literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Lur hiztegi entziklopedikoa»

Lur, 1991-1994

 

Arana Goiri, Sabino

 

Euskal nazionalismoaren eragile eta ideologo nagusia (Abando, 1865 - Sukarrieta, 1903). Santiago Arana itsasontzigile karlistaren semea. Gerra Karlistaren gorabeherek Lapurdira aldarazi zuten Aranatarren familia osoa 1873. urtean. Hiru urte geroago itzuli ziren berriro eta batxilerra Urduñako jesuitetan burutu zuen. 1882an Luis anaiarekin izandako eztabaidek karlismo eta foruzaletasunetik abertzaletasunera eraman zuten. Garai hartan hasi zen euskara ikasten Willem Jan Van Eys holandar euskaltzalearen obren laguntzaz. Aita hil ondoren ama eta anaiarekin batera Bartzelonara aldatu zen eta han Sabinok Zuzenbidea ikasteari ekin zion. Ama hiltzean (1887) ikasketak alde batera utzi eta Bilbora itzuli zen berriro. 1886an Euskal-Erria aldizkarian agertarazitako El proyecto de Academia Bascongada del señor Artiñano lanarekin abiatu zuen hizkuntza, politika, historia eta literatura gaiez osatu zen obra joria. 1887an Bizkaiko Aldundiak Bilboko Instituturako euskara katedra atera zuen lehiaketara aurkeztu zen, Unamuno eta R.M. Azkuerekin batera. 1892an Bizkaya por su independencia argitaratu zuen, lehen «La Abeja» aldizkarian kaleraturiko lanez osatua; obra hau dotrina abertzalearen azalpena da, Bizkaia naziotzat hartuz. Sabinoren iharduera politikoa Larrazabal baserriko hitzaldiarekin hasi zen, 1893ko ekainaren 3an, Bizkaya por su independencia liburuaren tesiaren adierazpena eginez, manifestu gisa irakurririk zenbait lagunen aurrean. Bost egun geroago «Bizkaitarra» hilabetekariaren lehen alea kaleratu zuen, Sabino artikulugile ia bakarra zelarik. Aldizkari horretan azaldu zen lehendabizikoz Aranatarrek ezarritako lema: «Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra». 1894ean antolakuntza politikoari ekin zion Euskeldun Batzokija sortuz. Ikurrina bera garai horretan moldatu zuten Arana anaiek. Sabino eta haren ideien aurkako esetsaldia areagotu egin zen: 1895eko abuztuaren 28an Larrinagako espetxean sartu zuten; handik 7 egunera agintariek «Bizkaitarra» galerazi egin zuten, eta irailean bertan Euskeldun Batzokija itxi erazi. 1897an «Baserritarra» aldizkaria agertarazten du, Teofilo Guiard historigile ezagunaren zuzendaritzapean; hiru hilabete geroago galerazi zuten aldizkari hori ere. El partido carlista y los fueros baskonabarros (1897) liburuan zazpi probintzien arteko konfederakuntzaz mintzatzen zen, Euskal Estatua eratzea proposatuz. Aber-tzaletasunak, ordea, aurrera jarraitu zuen: 1898ko hauteskundeetan Bizkaiko ahaldun hautatu zuten Sabino eta ondoko urtean bost zinegotzi abertzale hautatu ziren Bilbon. 1899an, Luis bere anaiarekin batean, lehen egunkari abertzalea atera zuen: El Correo Vasco, hiru hilabete iraun zuena. 1901ean Patria astekari berria kaleratu zuen. 1902ko ekainean berriro espetxeratu zuten eta azaroan asketsi. Urtebeteren buruan hil zen, 1903ko azaroaren 23an, Sukarrietako etxean, 38 urte besterik ez zituela.
n Euskararen alorrean Sabinok eragin handiko lanak burutu zituen. Lecciones de Ortografía del euzkera bizkaino (1896) izenburua duen liburuan ortografi sistema berria proposatu zuen, hegoaldean, partez bederen, nagusitu zena. Egutegi bizkaitarra (1896, 1897, 1898) eta Deun ixendegi euzkotarra (1910, Eleizaldek argitaratua) obretan Sabinok asmaturiko izendegia agertzen da, geroztik hain arrakastatsu gertatu dena. Halaber hitz berrien asmatzailea eta lexiko garbizaletasun berriaren aldeko joeraren aitzindaria izan zen. Euskaraz gauza gutxi idatzi zuen, haren Olerkijak 1919an Eleizaldek bildu eta argitaratu zituelarik.

 

Bilaketa