Moulier, Jules
(«Oxobi»). Nafarroa Behereko idazlea (Bidarrai, 1888 - Hiriburu, 1958). Larresoroko eta Nay-ko (Pabe inguruan) apaizgaitegietan ikasi ondoren, apaiz egin zen, Hiriburun, 1912an. Donostiri eta Arrangoitzeko erretore izan zen. Eskualduna aldizkarian eman zituen argitara hasierako lanak. Gure Herria aldizkariko sortzailetako bat izan zen, 1921ean. Almanaka eta Herria agerkarietan ere idatzi zuen. 1952an euskaltzain izendatu zuten. Alegia idazle gisa da batez ere ezaguna. Obra nagusiak: Bihotz-Oihu-Deihadar-Nigar (1914), olerki bilduma; Alegiak (1926), Heiatik zerura (1935), hagiografia lana; Haur-elhe haurrentzat (1944); eta Oxalde (1949). Aiapatutakoez gainera, argitara gabe utzi zituen Gure mendiak, Nola gauden eskualdun (pastorala), eta Urrikalmenduzko parabolak. 1966an, Jean Haritschelharrek paratuta, Moulier-en hainbat lan argitaratu ziren Oxobi-ren lan orhoitgarri zonbait izenburupean.