Abbadie, Antoine Thompson d'
Zientzi gizon, bidaiari, etnografo eta hizkuntzalari euskaltzalea (Dublin, 1810 - Paris, 1897). Irlandan jaio bazen ere, aita Urrustoikoa zuen (Zuberoa). Zortzi urte zituelarik Frantziara itzuli zen bere familiarekin. Sorbonan zientzia eta geografia ikasketak burutu ondoren Brasil (1835) eta Etiopia (1837-1848) ezagutu zituen geografia, astronomia eta etnografia ikerketak eginez. Etiopiatik zientzi alor askotako material gaitza ekarri zuen, beraien artean 15.000 hitzetik gora dituen amarikera hizkuntzaren hiztegia (Catalogue raisonné de manuscrits éthiopiens). 1849. urtean itzuli zen Euskal Herrira, Hendaian finkatu zen eta Abadia jauregia eraiki erazi zuen. Zientzi helburu zehatzeko bidaiak egiten jarraitu zuen (Kairo, Atenas, Alexandria, etab.) bizitza osoan zehar. 1867an Parisko Zientzi Akademiako kide izendatua, 1892an erakunde bereko lehendakari hautatu zuten. 1853 urtean Euskal Jaiak eratu zituen Urruñan, euskal letren Pizkundean hain garrantzitsuak gertatu ziren Lore Jokoak barne zirelarik. Augustin Chahorekin lankidetzan Etudes grammaticales sur la langue euskarienne obra idatzi zuen. Euskal kulturaren hainbat idazlek Darrigolek, Bonaparte printzeak, Intxauspek, Duvoisin kapitainak, Jose Manterolak, etab. izan zuten haren eragina.