literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Lur hiztegi entziklopedikoa»

Lur, 1991-1994

 

Axular, Pedro

 

(Agerre Azpilkueta, Pedro) Euskal idazlea, euskarak izan dituen estilista oparoenetakoa eta Gero, euskal literaturako obra nagusienetakoaren egilea (Urdazubi, 1556 - Sara, 1644). Pedro Agerre (Dagerre) Azpilkueta Nafarroako Urdazubi herrian sortu zen 1556. urtean, izena eman zion Axular baserrian (Atsular irakurri behar da berez). Urdazubi herria Lapurdiko mugan dago eta lapurtarra da mintzairaz egun ere. Apaiza, Iruñean ikasi zuen lehenengo eta, Leridatik igaro ondoren, Frantzia aldeko Tarbesen (Bigorra) egin zen apaiz 1596an. Hartarako guztizko ziurtasunik ez bada ere, Salamancan ikasi zuen Axularrek. Berak idatzitakoek eta Sarako herriaren gogoan gordetakoek hori ematen dute aditzera. Zernahi ere den, Axular goi mailako prestakuntza zuen elizgizona zen, Gero obran ageri dituen aipamen ugariek, kristau eta ez kristauek, erakusten duten bezala. 1600. urtean Axular Sarako erretore bihurtu zen, Bertrand de Echaux Baionako apezpiku baigorriarrak lagunduta. Predikari handi bezain jakintsua, bertan idatzi zuen Axularrek Gero liburua eta bertan gorpuztu zen herri gogoak gorde duen Axularren irudi erdi mitikoa: Axular, kristau jakituriaren eredu, Salamancan eta deabruaren eskolan ikasi ondoren deabrua garaitu zuen apaiza da. n Guero, bi partetan partitua eta berecia. Axularren liburuaren izenburu osoak ez du liburu horretan lantzen den gaiaz zalantza izpirik uzten. Erlijio liburu edo gidaliburua, erlijio betekizunak geroko uzteak ekar litzakeen kalte eta zorigaitzez dihardu. Gero liburua Axular hil baino urtebete lehenago eman zen argitara (1643). Bi partetan banatua (lehena gauzak geroko uzteak ekar litzakeen kalteez ari da, eta bigarrena kristauak betiko zorionbidean bete beharrekoez), liburu bakarra baizik ez da ezagutzen, P. Lafitteren arabera, bi parteak batera eta nahasian ageri dituen liburua. Idazle oparoa eta didaktikoa izaki, obrak ez du mistizismo apurrik ere erakusten, bertan du Axularrek irakurlea, bere garaiko gizaseme nahiz emakumea, eliz pulpitotik ari bailitzan. Erudizio maila handia erakusten duen autore honen inspirazio iturriak Espainiako Urrezko Mendeko idazle erlijiosoak dira nonbait (Fray Luis de Granada), alabaina puntu hau ez dago garbi oraingoz. Bere kabuzko obra ala itzulpena? Halako bihurpen zuzenik egin zukeenik baztertu egin behar da, ez da ezagutzen zordun zuzena zatekeen obrarik. Inspirazio iturriak ugari eta anitzak direnik ez du halere inork ukatzen. Pasarte asko egokitze baten fruitua dira, egokituak dira, eta hor ageri da nagusien Axularren luma. Idazle trebe eta oparoa, euskal sena du betiere abiapuntu Axularrek, nahiz adierazitakoen jatorria askotan, gehienetan, erdal hizkuntza izan, latina nagusiki. Bere garai eta inguruko jendearen izaera eta bizimodua inoiz ere baztertzen ez dituen idazlea, mende hartako euskal gizarteari buruzko erreferentziak ugari ageri dira bere obran. Lapurteraz idatzi zuen Axularrek, hizkuntza idatzian osotasunezko maila literarioa erakutsi zuen lehen euskalkian, berean, ihardun zuen. Axularrekin jo zuen gaina lapurtera klasikoak, ondokoak bere obraren mende utziz, hizkuntzari dagokionez. Jende xeheak ere irakurria izan zedin idatzia, Axular ez da behin ere herri mintzairatik urrun ari. Garbi adierazi beharrak joskera argia eta lexiko ulergarria eskatzen ditu: molde zaharkitu batzuk ezik, Axularren obra guztiz ulergarri gertatzen zaio egungo irakurle ipar euskaldunari eta neke handiegirik gabe irakur dezakete hegoaldeko euskaldunek, haren joskerak Ipar Euskal Herriko ahozko tradizioak gorde duen berbera da, gorabeherak gorabehera, eta, didaktismoaren poderioz, sinonimo nahiz esanahi bereko perpaus molde desberdinen ugaritasunak guztiz errazten du berehalako ulerpena. Euskal lanetan eredu, Axular eta haren ondoan Sara aldera bildu zen literatur tradizioa hartu zuten gidari, euskara batuaren oinarriak zehazterakoan, lapurtera klasikoaren aldeko apustua egin zutenek. Sei argitalpen ezagutu ditu Gero liburuak, Urkijok RIEV aldizkarian eginiko argitalpena eta gipuzkeraz nahiz bizkaieraz eginiko bertsioez gainera: Bordele, 1643, lehena; urterik gabekoa (XVIII. mende erdialdean?, bigarrena); Baiona, 1864, hirugarrena, Intxauspe abadeak prestaturiko argitalpena; Zarautz, 1954, Manuel Lekuonak prestatu eta moldaturiko argitalpena; Bartzelona, Espirituales Españoles, 1964, Frai Luis Villasantek prestaturiko edizio elebiduna; Arantzazu, Jakin, 1976, Villasanteren argitalpena.

 

Bilaketa