Velez de Mendizabal, Jose Maria
Arabar idazlea (Aramaio, 1949). Ekonomia eta Enpresetako Zientzia ikasketak egin zituen. 1985-1989 urte bitartean Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izan zen eta 1993az gero Eusko Ikaskuntzaren kudeatzailea. Hiru biografia liburu argitaratu ditu: Sebero Altube (1969), Iokin Zaitegi (1981) eta Pedro I. Barrutia (1983). Velez de Mendizabalenak dira, halaber: Lainopean kantari (1983) eta Sixties (1990), artikulu bildumak; Zeu zara, Carmen (1984), ipuin liburua, eta Yehuda (1992) eleberria. Gaur egun Euskaldunon Egunkarian idazten du, besteak beste. Arrasate Press eta Arrasate Telebistako kide da.