Añibarro, Pedro Antonio
Euskal idazlea (Ugao, 1748 - Zarautz, 1830). 1764ean San Frantziskoren Ordenan sartu zen Bilboko Komentuan eta 1772an apaiztu. 1790ean Zarauzko Misiolari Ikastetxean onartu zuten eta han egon zen hil artean. 1794ean, Konbentzioko gerran, frantsesak Gipuzkoan sartu eta preso harturik Frantziara eraman zuten. Handik bi hilabetera itzuli zen eta berriro gerra ezagutu zuen, 1808tik 1814era luzatu zen Independentzia gerra alegia. Obra askoren egilea da: debozio liburu anitz, itzulpenak, hizkuntzari buruzko tratatuak eta erdara-euskara hiztegia. Liburu horietariko asko, diru eskasia zela eta, autorea hil ondoren argitara eman ziren, beste batzuk argitaragabe gelditu zirelarik. Añibarro bizi zela argitaraturiko obrak: 1) Astete ezagunaren itzulpena: Cristau Doctriña, Ceñetan Eracusten baitire gure Fede Sanduco gauzaric bearrenac (Iruñea, 1802-1803). Goi-nafarreraz idatzia eta oharrez hornitua. 2) Escu Liburua, eta berean eguneango cristiñau cereguiñac (Tolosa, 1802). Deboziozko iharduerak biltzen ditu; 1821 eta 1827an zenbait eranskin eta zuzenketaz lagundurik berriro argitaratu zen. Bizkaierazko klasikoa. 3) Lora-Sorta Spirituala ta Propositu Santuac vicitza barri bat eguiteko (Tolosa, 1803). Palacios Aita misiolariaren Ramillete Espiritual eta Propósitos liburuxken bizkaierazko itzulpena. 4) Cantos de las Santas Misiones (Donostia, 1803). Hil ondoren argitaraturiko obrak: Gurutze Santuaren, Aita Gure ta Ave Mariaren ganeco Eracusaldiac (Durango, 1879; beherago aipatzen den Misionari Euscaldunaren zatia). 2) Gueroco Guero. Axularren klasikoaren bizkaierazko itzulpena, Añibarrok gordintzat zeuzkan pasarteez arindua. RIEV-en 1923tik harat argitaratzen hasia (42 kapitulu). 3.- Catálogo de los pueblos vascongados de Vizcaya, Guipúzcoa y Navarra (Eusk. Adisk. Bol., 1956). Pastoraltzaren premiei begira egindako zerrenda hau, Libro de Becerro edo Crónica del Colegio de Zarauz liburuaren zati gisa emana, garrantzizkoa da 1820 urte inguruan euskararen mugak zein ziren ezagutu ahal izateko. 4.- Voces Bascongadas Diferenciales de Bizcaya, Guipúzcoa y Navarra (Caja de Ahorros Vizcaína, Bilbo, 1963). Larramendiren eragin nabarmena duen arren, dirudienez herriaren ahotik zuzen harturiko hitzak asko biltzen ditu hiztegi honek. 5.- Gramática Bascongada para el uso y alivio de párrocos y predicadores bizcainos, guipuzcoanos y navarros (An. Sem. Fil. Vas. Julio de Urquijo, 1969). Hiru euskalkien aditz jokoaren azterketa, bereziki bizkaierazkoa, aurrekoa bezala L. Villasantek argitaratua emana. Argitara eman gabekoen artekoak dira: 1) Misionari Euscalduna, Cristiñau dotriña ta Sermoiac Bizcai-errietan iracasten. Bi liburuki handik osatua: Añibarroren sermoiak eta kredoari, aginduei eta sakramentuei buruzko azalpenak. 2) Nequea Arinduric. Jesus eta Mariaren nahigabeen gaineko meditazioak. 3) Lau Evangelioak batera alcarturic. Lamy-ren konkordia ebanjelikoaren bizkaierazko itzulpena. 4) Artzai-Adibideac. Toledoko artzapezpikuaren gutun pastoral baten itzulpena. n Añibarroren estiloa didaktikoa da, gauzen azalpena helburu duena, argia baina ez distiratsua; sinonimoak pilatzera jotzen du, eta honek alde batetik hizkuntzari joritasuna badakarkio, halako astuntasuna damaio bestetik.