Mogel Urkiza, Juan Antonio
Gipuzkoar idazlea (Eibar, 1745 - Markina-Xemein, 1804). Aita sendagile zuen eta, gaztea zela, Markinara joan zen familia guztia. 1770ean apaiz egin zen, eta Markinako erretore izan zen 1788az gero, hil arte. Frantziako Iraultzatik ihesi Hegoaldera zetozen Iparraldeko apaizei etxean babesa eman zien. Harremanak izan zituen, besteak beste, Astarloarekin, Peñafloridarekin, Samaniegorekin, Vargas Poncerekin eta Juan Bautista Agirrerekin. Humboldt alemaniar ikerlaria Euskal Herrira etorri zenean Mogelekin egon zen, eta berak eman zion Humboldt-i Leloren kantuaren berri. Añibarroren adiskide izan zen, eta biek batera finkatu zituzten bizkaiera literarioaren oinarriak, nahiz eta Mogelek lehen liburuak gipuzkeraz idatzi zituen. Hala ere, Mogel eta Añibarro ez zetozen bat bizkaiera literarioaren ereduan. Mogelek Markinako hizkera erabili zuen, eta Añibarrok, berriz, Arratiakoa. n Idazlanak. Confesio ta Comunioco Sacramentuen gañean Eracasteac (1800), gipuzkeraz idatzitako katexima; Versiones bascongadas de varias arengas y oraciones selectas de los mejores autores latinos, eta Nomenclatura de las voces guipuzcoanas, para que se puedan entender ambos dialectos (1802), batera argitaratu ziren eta bertan Zizeronen, Salustioren, Tito Livioren eta Curtzioren lan batzuk ageri dira euskaratuak; bigarren partean, gipuzkeraz idazteagatik jaso zituen kexuei erantzuten die. Confesio Ona edo ceimbat gauzac lagundu biar deutseen confesinuari ondo eguiña izateco (1803). Cristinavaren jaquinvidea (1805), Astetaren itzulpena. Cartas y disertaciones de don Juan Antonio Moguel sobre la lengua vascongada (1854). El doctor Peru Abarca, catedrático de la lengua bascongada en la universidad de Basarte o diálogo entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan (1881); 1802. urterako Mogelek bukatua zeukan Peru Abarca, baina arazoak izan zituen argitaratzeko eta handik laurogei urtera kaleratu zen. 1987an, eta Luis Villasanteren eskutik, Cristaubaren Icasbidea edo Doctrina Cristiania izeneko obra argitaratu zen. Peru Abarca da Mogelen lanik ezagunena, hura izan baitzen euskaraz idatzitako lehen eleberria edo eleberri tankerakoa.