Lizardi, poeta
Gabriel Aresti
Zeruko Argia, 1964-IV-19
Zer esan genezake Lizardiz? Nola laudatuko dugu haren poetatasuna? Nola hitzak eraman genitzake ahora, haren poesia sakon eta gorengoa bere hedadura zehatzean jartzeko? Hemen ezer esaten baldin badugu, uste dugu gure esaerak gure Lizardi txikitu eta zikindu beste ez duela eginen.
Lizardi ezta esplikatzen. Lizardi konprenitu egiten da. Egun batean gizon eskolatuak etorriko dira, eta gorputz edo hilotz ustel balitz bezala, autopsia zehatz bat egiteko asmoa ekarriko dute. Filologoak, eskola-gizonak, linguista, hizkuntzaren aztertzaileak, gramatikoak... hoiek, gizon jakintsu guzti hoiek, hizkuntza biziaren eta eskritorearen etsaiak dira. Gure hegalak mozten dituzte. Haien artazietatik ihes egin behar dugu, honela gure ibilaldia luzeagoa izan dadin. Eskritorearen eta herriaren artean komunio bat egon behar du. Gramatikoak eta filologoak komunio hori zikintzen dute.
Danteren komedia hartzen dut esku artean, eta haren italiano zaharra erabiltzen dut ezpain artean. Hitzaren eta adieraren artean, espirituzko melodia bat formatzen zait barrenean; baina gero Danteren gainean hainbeste saio eta hainbeste estudio egin dela pentsatzen dut, eta hilotz ustel baten aurrean aurkitzen naizela sentitzen dut. Haren gorputza hil egin dute ganibet-kolpeka, baina haren espiritua haizearen arnasetan dago bizirik, melodia atsegin batean hedatzen da durundioz arimarik arima. Baina gizonok gorputzezkoak gara, eta poesiaren gorputza behar dugu.
Horrexegatik ez dut Lizardiren gainean ezer esanen. Ez dut haren gainean ezer idatziko. Baina laudorio hau finitzen dudanean, haren Urte-giroak eskuan harturik, Lizardi irakurriko dut. Eta ariman lehen esandako melodia atsegin hura formatuko zait.
Eta pentsatuko dut. Pentsatuko dut Lizardik urrezko orri bat eskribitu zuela euskal literaturan, guztirik ederrena, guztirik distiratsuena. Haren izena munduko abangoardian aurkitzen da: Cesar, Nicolas, Pablo, Louis, Gabriel, Nazim, Mikail Vileszlav... eta Xabier. Lehengo egunean hala esaten zidan Bladi Oterok. Eta hark badu zergatik jakin.
Lizardi gure artean bizi da, gurekin bizi da. Gure ariman, gure izaeran, gure gutizietan hartzen du parte. Gizonak egunero arrazoiaren alde egiten duen borrokaldian lagun indartsu bat da. Okerbideak txarki tratazen nauenean haren abaropean ezkutatzen naiz. Haur txarki alimentatu bat ikusten dudanean, bide ertzeko belar gizenaren azpian hartzen dut babesa. Nire arima deseo gaizto batek hartzen duenean, amonaren hiletaz gogoratzen naiz. Lizardi nirea da, nire esku biak, nire poesia eta nire herria nireak diren bezala. Gizarteko komunio batean.
Baina egun batean, badakit, filologo bat etorriko da eta Lizardiren poesia aztertuko du puntatik hondoraino. Lizardiren poesiaren gorputza hilen du ganibet-kolpeka. Haren espiritua ez du ukituko ere, zergatik... nola kometatuko dute filologoek poesiarekin? Baina niri, Lizardi kenduko dit beso artetik, orduan ez naiz pagadiaren freskura atsedenean etzanen. Egun hartan nire bakardadea haundiagoa izanen da. Egun hartan birao bat esan beharko dut.