatu ditugu bertsoaren rimak: urruti, buruti; itxura, pixura adibidez... Bañan neretzat oso gauza bitxia, tarte ortan dabillen ritmo-jokua da: erderaz «pie quebrado» esan oi dana. Guk «oin errena» esaten bait diogu. Oin errena, joku orrek bertsoaren ritmoa eten egiten bait du. Ibillia eten, eta, leen esan degun bezela, puntu rima berriak sarrerazi.
Geienean erabiltzen ditugun bertsoetan, ritmoa ta rima, asi ta buka, beti berak izan oi dira bertsoaren barruan. Bañan Iztueta'ren ontan ez da ola.
Puntu-aldatze orrek eta ritmoaren aldatze onek, astindu bat ematen dio bertsoari; eta betiko puntuak eta betiko ritmoak ematen digun logale-antxa astindu guri. Eta orixe da «oin errenaren» egitekoa bertsolaritzan.
Eta gauza onen osagarri, eta leen aipatutako pelotariaren irudiari jarraituaz, esan bait liteke beste au ere; bertsolaritzan geienetan erabiltzen dan kanta-eran, bertsolaria, pelota-jokoan beti ere pelota, lasai, atzera botatzen duan pelotariaren antzekoa dala; bañan oin errenarekiko kanta-eran, bertsolariak aurre-jokua egiten duala, eta oin erren bat kantatzen duanean, pelota atzera bearrean, aurrean ziplora botatzen duala, edo-ta Atano baten antzera aurrean «utzi-dejada» bat egiten duala; sorpresa-jokua...
* * *
«Oin errena» esate ori nundikan datorren, esan dezagun orain.
Txalapartan, jotzalle batek, eten gabe, beti pausu berean ari duan arierari, tukutuna, esaten zaio; eta beste jotzalleak tartean jotzen duanari, berriz, errena esan oi zaio; errena, kojoa, alegia, «pie quebrado», ots, konpasaren kontra dabillen oiña, pausoa...
(Oyartzun'en, toberajotzalleen artean, tukutunari, biya esaten zaio, eta errenari, «pikatzeillea». Gure arirako, guk egokiago degu errena).
* * *
Bukatzeko, ikustagun berriro, «Kontzezi'ri»ren lenengo bertsoa, ango iru oin errenak azter ditzagun. Bere ritmoan ikusiko degu. Begira:
Maite bat / maitatzen / det mai/tagarri/a;
begia / du ede/rra guz/tiz argi/a.
Dau/kat urru/ti;
bañan e/zin kendu / det buru/ti
a/ren itxu / ra ;
saldu al / balite/ke pixu/ra,
u/rrearen tru/ke
nork ero/si falta/ko ez lu/ke.
«Daukat urruti» «aren itxura» eta «urrearen truke», iru «oin erren». Irurok bertsoari ematen dioten grazia, ez da esaten errez. Grazi ori, ordea, ez bait dago rimaren pelota-jokoan bakarrik. Ritmoak ere laguntzen dio eta ez gutxi, iru oin erren oien bitartez.
Ritmo daktiliko-daktilikoan, lenengo bi errenkadak pentapodioak dira, ots, bostna oiñekoak. Laugarrena, seigarrena ta zortzigarrena, berriz, launa oiñekoak. Iru oin errenak, biña oiñekoak, bañan asieran anakrusis bana dutela. Errenkada bakoitzaren bukaerak, oin trinkotu zorrotzak dira.
Bukatzeko, esan dezagun aizkenik, gure Iztueta'k ezagutzen zuala, baita, gero «Betroiarena» eta «Prantxisku, zer dakarrek?» esango zitzaion zortzi edo bederatzi puntuko bertso famatua ere.
Ikus eredu bat, zortzi puntukoa: tripodio daktilikoa; bukaera-aldean puntu-sail luzeduna.
Arruiz'ko balleko
koplari berria
goi-goieneko mallan
ago jarria,
lurreratu nayean
agure elbarria;
nere urte-joanaz
nai baduk balia,
para juzkaria,
naiz predikaria,
errain dik egia
zeñengan gelditzen dan
jakinduria.
Oyartzun'en, 1977'gn Ekaiña'ren 14,
San Antonio biaramona,
LEKUONA zaarrak