Etxepare, Bernart
Euskal idazlea, ezagutzen den euskarazko lehen liburuaren egilea. Ez da gauza handirik ezagutzen haren bizitzari buruz. XV. mendearen bukaera aldera jaio zen, Garaziko eskualdean, zehazterik ez badago ere zein herritan. Heriotza, berriz, ez da daturik. 1518an, Donibane Garazi ondoko Eiheralarre herrixkan zen erretore, baina lehenago Donibanen bertan egon zen apaiz. Agiriak badira frogatzen dutenak 1516an Juan II.a Nafarroako erregeak, Gaztelako Fernando erregearen kontra, Donibaneri setioa jarri zionean Etxepare han zela. Poema batean azaltzen duenez, preso egon zen Biarnon Nafarroako erregearen mende, seguraski Gaztelako erregearen alde egin zuelako. Liburu bat idatzi zuen, Linguae Vasconum Primitiae, eta Bordelen inprimatu zen 1545ean. Hamabost poemez osatutako bilduma bat da, eskaintza moduko hitzaurre labur batekin. Lehenengo bi poemetan gai erlijiozkoa darabil, hurrengo hamarretan amodiozkoa, sarri gordintasun betean azaldua, hamairugarren poema autobiografikoa da (kartzelako egonaldia), eta azken bietan euskararen goraipamena egiten du, estraineko aldiz inprimeriara ematen zelako bozkarioz betea. Euskara Garazikoa da ia oso-osorik, eta neurkerari dagokionean, gehinetan, 15 silabatako bertso lerro luzeak ontzen ditu bi ataletan banatuak. Bertso tajukera eta gaien erabilera herrikoia da erabat, eta antz handia du lirika herrikoiarekin. Ikerle askok parekotasunak bilatu dizkiote Hitako Artziprestearekin, baina, eraginei dagokienez, ezin dira ahaztu beste zenbait poeta, François Villon, Clément Marot eta Probentzako juglareak esaterako.