Jauregi Etxenagusia, Luis
(«Jautarkol»). Gipuzkoar idazlea (Errenteria, 1896 - Zarautz, 1971). Comillasen (Santander) egin zituen apaiz ikasketak. Euskaltzain urgazlea izan zen. Zeruko Argia, Yakintza, Euzko Gogoa, Euskal Esnalea, Ekin, Bertsolariya aldizkarietan eta El Día egunkarian eman zituen argitara bere idazlan eta olerki gehienak. 1929an Biozkadak olerki bilduma eman zuen argitara. Gerra aurreko olerkari belaunaldian sartua izan da Lizardi, Lauaxeta, Loramendi eta Orixerekin batera. Gerra Zibilean erbesteratu behar izan zuen. 1958an Euskal Herrira itzuli eta Zarautzen bizi izan zen hil arte, fraideen kaperau. Hitz lauz, gerra aurretik, Egiazko edertasuna (1923, ipuin luzea) eta Ipuiak (1924) argitaratu zituen, eta gerra ondoren, berriz, bi saiakera: «Loramendi» olerkaria, aren garai barruan ikusia ta aztertua (1959) eta Xenpelar bertsolaria (1958). Camilo José Celaren Pascual Duarte´ren sendia itzuli zuen euskarara.