Hemen doa gaur
Juan Mari Lekuona
«Hego haizearen konpasean»
Mikel Arregi
Kriselu, 1975
Poema honek haseran dituen hitzekin, edo berdintsuekin behintzat, hasten dut nik ere idazlan honen aurkezpena eta presentazioa: «hemen doa gaur».
Poesigile gazte bat datorkigu, poeta berri bat, bere lehen bilduma tajutuaren eskaintza egiten digula. Ezezaguna denez gero eta interesgarria izanik berak egiten digun aportazioa, hitz bitan nahi nituzke azaldu egilea eta beronen poemagintza iadanikoa.
Egilea
Mikel Arregi Nafarroako Areson jaioa dugu, 1948.go Martxoaren 17an. Hamar urtez geroztik, Donostiako Antiguo auzoan bizi da. Horrela, baserriko eta hiri haundiko sustrai hau garrantzizkoa da ezbairik gabe Mikelen poema hontako hizkuntzan eta iduriketan.
Bestalde, ikasien mailan ezarri beharrezko egilea dugu, noski. Bere ikasketak, teologiara arte, Donostiako Seminarioan egin zituen; gero EUTG ikastetxean «Filosofia y Letras» izeneko karrera egin zuen. Eta gaur, ekinbidez eta ogibidez Beasaingo Lizeoan irakasle ari da. Badu, beraz, egile honek prestakuntzarik aski jakintza aldetik, pentsamendu eta sensibilitate aldetik; badu gaur hain beharrezkoa den literatur ikaskuntza eta gogo-zabaltasuna, poesigintzaren on eta mesedetan.
Mikelek gehien maite dituen poesi joerei bagagozkio, badugu esan beharrik. Irakurle suharra izan da beti. Haseran, 1927.go españiar poetak zituen gogozkoen. Gerora, aipatu erdal poeta hauek estilistegiak iduriturik edo, beste iturri batzuetara zuzendu zituen pausoak. Oraintsu arte, irakurgai eta gogo-azkurri bezala ezezik, biderakusle bezala hartu ditu, ondo oharturiko hautapenez hartu ere, Blas de Otero eta Gabriel Celaya. Miresten du bihotzez Miguel Hernandezen azken aldiko poemagintza garratz, gizakoi eta traszendentala. Bestalde, klasikoak ere oso gogozko zaizkio, hala nola Garcilaso bat Baudelaire bat. Aitortzen du Mikelek nolako barne-eragina egin zion aipatu autore frantsesaren irakurtzeak.
Hala ere, ez da ttikiagoa izan Mikel Arregiren poesigintzan autore euskaldunek izan duten bulkoa eta eragina. Haseran, Orixe izan zuen gidari eta osagarri. Ondo zetorkion, jakina, Aresotar ikasle gazteari Orixeren idazlana, Uitzikoaren euskara polifonikoa.
Gerora, eta poesi alderdiari gagozkiolarik, zantzu nahiko nabariak daude aurkezten ari garen «Hego haizearen konpasean» izeneko poema hontan. Arestik ezarri zituen utzi-ezinezko hildoetatik, X. Leteren eta I. Sarasolaren maisugoa eta poesi-bidea nabari daitezke, besteak beste. Eta influentzia apalago batetan, J. Azurmendiren eta J.A. Artzeren aztarrenak nabari daitezke bizitzaren eta espazial poesiaren alorrean. Baina puntu hau zerbait argixeago ikus daiteke poemaren mamia eta estetika legeak aztertzerakoan.
Poemaren mamia
Mamirik giarrena existentziaren gatazkak ematen dio poesia honi: bizitzaren zepoan erori denaren gatazka da, «bizitzaren pertsianak arrapatu zutenez geroztiko» gizon kezkatiaren lehia, irtenbide baten billa. Poemaren sarreran irakur daiteke egilearen kinka larria:
«eta ez dut bereizten
zer den argi eta gau.
horrela ez da posible
egun batetan izatea
libre.» (II.ean)
Existentzialismoaren joera honek bereak dituen ikuspegi eta sentipen maitatuenak erabiltzen dizkigu Mikelek; eta, irudiz, mugiduraz, funtsezko plastizitate batetan erabili ere: bakartadea (II eta XIX.ean), gizonaren iragankortasuna (IX.ean), pozik eza (XXIX.ean), eguratsaren erresumako sabel berrian heldulekurik ezaren estrainio bitxia (XXIII.ean), heriotza eta abar. Bizitzaren tematika arnasa biziz emanik dago, kreatibitate txukun eta apainean.
Planteamendu idekia egiten du Mikelek bizitzaren arazoari buruz. Gizartez eta kulturaz anitztasunean hazia eta hazia da bera. Horregaitik edo, poema hau sujerentzia zabal bat gehiago da aitormen herstu bat baino. «Honek erremediorik ez duela defenditzen/dutenen alde» (II.ean) zenbaitetan mintzatuko da, «ezaren» «baia» aldarrikatuz. Ete beste zenbaitetan, berriz, «esperantza gutxiko bide ertzean», oihukatuko du gazte izatearen esperantza, «eta datorren udazkenean/etorriko direla/haize bolada hobeak» (IX.ean), gauzak baiezteak duen «ezetz» latza eta itogarria sentiarazten digula.
Bizitzaren hauziak poemaren lekurik gehiena hartzen badu ere, beste zenbait gai ere ematen dizkigu idazlan honek: hala nola, Euskal Herria, gizarte hauzia, umetaroa eta abar. Zabaleraz gai klase hauk laburrago emanik badaude ere, etzaizkit gutxiago gustatzen «Oi nere luma» (XX.a) eta «Euskal Herrira tipula janez etorri denari» (XXVII.a). Apalago nabari diren gai hauek badute neretzat nabardura bat oso gogozko zaidana: Humanismo zabal baten minberatasuna, ekilibrio eta oreka egokian.
Dirudienez, hemen doan poesiaren mamia ez da ikerkuntza baten ondorio, objetibatze berrien edertasuna billaka eta hitzen forma berriak bilaka sorturikoa. Batez
ere, barne eraginaren araberan dabil. Egileak barne sentipenetan eta kaskoan darabilena kanpora azaltzeko ahalegin bat da poema honen eragin-indarra. Barne korapiloak azaltzeko hatz joko urduria. Horregatik poemaren batasuna gaiaren banakuntza zehatz batetan baino egilearen nortasunean gehiago datza: giro jakin bateko borroka bizi duen gaztea da poema honen giltzarria.
Estetika legeak
Estetika legeei buruz, Mikel Arregiren lana sinbolismoaren hildotik edo dabil. Eta bere bizikizunaren mundua gugana jaritsi dadin, hiru mundu hauetan sortuak diren iratxoak jarriko ditu lanean: Aresoko mendi bizitzako iratxoak, Antiguoko itsas bazterrekoak, Donostiako hiriburukoak.
Aresotik dakar irudi aukerakoa, baserri birakoa: haurtzaroa, udazkena, hego haizea, uso pasa, sanjose lore, hosto berde, gibelurdin more, ttikitako belar berdea, udazkeneko kurriloen hegada, ihesi doan kea eta horrelakoak. Baserri giroa kaletik ikusten deneko umetaroaren urruti mina daiteke.
Antiguoko ondartza inguru, farola baten azpian, farolaren argi motela, lanbro fina, aterkiaren pean, hondar alea bezala, itsasoaren doinu tristea. Itsas ertzeko oroitzapen mundu hau berriago du.
«harroken kontra
zure kolpea
ez da tristea.
harkaitz artean
zure soinua
bertso doinua.» (V.ean)
Eta hiriburuan, berriz «sonbrerorik gabe/korbata ere ez da beharrezkoa/azeraz azera/kalez kale» (II.ean) «erosi nahi nuen auto berria» (VIII.ean) jendea, Donostiako estazioan, «gaita joaz/tristeziaz beterik/etortzen denari/bertsoa kantatzen diot» (XXVII.ean); eguneroko maleta pisua, «trenaren hots monotonoaren/konpasean». (XXVII.ean). Gaurkoago den mundu bat dakar, gehiengoaren mundua, zirrara apartekoa egiten duen mundu irakinagoa.
Aipa dezadan orain egile gazte honen estetika mailazko kreatibitatea eta sorkuntza. Estimagarri dela derizkiot eskaintzen digun lanari. Besteak beste, bi aportazio nabarmenduko nituzke neure iritzian.
1. Esaunda berrien ederkerazko konjunto berriak. Zenbaitetan usariozko bideetan dabil; baina baditu nahiko orijinal diren esaerak, euskara ohia bortxatzen duela. Bereziki aipa ditzadan:
«bizitza urratuen/barneko mindura» (VIII.ean);
«esperantza ordu iheskor/eta zelatarien/gaineko paretan» (XVI.ean);
«begirada lasai/eta mugagabea/mugagaberik gabeko/eternitate sor eta gorrean/begi ninia kulunkatuz» (XVI.ean);
«deusezaren/indar ezkutu/eta lehorrei» (XIX.ean)
«apalik gabeko/armario/ixilean/... bizitzaren/akorde/disonantea/eta
lurraren/indar/izuek/emandako/suertea» (XXII.ean);
ezin egon guztiaren/betiko sekretua» (XXlll.ean);
«konposantua/koroi eta lore ihartuen merkatua/zipres bakartien maitalekua» (XXVI.ean).
Sortzaille agertzen zaigu Mikel Arregi hizkuntza poetikoaren langintzan, eta badu nortasunik aski alderdi hontatik, berea duen abots propioaz hitzegiten digula.
2. Beste bide bat poesigintzan baderabil egileak, askotan eta zentzu onez erabili ere. Esan nahiaren esan nahiz aipatzen dituen paradosak eta itxura kontrakoak dira aipatu nahi dizkitzuedanak. Ikus esenpluren bat edo beste:
«bertsoa/hitzik gabekoa» (II.ean),
«inondik heldu ez diren/soinuei begira» (XVI.ean),
«urik gabeko itsasoan/.../zuhaitz gabeko baso plai ondargabea» (XXIII.ean),
«lurpean egonik ere bizitzeko...» (II.ean).
Eta buru zorrotzez egindako espresiobidetan dabilenean, azpimarkatu nahi nuke egileari zenbaitetan gogozko zaion kontrasteak ezartzeko lana. Kanpotik barrura, besterenetik berera eta abar, txango eta salto egiten digu, logika lege zehatzak gaindituaz:
«eta egurrezko maleten pisua
kolkoan daramala,
nerea ez da hain makala,
presentatzen denari,
ene maleten pisua,
trajea ez dut diruz forratua,
berdintsu dela
esaten diot» (XVII.ean)
Neronek azpilerrotu ditudan inziso horiek gogozko ditu Mikelek eta oso bereak; nortasunez erabiltzen ditu, gainera.
Estetika legeei gagozkielarik, beste zertxo bat aipa dezadan: ahozko literaturaren osakaiak bere egin izana, batez ere bertsolarien munduko espresiobideak eta herri filosofiaren ateraldiak. Berdin, baita, poesia espazial mailako zenbait apunte ekarri izana poema hontara, neurri apal batetan bederen. Hauek, ordea, egilearen poemagintzan dohairik nabarienak ez direnez gero, ez dut emango adierazgarririk eta esenplurik. Hala ere ez dezaket aipa gabe utzi herri poesia zaharrak eta poesi joera berriak Mikelen esanmoldetan duten presentzia.
Iritzi laburra
Gaztetako lana da Mikelek gaur eskaitzen digun poesia hau: bere alde onekin eta hain egina ez dagoen poesiaren nabardura jakinekin.
Esana dut nola Mikel sartzen den Arestiren hildoan, X. Lete, I. Sarasola, J. Azurmendi eta J.A. Artzeren eskutik. Baina ez nago konforme beste alderatze bat eta konparaketa bat egin gabetandik. Neretzat, badu idazlan honek kidetasun aparteko bat beste bi poeta gazterekin: Juan Mari Irigoyen eta Iñaki Zubizarretarekin. Kidetasun hau orain ari naizen lanerako argigarri dela uste dut. Horregaitik aipa diezazuedan hiru poeta gazte hauen
azal-azaleko kidetasuna.
Urte berean plazaratuak dira: 1974.ean, «Ciudad de Irún» literatur sariketan. Hiruak urtearen barru argitaratuak. Adinean berdintsu, garai berean Donostia inguruan ikasle edo izanak, kezka askotan kideko, gogojoeretan, berriz, garai beraren garaiko.
Kidetasun sakonxeago bat ere nabaria dateke hiru poema hauetako bakoitzaren gainean eta azalean. Baina ez da nere hemengo arloa. Hala ere barkakizun bekit gain-gaineko kidetasun bat aitatzea, euskal parnasoan Mikelen lana nun sar argi dizazuedan. Bizitzaren kinkaz kezkatuak daude hiruok; humanismo aberats eta sakon baten lantzaile ditugu; oreka eta ekilibrio haundiz beren giza-erantzuna ematera gertu daudenak: «hutsatik esperantzara» (Irigoyen), «heriotzaren eta bizitzaren mugetako hitzak» (Zubizarreta), «aitormen sinzeroa» (Arregi)... Eta berdin hiruok gaurko euskal poesiarekin duten lokarria,
gaurko bertso egitura eta eskolekin duten antza berdintsu, hertsia.
Azkenik, aipa ditzadan Mikelen idazlanak agirian dituen hasi berriaren zenbait ñabardura. Behin edo beste krokis antza hartzen diot; inoiz, ez askotan, hitz gehiegizkoan irristatzen zaio kritikakuntza. Baina esperantzagarri dira benetan bere nortasun poetikoa, bere sorkuntzarako ahalpidea, bere hizkuntza poetiko bizi-bizia.
Badakit, Mikel poesiaren alorra aztertzen, gutxi edo gehiago, eten gabe ari dela. Eta hau benetan mesedegarri da poesigile batentzat. Urteen buruan edukitako bizikizunez baliaturik, munduaren eta mundukoen eskarmentua pentsamolde berrietan birreginaz, eta estetika legeetan garaiaren garaiko izanaz, badakit berriro ere Arregik emango digula poema berrietan bere artearen agerkera gero eta batuagoa.
Donostia, 7-IX-1975