literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Lur hiztegi entziklopedikoa»

Lur, 1991-1994

 

Lete Bergaretxe, Xabier

 

Gipuzkoako idazle eta kantaria (Oiartzun, 1944). Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen (1965), Mikel Laboarekin eta Lurdes Iriondorekin batera. Urte hartan bertan bere olerkiak kantatzen hasi zen plaza agerikoetan. Frantziako existentzialismoaren eragina antzematen zaio lehen urte haietan, Euskal Herriko egoerari lotua. Lehen poema liburua 1968an argitaratu zuen: Egunetik egunera orduen gurpillean. Urte berean lehen diskoa plazaratu zuen, Lurdes Iriondorekin batera: Errota zahar maitea. Gero etorri ziren Nafarroa arragoa, Kantatzera noazu eta Lore bat, zauri bat. Baga, biga, higa (1970) ikuskizunean parte hartu zuen, eta hainbat emanaldi eman zituen, beste taldekideekin batera. Handik bi urtera, ordea, taldea desegin zen, eta bakarrik hasi zen kantari. 1975etik 1978ra Antton Valverderekin elkartu zen, eta bertso zaharren bertsio berriekin bi disko atera zituzten. Ordurako, Bigarren poema liburua (1974) argitaratua zuen. 1977an, eta Eugenio Arozenarekin batera, Antzerkia deuseztik izatera izeneko obra argitaratu zuen; bertan dago Txirritaren astolasterra izeneko antzerki lana. 1978an, agertokietatik apartatu eta kantagintzari utzi zion. 1981ean, Urrats desbideratuak izeneko poema liburua argitaratu zuen. Gero, sorkuntza lana erabat utzita, Gipuzkoako Aldundiko Kultura sailean ihardun zuen, Zuzendari Nagusi, lehenbizi (1983), eta Sailburu, gero (1985). Ihardun politiko horren ondoren, kantagintzari ekin dio berriz, eta bi disko atera ditu: Eskeintza eta Hurbil iragana. Erialdi larri baten ondoren, 1992an Biziaren ikurrak izeneko poema bilduma barnerakoi eta traszendentziari buruzkoa argitaratu du.

 

Bilaketa