Agirre, Domingo
Euskal idazlea (Ondarroa, 1864 - Zumaia, 1920). Gasteizko Apaiztegian ikasketak egin ondoren, 1888. urtean apaiztu zen. Lehenik Karrantzara igorririk, gero Zumaiako moja karmeldarren ikastetxeko kapelau izendatu zuten eta bertan eman zuen apaiz bizitzaren parte gehiena. Osasunez ahul eta gaixobera, garrantzizko karguetara iristeko aukerak izan zituen, baina uko egin zien guztiei. Garaiko euskal aldizkarietan esku hartu zuen: Euskal Erria, Euskalzale, Ibaizabal, Euskal-Esnalea, RIEV, Jaungoiko-zale... Hainbat literatur molde landu zituen: eleberria, ipuina, elezaharrak, artikuluak, bidaldi kronikak, olerkiak, etab. Lan hauei guztiei esker Domingo Agirre euskal idazle klasikoa da gaur egun. Haren obra ezagunenak eleberriak dira. Auñamendiko Lorea (1898) izan zen lehenengoa; VII. mendean giroturiko eleberri historiko honetan kristautasunaren sarrera Euskal Herrian darabil gaitzat. Kresala (1906) izan zen bigarrena (lehenik Euskalerria aldizkarian zatika ikusi zuen argia, 1901. urtetik aurrera); bertan, Arranondoko (Ondarroa) arrantzaleen bizitzaren gorabeherak azaltzen ditu, bizkaieraz, errealismoz eta bizitasunez. Hirugarrena Garoa (1912) izan zen (lehenik RIEV-en argitaratua, 1907); ohitura eleberria hau ere baina nekazari giroan kokatua, idazle honen lanik ezagunena da. Horiez gainera, Ni eta ni izenburuko beste eleberri historiko baten zati batzuk argitaratu zituen Euskal Esnalea-n (1917). Euskaltzain izan zen Akademiaren sorreratik bertatik (1918).