Guilbeau Doyarzabal, Martin
Lapurtar politikari euskaltzalea (Urruña, 1839 - Donibane Lohizune, 1912). Bordelen egin zituen medikuntza ikasketak. Oso gazte zela eman zituen argitara bere lehen poesia lanak: Euskaldun baten bihozminak Indietan (1854) eta Euskaldun desterratua (1859). 1870. urtean Donibane-Lohizunen hartu zuen bizitokia eta bertako sendagile izan zen. 1869-1870 urteetatik aurrera «L'association basque des jeux floraux» izeneko elkartea sortu zuen, Antoine d'Abbadiek bultzaturiko «Euskal Lore-Jokoetatik» aparte, euskaltzale gorri edo errepublikazaleak bildu nahian (Arturo Campion izan zuen lagun egiteko horretan). 1877. urtean politikan hasi zen errepublikarren alderdian eta Donibane Lohizuneko auzapez hautatu zuten urtebete geroago (1878-1888). XX. mendearen hasieran mugaz bi aldeetako euskaltzale ospetsuenak (Azkue, Arana Goiri, Campion, Serapio Mugica, Arbelbide, Broussain, Hiriart-Urruty, Daranatz, etab.) bildu zituen Guilbeauk euskararen lehen Ortografia Batzordea burutzeko. Batzorde horretatik sortu ziren, ondoren, Federación Literaria Vasca (1901), Eskualzaleen Biltzarra (1902) eta Euskal Esnalea (1908) aldizkaria. Harenak dira Agotes en el País Vasco (Agotak Euskal Herrian, 1887), Cancionero Vasco (Euskal Herriko kantak, 1880) eta Hiztegiko pasarte batzuek (1908) obrak.