literaturaren zubitegia

976 idazle / 4.666 idazlan
7.228 esteka / 5.616 kritika / 1.828 aipamen / 5.231 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Telesforo Monzon

«Lur hiztegi entziklopedikoa»

Lur, 1991-1994

 

Monzon Ortiz de Urruela, Telesforo

 

(«Olaso»). Gipuzkoar politikari eta idazlea (Bergara, 1904 - Baiona, 1981). Zuzenbide ikasketak egin zituen Madrilen. 1930ean EAJn sartu zen, eta handik urtebetera Bergarako udaleko zinegotzi hautatu zuten. Bi aldiz izan zen diputatu Madrilgo Legebiltzarrea(1933, 1936). Hizlari suharra zen. GBBko buru eta EBBko kide izan zen. Jose Antonio Agirrek Euzko Jaurlaritzako gobernazioko ministro izendatu zuen. Monzonek antolatu zituen Ertzaintza eta Euzko Gudarostea gerra garaian. 1937an Lehendakariarekin batera atera zen Santanderretik atzerrira. Frantzian egon zen harik eta alemaniarrak sartu ziren arte; orduan Mexikora ihes egin zuen; 1946an Parisa joan zen, Euzko Jaurlaritzako beste kideekin batera. Jaurlaritzako kidea izan zen 1952. urtea arte; urte hartan kargua utzi zuen ezadostasun batzuk zirela eta. EAJtik urrunduta, ETAren ingurura hurbildu zen, eta 1969an «Anai Artea» elkartea sortu zuen, ETAko kideei babes emateko xedez. 1970ean bitartekari lanak egin zituen Eugenio Beihl kontsul alemaniarraren bahiketa zela eta. 1977an atzerritik Hego Euskal Herrira itzuli zen, Askatasunaren Ibilaldia izeneko higikundea zela eta, ETAko kide atzerriratu batzuekin batera. 1979an Herri Batasuna sortu zenean, hartako kide eta buruzagi izan zen, eta diputatu aukeratu zuten. n Literatura lanak. 1945ean, Mexikon, Urrundik, bake oroi izeneko olerki liburua argitaratu zuen. Hura izan zen gerra ondoren argitaratu zen lehen euskal liburua. Mexikotik itzultzean, Gudarien eginak (1947) argitaratu zuen Baionan. 1958-1966 urte bitartean antzerki lanak egin zituen batez ere: Odol Bidea, Lau kantari eta xori bat, Gure behia hila da, Menditarrak (1958), Hazparneko anderea, Harpeko bozkarioa, Zurgin zaharra, Ur garbi, Behorraren ostikoa, Eneko Bizkai eta Maria Lorka (1966). Kantak ere idatzi zituen, eta haien hitzak ospe handikoak izan ziren, Pantxo eta Peio kantariek abestu zituztenak batez ere, frankismoan eta ondoko urteetan: Itziarren semea, Batasuna, Lepoan hartu, Bai euskerari, etab. Artikuluak ere idazten zituen, hasieran Alderdi izeneko aldizkarian (1948-1961), Euzko Gogoan eta gero, Egin egunkarian. Azken artikuluak Herri baten oihua izeneko liburuan argitaratu zizkioten (1982). 1986an Monzonen obra guztiak argitaratu ziren bost liburukitan Hitzak eta idazkiak lanean.

 

Bilaketa