Minaberry, Marie-Jeanne
(«Andereño», «Atalki»). Nafarroa Behereko idazlea (Banka, 1926). Herria, Gure Herria, Almanaka eta Pan-pin agerkarietan argitaratu ditu idazlan gehienak. Hasieran olerki batzuk eman zituen argitara, baina, batez ere, haurrentzako antzerki lanak idatzi ditu. Horietako batzuen izenburuak dira: Mokhor bat eta mokhor bi (1965), Begietakoa, Joanes Zirtzil, Manexen nahigabeak, Auzitegian, Marikitaren otoitza, Eri haundia, Abereen eguberri eta Eñaut eta sagutxo. 1983an, antzerki lan batzuk bildu, eta argitara eman zituen Haur antzerkia bilduman. Irratirako ere lan egin du, eta LP batzuk ere atera ditu. Euskaltzain urgazlea da.