Oihenart, Arnaud
Zuberotar idazle eta historialaria (Maule, 1592 - Donapaleu, 1667). Euskal literaturaren barruan, eta gorde diren datuen arabera, apaiz ez zen lehen idazlea izan zen. Zuzenbide ikasketak egin zituen Bordelen; kultura handiko gizona zen. 1623an, hirugarren estatuko sindiko edo diputatu hautatu zuten Zuberoako ordezkari gisa, nahiz eta lehenengo eta bigarrengo estatukoak (aitonen semeak eta kleroa) kontra izan zituen. 1627an, Joana de Erdoyrekin ezkondu zen. Hori dela eta Donapaleura joan zen bizitzera. Nafarroako Legebiltzarreko legegizon izan zen. n Obra. 1638an, Parisen, Notitia utriusque Vasconiæ, tum ibericæ, tum aquitanicæ (Bi Euskal Herrien, Iberiarraren eta Akitaniarraren kondaira) argitaratu zuen, latinez. Euskal Herriko historia bat da, garai hartan idatzi zen kritikoena eta egiantza handiena duena. Liburu horretan aurkitzen da euskal gramatikaz egindako lehen aurkezpena: deklinabidea, aditz jokadura. Oihenarten bigarren lanaren izenburua Les Proverbes Basques recueillis par le Sr. d'Oihenart, plus les poésies basques du mesme auteur (1657) da. Bi zati ditu: Atsotitzac edo Refrauac, eta O[ihenar]ten gastaroa neurthizetan. Lehen zatian esaera zaharren bilduma bat egiten du, eta bigarrenean haren olerkiak ageri dira. Azken horien artean amodiozko gaia darabil nagusi, erlijiozko batzuk baditu ere. Olerkari gisa, metrika berria, landua eta zehatza, erabiltzen du XVI. mendeko Europako poesia beretzen duelarik. Herri bertsogintzaren bideetatik urruntzen baitzen, haren poesia hotza zela esan izan dute zenbait kritikok. Halere baditu oso olerki hunkigarriak, hala nola emazte izan zuenaren oroitzapenetan egina, bai eta beste batzuk freskotasun handikoak, hala nola Lau karbarien eresiak deitua. Hizkuntza aldetik garbizaletasuna antzematen zaio, neologismoak sortzeko beharra sentitzeraino, baina hitzak sortzeko orduan euskararen ahalmenetara jotzen du (neurtitz, hilartitz, hamalaurkun hitzak esaterako, berak sortuak dira). Joskera aldetik ere berezia da, eta aditz trinko zale agertzen da. Pierre Lafittek 1967an aurkitu eta argitaratu zuen L'art Poétique Basque izeneko eskuizkribua, Oihenarteren metrikari buruzkoa. Oihenartena da, halaber, Déclaration historique de l´injuste usurpation et retention de la Navarre par les Espagnols (1625 eta 1755-62). n Francisque-Michelek, 1847an, atsotitzen eta neurtitzen argitalpen berria eta osotua egin zuen. Geroztik, gaur egun arte beste bi argitalpen egin dira, Larresorok (1971) eta Orpustanek (1992) prestatuak. 1992an, Oihenarten jaiotzaren IV. mendeurrenean, Euskaltzaindiak antolatuta, jardunaldi batzuk egin ziren, Oihenarten bizitza eta obrari buruzkoak, Maulen eta Donapaleun.