Topet, Pierres
(«Etxahun» deitua). Zuberoako herri olerkaria (Barkoxe, 1786 - Barkoxe, 1862). Gorabeherez betetako bizitza izan zuen: kartzelan egon zen familiako etxe batzuen jabegoarengatik izandako liskarrak zirela eta, heriotz bat tarteko. Bestalde, emaztearekin arazoak izan zituen. Kartzelatik aterata, erromes ibili zen Santiagon eta Erroman. Kopla askotan bere bizitzako gorabeherak kontatu zituen, Ahaide delizius huntan, Bi berset dolorüsik, Mündian malerüsik eta Ürz'apal bat badüzü, esaterako. Elezaharreko pertsonaia bihurtu du herriaren oroimenak, eta haren benazko gertakari asko gorde badira ere, alegiazko beste asko, erantsi zaizkio. Izpiritu erromantikoko pertsona izan zen, ni-aren erabilera behin eta berrizkoak adierazten duen gisa. 1853an, Abbadiek antolatutako lehen olerki sariketara aurkeztu zen, Montebideorat joailiak izeneko bertso sailarekin, baina ez zioten saririk eman, eta epai mahaiko apaizen kontrako ziri bertsoak idatzi zituen Bi berset horiez izenburua jarrita. Ziri bertso ugari ondu zituen, zorrotz eta errukirik gabeak: Oi laborari gaxua, Gaztalondoko neskatilak, Gaztalondo Handian, Maria Solt eta Kastero, Bi ahizpak, dira, besteak beste, joera horren lekuko. n Oihartzunak. Asko idatzi da Etxahun Barkoxekoari buruz, sarri azterketa moduan, behin edo behin haren bizitza eleberri bihurtuz. Esate baterako, Yon Etxaidek Joanak-joan (1955) eleberria idatzi zuen. Autore berak Etxaun-en bertsoak gipuzkeraz (1969) liburua argitaratu zuen, Etxahunen jatorrizko bertsoekin eta Etxaidek berak egindago gipuzkerako bertsozko itzulpenarekin. P. Larzabalek antzerki lan bat idatzi zuen Etchahun (1962) izenburupean. A. Von Chamissok (1781-1838) poema bat eskaini zion: Des basken Etchahon's Klage. Mende honetan aztertu duten ikerlariek Villonekin, Verlainerekin eta Iparragirrerekin konparatu dute Etxahun; hala nola Orixek, Zaitegik, Lhandek eta Larrasquetek. Baina azkerketa beteena, Jean Haritschelharrek egindako doktoretza tesia da. Tesia bi liburutan argitaratu zen, alde batetik, Le poète souletin Pierre Topet-Etchahun (1969), eta, bestetik, L'oeuvre poétique de Pierre Topet-Etchaun (1969-1970).