literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Lur hiztegi entziklopedikoa»

Lur, 1991-1994

 

Kardaberaz, Agustin

 

Gipuzkoar idazlea (Hernani, 1703 - Castelo de San Giovanni, Bolonia, Italia, 1770). Iruñean eta Valladoliden filosofia eta lege ikasketak egin ondoren, Jesusen Lagundian sartu zen 1721ean. 26 urte zituela apaiz egin zen. Bilboko Jesusen Lagundiaren eskolako gramatikako irakasle izendatu zuten, eta garai hartan hasi zen hizlari gisa ospe handikoa izaten. 1736an Loiolan jarri zen bizitzen eta bertatik Gipuzkoako eta Bizkaiko herrietara abiatzen zen predikari. Kardaberazen santu fama Euskal Herri guztira zabaldu zen. 1767. urtean Karlos III.ak jesuitak Espainiatik bota zituenean Italiara jo zuen beste jesuitekin batera eta han hil zen hirurogeita zazpi urte zituela. Idazle gisa, Manuel Larramendiren eskolakoen artean sartua izan da Kardaberaz. Aita Asteteren Catecismo obraren itzulpena eman zuen argitara 1760an. Handik hamalau urtera (hil ondoren) Aita Jeronimo Dutariren Vida Christiana (1710), bitartean itzulia, argitaratu zen Cristauaren Vicitza edo orretarako Vide erreza bere amabi Pausoaquin izenburupean. Loiolako Inaziori buruzko hiru obra plazaratu zituen 1761ean: Aita San Ignacioren Egercicioen Gañean Afectoac bere Egemplo, ta Doctrinaquin: edo Egercicioen IIen partea, Aita San Ignacioren Egercicioen III garren Partea eta Aita San Ignacioren Egercicioen Gañean, orien lau asteetako Meditacio laburrac, edo Egercicioen laugarren partea. Urte buruan euskarari buruzko lehen obra eman zuen argitara: Eusqueraren Berri Onac, eta ondo escribitceco, ondo iracurtceco, ta ondo itzeguiteco Erreglac. Azken obra hori bederatzi ataletan banatua da eta euskara goraipatzeaz gainera erlijiorako zein hizkuntza egokia den azaltzen zuen. 1762an eman zuen argitara Ondo iltcen icasteco ta ondo iltcen laguntceco egercicioak: era bidez eriai ondo itzeguiteco modua: azquenic gure Necazariac ondo bici ta ondo iltceco bidea, bearren diren Doctrina ta Egemploetan. Egercicioen irugarren partea obra. Hurrengo urtean Jesus, Maria ta Joseren decociñoco Libruchoric atararico devociño Batzuc obra plazaratu zuen bizkaieraz. Loiolatik irten aurretik Justuen Ispillu Arguia (1764) eta Senar emazte santuak (1766) obrak eman zituen argitara. Kardaberaz hil ondoren (1770) bere obra asko berrargitaratu zituzten eta argitara gabeak plazaratu: Mezaco Sacrificio ta Comunio Sagraduaren Gañeco doctrina (1782), Escu liburua, ceinetan arquitcen dira cristau onaren eguneroco egercicioak (1826), Amorezco eta dolorezco Jesu-Christo-ren pausuac (1858), Ama Veneragarri josefa sacramentu guciz santuaren ceritzanaren Vicitza eta vertuteac (1882) eta Azpeitico erri chitez noblearen gloria paregabeac edo Aita San Ignacioren bicitza laburra (1901).

 

Bilaketa