literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Lur hiztegi entziklopedikoa»

Lur, 1991-1994

 

Xaho Lagarde, Josep Augustin

 

Zuberotar idazlea (Atarratze, 1810 - Baiona, 1858). Maulen, Oloroen eta Paben egin zituen ikasketak. Hemeretzi urte zituela, Parisa joan zen sortaldeko hizkuntzak ikastera, eta Charles Nodier-ekin harremanetan hasi zen. 1838an, Okzitaniako Tolosara joan zen bizitzera; han, Revue des Voyants izeneko aldizkari bat sortu nahian ibili zen. Handik bi urtera, Euskal Herrira itzuli eta L'Ariel egunkaria sortu zuen. Egunkari hartan eztabaida ugari izan zituen, eta bere teoria bereziak plazaratzeko leku egokia aurkitu zuen. 1848ko Iraultza piztu zelarik, L'Ariel-ek izena aldatu eta, Le Republicain de Vasconie bihurtu zen. Euskarazko astekaria ere egin nahi izan zuen, baina bi ale besterik ez zituen atera: Uscal-Herrico Gaseta (1848). Zinegotzi izendatu zuten, Goardia Nazionaleko komandante eta Basses-Pyrénées-ko kontseiluko kide. 1852an, egunkaria ateratzea eragotzi zioten, eta Xaho erbestera bidali zuten. Belgikan sartzen ez zioten utzi eta, Gasteizen hartu zuen bizilekua. 1854an, Baionara itzuli eta Safer ou les houris espagnoles eleberria argitaratu zuen. Euskaraz, Azti-begia, Agosti Chaho Bassaburutarrak Ziberou herri maitiari Parisetik igorririk beste hanitchen aitzindari argui-bidian goiz izarra (1834) izeneko liburuxka idatzi zuen. Baina, frantsesez liburu anitz plazaratu zituen; horien artean: Paroles d'un voyant, Paroles d'un Biscaien aux Liberaux de la reine Christine (1834); Voyage en Navarre pendant l'insurrection des basques (1830-1835) (1836); Etudes grammaticales sur la langue euskarienne (1836); Histoire primitive des Eusqueriens-basques, langue, poésie, moeurs et caractère de ce peuple (1847); Biarritz entre les Pyrénées et l'Océan: Itinéraire pittoresque (1855); Dictionnaire basque, français, espagnol et latin (1856). n Bere burua agnostikotzat, azti edo igerletzat eta ezkertiartzat jotzen zuen. Xahok, bere izpiritu erromantikoari jarraituz, asmatu zuen, besteak beste, Aitor elezaharreko pertsonaia. Kantu zaharrak biltzen ahalegin handiak egin zituen. Zumalakarregirenganako miresmen handia agertu zuen bere idazlanetan, eta gisa askotara euskal abertzaletasunaren aitzindaritzat jo daiteke.

 

Bilaketa