Joannateguy, Basile
Nafarroa Behereko idazlea (Isturitze, 1837 - Lazkao, 1921). Apaiz egin zen 1862an. Saran erretorearen laguntzaile eta Altzain erretore izan zen lehenik eta 1880ean Belokeko monasterio beneditarrean sartu zen. 1903an Combes ministroaren agindupeko erlijio gizonen aurkako esetsaldia zela eta Lazkaora jo behar izan zuen beste kideekin batera eta han bizi izan zen ondoko urteetan, hil zen arte. Urte luzez, Fedearen Propagacioneco urtecaria edo Fedearen Propagacioneco berriac urteca ematen dituena. Bi ilhabetetaric agertzen dena itzultzen aritu zen. Joannateguyren obra nagusia Ehunbat sainduen bicitea (1876) da; lan hori zuzendua eta emendatua eman zuen 1890ean Sainduen bizitzea izenburuarekin. Bertan, egunez egun, kristau egutegiko santu guztien bizitza kontatzen da, baina argitalpen horretan urteko lehen lau hilabeteen bilduma besterik ez zuen egin. Hurrengo bi hilabeteena 1900ean argitaratu zen, «Sainduen bizitzea. Bigarren zatia» izenburupean. Asmo hori jarraipenik gabe geratu zen. Beraz, urte erdia bakarrik bukatu zuen. Beste izenburu batzuk: Ceruraco biderik errechena (itzulpena, 1877), San Benoaten bicitcea (1877), Bihotz Sacratuaren hilabetheco escu-liburua (1894), Michel Garikoitz (1900) eta Bihotz sakratuaren hilabethea (1912).