literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Hitzaurrea

 

Juan San Martin

 

«Hitz berdeak»

Joxe Azurmendi

EFA, 1971

 

        Joxe Azurmendiren poesia liburua eskuratzeko aukera heldu zaigu. Ordua zen!

        Bere kuadernu sakabanatuetarik zenbait kopia zabaldu izan da poesia zaleen artean, baina bilduma osatuago honen bidez bakarrik ezagut genezake bere emaitza baliosa.

        «Poema beltzaren arbola»-rekin gaindu zuen poemagintzak, ondorengoekin osaturiko antologia baten eske zituen, gure Parnasoaren alorrak. Bere emaitzetarik batzuk aldizkarien bidez ezagunak ba ziren ere, gehienak ez ezagunak dira. Batez ere, ez ezagunak bere funts orokorrean. Zeren poesia soilak ez bai du erakusten poetaren mundu barneko prozesoa.

        Hautamenok oso ondo eginak dira. Azurmendiren pentsamen eta sentimenaren eboluzio guzia ageri zaigu, era berean bere poemagintzaren rnoldeak adieraziz.

        Euskal poesian deskubrimendu handia izan zen neretzat «Poema beltzaren arbola» (Olerti, 1963) ezagutu nuen eguna. Otaegi-z izenpetua zen, Joxeren bigarren deituraz. Egin zidan lehen zirrada hain sakona izan nuelarik eta urri ematen den poeta on baten aurrean aurkitzen nintzela nabaiturik, hots egin nion A. Onaindia jaunari, —Olerti-ren zuzendaria berau—, ea Otaegi-ren pean nor gordetzen zen jakin nahirik, eta hark agertu zidan Azurmendi bezala. Geroztik, bere sorketei adi jarraiki natzaie.

        Orain, hemen natzaizu, irakurle, berari eta bere poesiari buruzko zerbaiti itxura eman nahirik. Behar bada, Joxe, gaurko euskal poeten artean gogozkoenetako bat dudalako edo, agerpen hau izan daiteke nere aldetik laudoriorik handiena, eta aitorpen honek poetak merezi dituen goresmenak erraztu dizkit. Bestalde, lehenago Joxek berak Elorri-ri egin zizkion oharren heinean edo antzera, orain Gandiagak bere aldetik, ordainez?, egin dion sarrerak biderik erdi baino gehiago eginik utzi dit. Anitz gauza ikertu beharrik ez dut, poetaren kondaira nik baino gehiago eta hobeto ezagutzen dutenen aurrean.

        «Poema beltzaren arbola»-tik berehala eskaini zigun «Antipoesia» bikaina, eta geroztiko produzio guztia izan du interesgarria. Azken urteotan euskal poematikak lortu dituen goimailetan, toki bereziak merezi dituzte Joxeren poema hauek. Uhin-berri-ko hitzaurrean agertu nuen zerk eta noiztik sortu zuen gaurko giroa, eta behar bada Azurmendi berak, bilduma honi buruz egin zidan gutunean esaten zidan, argiz osatu nahi zuen giro hau, zerk bultzatu zuen, eta bildur zen, pixkanaka pixkanaka euskal literatura berriaren ideia faltsu bat sortuko ote nuen, denbora berriaren hasieran beti Aresti goraltzen ba nuen, jendea ez zelako konturatuko Aresti baino lehenago beste batzuek ere ba zirela. Aresti ez da lehena, noski. Baina inoiz ez zait iduritu poesia berria bat-batean sortua denik. Uhin berri-k, 1964-ko gizaldia deitzera iritxi zena osatu nahi zuen euskera batuari buruz Baionan egin zen bilera mugatzat hartu nuelarik; urte berean argitaratu zen Harri eta Herri liburuarekin, muga finkoago jarri nahi nuen, nolabait mugatu beharra nuelako eta bere egilearen sorturtetik hasiaz. Honegatik, liburuaren hitzaurrean agertzen nuen: «Zaharragoen artean ba dira hemen agertzen diren baino poeta era berriagokoak, baina oso gutxi. Hemen oso gutxi diren bezala era zaharreko poesia moldeetan finkaturik jarraitzen dutenak». Baina, eskertzen diot Joxeri bere uste zintzoa. Funtsean berarekin bat nator. Bera ere, agian, bat etorriko den bezala: Aresti izan da gure artean poesia berriari egiazko bultzada eman diona, inguruko beste zenbait ahaztu behar ez ba dugu ere. Eta, Arestirekin batean, Joxe Azurmendi bera, noski: Harri eta Herri eta «Poema beltzaren arbola» denbora berekoak direlako.

        Joxerengan, gehien harritzen nauena da, bere eten gabeko etorria. Etorri aberats horrek irakurlea mozkortzen du irudien bidez sentimenduak kutsatzera arte. Hau du, behar bada, bere dohairik handiena, aipaturiko poema horretatik, unerik-une, eta unerik eten gabe, goraka ari zaigun poeta da. Era batzutan, gorako bideak akituak aurkitu dituenean beste era batera bide berriak urratzen eta goratzen jakin duen poeta, gainera. Gure gazteen artean poetarik oparotsuena noski. Eta oraindik ere, ekinari jarraitzen badio, aurrekaldean esperantza osoa duen poeta. Sozial erak hainbeste landu ondorean, nonbait ahortuak edo izango dituela uste dugunean, existentzialismoaren garrasietatik irtetzen zaigu, hurrengo bi joerok elkarri loturik, erarik egokienean; eta nik ez dakit zer sorginkeriz lortzen duen Herri-lurra eta Herri-gizona ere elkarri korapilatzea, eta izanaren ardurapean jarririk edo nahiz, egundo egoerari erantzunez ari zaigu. Bere etorriak ez du ahorrik ezagutzen. Eta kontzientzia osoarekin dihardu euskal poesian, bere bertsoetan agiri den bezala:

 

                Euskaldun poetek

                tiestoan jarri nahi dituzte

                larrosak.

                Eta sikatu egiten dira.

 

                Euskaldun poetek

                krabeliñak josi nahi dituzte

                solapan.

 

                Eta merkatuetan

                erosten dute hiru txanponetan

                gurea ez den poesia.

 

                Zorionez, gaur, ezta hau

                hainbesteraino.

 

eta ondorean jarraituko du, esanez:

 

                Baina nire bizitzan

                joandako ura dator

                beti berriro

                gogamenen iturria.

 

        Honela azaltzen digu Joxek bere barnetikako euskal gogoa. Bere poesiak, esateko moldeetan, ideiaren indarra azken ahapaldirako gordeaz, eta abar, bertsolarien eskolaren moldeak ditu. Oso berekoi agertzen delarik ere, ez du lehenagoko berekoi intimista eskola era harekin zer ikusirik, eta ezin genezage hartakoekin konpara. Joxek, gauzak, bere barrutik ikusteko erara taxutzen ditu, besteengan aurkitzen diren ez beharrak eta minak ere, eta bere barruko kritika, barnean ondo egosirik, gogoz giroturik kanporat igortzen, era bereziz adieraziaz gainera. Mundu zoriontsu bat espero ezin dugunez, mundu justuago bat eskatuaz, Hirugarren munduaren atariko hotsak nabari ditu.

        Munduko existentziaren garrasiak sakon sentitzen ditu Azurmendik eta bere poesietan isuritzen. Batez ere, 1963-garrenetik bulkatzen dira honela, bata bestearen ondorean, bere barnetikako kezkaz beterik. Nekez sortzen zaio poema axolakaberik, inoiz Erromako Donibaneko Atean bezalakorik:

 

                Gozoa dela ihes egitea

                munduari, gozoa batez ere

                ihes egitea norberari,

                eta oro ahaztea

                lo bigun batean.

 

desira hori sentitu arren, nekeza zaio gizona eta herria nahigabetzen dituen prolemetatik ihes egitea. Horretarako ere barrua behar da. Eta Joxeren sensibilidade finak, Joxeren bihotz handiak asko sofritzen du eta inondik ere ezin du hori soportatu. Munduaren kontzientzia izan nahi luke. Ase ezinezko kontzientzia duenez, bere deiak hurbilago ditu, eta ase ezinezko egarri horrek galde eragiten dio: «Zein ordu da, zein ordu?». Bere ordua inoiz iritxiko zaion ere ez dakielarik eginen du otoi. Baina euskal poesiaren erlojua, geldirik zegoen erlojua, martxan jarri nahi duela dirudi: Jainkozko hutsune baten eragina eta existentzia hutsaren garrasia ditu inguruko.

        Gaurko gazteriarik gehienak zirkin egin dio problema honi, baina bizitzaren arrazoi nagusia hor gelditzen zaigu erabagitzeke. Inork ez daki egiaren berri. Lehengo erlijioak ba zirudien segurantzia osoa zutela; orain berriz ez da zalantza bagerik. Gaur, urruti bezin hurbil gaude alkarrengandik. Zegamako arratsalde euritsu hartan geunden bezin hurbil. Batez ere, elkarri solasez irekitzen direnak ez ote ditugu geroago eta hobeto ikusten gizonetan gizonagoak? Ez dira berdinak bide itxietan itsumustuka joaten direnak. Eta, Joxeren poemen bidez, munduaren misterio zuloak gehitu eta handitu egiten direla iduritzen zait. Larri-minezko bide lauso horietatik ibili garenok, nora ezean, nekez eta abar, argirik gutti, eta bat kezkaren erraietarainoko iluntasuna. Bide horietatik ibiliak, mundu gorrotagarrian dabiltza maitasuna bila, maitasuna eskaintzen eta rnaitasuna eskatzen. Baina, Joxek, egia esan, Jainkoagan fedea bere haragian itsatsirik daramanetakoa dirudi. Guk inoiz hain argi ez ikusi arren ere, bat-batean irtengo zaigu: «Bakarrik nago nere fedean», esanez. Izan ere, existentzia, latza da, latza, fededunentzat eta fede gabeentzat. Dolorea, mina bait da guztiontzat. Geuk nahi dugu zenbait erantzun, baina hutsean uzten gaitu. San Juan de la Cruz mistikaren barrutitik bezala, iduritzen zaigu Joxe Azurmendi existentziaren alorretik bertatik goraka igotzen delarik Jainkoaren alturetara. Eta bere etorri ugarian, «Otoitza»-k direlakoetan batez ere, Job Saindua bezala, minez garrasika mintzo zaigu. Jainkoa bera madarikatzen duen artean, Berari erreguz ari da. Jainkoarekin hauzian ari da, Jainkoa larri-minen adieraziz eta egiztatuz, hain erraz irensterik ez badu ere aurrez-aurre aurkitzen duen errealidadea. Bai, Job bezala azalduaz, garrasika baina ukatzeke:

 

                Zu bezain ahaltsu banintza ni,

                Jauna, ez litzake munduan

                tristurarik izango, ez litzake

                ume itsurik jaioko,

                ...eta ni Zu bezain ona banintza

                onago izango nintzake Zu baino;

                Jauna, ez nuen andre konkordunik egingo,

                ta ez begien argirik zahartzen

                ta ez amarik haur hila bihotzaren gainean duela

                bakarrik abandonatuko.

 

                ...Ez zan mundu hau honelakoa izango, ez,

                eta guk dakigu hitz honek esaten ez duen

                zer esango lukean gure hitza zure justizia balitz.

 

                Zure begiak balira nireok, Jauna,

                harri batekin, haizto batekin, lotsa batekin

                itsutu nahiko nuke beharko nire begiratu zurea.

                Baina ezin, bainan inola ezin.

 

                Aingeru bat egin baninduzu beintzat

                nire egoak norbaiti emanda hiltzeko...

                Bainan gizon. Eta nork nahi du gaur

                gizon bat ezertarako!

 

        Baina, Joxe, beste une batetan ederki diozun bezala: «Gizona mixerablea da, gizon izaten hasteko eskubideen deklarazio bat behar badu».

        Irten ezinezko bide horiek dira, poeta gehien kezkatzen dutenak, eta ez gutxi herriaren zorikaitzak. Inolaz ere ez dira irakurri eta lasai gelditzekoak, baizik eraginkorrak, zerbait pentsatzera bultzatzen gaituenak.

        Hizkuntzaren aldetik, euskera erraza eta aberatsa du. Aberatsa ugaritasunean eta aberatsa esaeretan. Hegats azkarra eta bizia du.

        Bere poesia libreagatik ez dut uste gaurko euskaldunen artean inor harrituko denik. Prosa bezala, hitz jarioa neurririk eta punturik gabe dator. Gaurko irakurlea ohitua bai dago molde berri horietara. Poetak aspaldi konturatu ziren, neurria, puntua eta gainerako erregelak ez zirela hain zuzen poesiaren funtsa, eta bai sarri azaleko jantzi horiekin, poeta ez zirenak itxuraz apain estaltzeko zirela.

        «Poema beltzaren arbola»-k gerora eskaini digun fruituak gure poemagintza askozaz ere helduago jartzen digu liburu hau argitaratzean. Euskal literaturak bere kondairaren mugak beteagotzen ditu izen batzun emaitzez, berebizi egungo poemagintzak, eta norbaiten huts egitearen arriskuz bada ere, lehengoaren susmo lausoak zerbait argitzeko, izen batzuk aipatuko ditut, arestian jarri ditudan arrazoiegatik. Azken boladako mugimenduaren eraginak, batez ere Lizardi eta Lauaxeta-ren sustraiak ditu alde batetik eta bestetik Salbatore Mitxelena, Iratzeder, Miranderenak. Eta azken bi hauen haize freskoa besteenarekin nahastean sortu zitzaigun ondorea. Eta ondorean, aipagarriak ditugu: Erkiaga, Gandiaga, Gaztelu, J.M. Lekuona, Otsalar (Joxeren baimenez eta desiraz), Aresti, Etxamendi, Lasa, P. Iztueta, J.M. Mujika, Lete, Garin, Sarasola, Landart, M.A. Intxausti, Arze, eta abar. Eta azkenik Jabier Azurmendi (1970-eko «Agora» saria), Jainkoaren heriotzari buruzko poema izugarrien egilea; lehenbait lehen liburu batetan argitaratua ikusiko ahal dugu. Nork esan poesia berria aberatsa ez denik? Gaurko euskal literaturaren mugimenduan aberatsena eta askozaz ere aurreratuena noski.

        Baina poetek bakarrik ez dute egiten poesia, poetek soilik ez dute zer idatzirik, herri-giroa herriak berak loratuko ez badu. Honetarako, poetek, beharrezkoa dute konpromisoa hartu beharra, gizonei, mitxeletei eta lorei baino ardura gehiagoz begiratuaz. Herriarekin lotzen duen bikotasuna, eragingarria bait da. Eragingarria bi aldetatik. Herriak kolpez ebakiko du bidea, poetek formak sortzen dituztelarik.

        Azken urteotan pizkundean goraka datorrena dugu Azurmendi, eta bere poemak ere, moldez bezala gaiaz, goraka etorri zaizkigu, inguruan aurkitu duen giroaren neurrira edo giroak berak eraginik. Eta, giroari berari nork emanen dio poetak haina?

        Eibar, 1970-eko urriaren 17-an.

JUAN SAN MARTIN

 

Bilaketa