Agirre, Jose Maria
«Xabier Lizardi» Euskal idazlea (Zarautz, 1896 - Tolosa, 1933). Hamar urte zituela, Tolosara aldatu zen familia eta han hasi zen berreskuratzen erdi galdua zuen euskara. 1916an Bilboko «Euzko-Deya»n idazten hasi zen Zarauztar Sabin eta Samaiko Zulo izengoitiaz izenpetuz bere lanak. Urte bat geroago (1917) Zuzenbide ikasketak amaitu zituen Madrilen. «Perot» fabrikako kudeatzailea (1923). Arrasaten 1927an ospatu Euskeraren Egunean nabarmendu zen, lehen aldiz Xabier de Lizardi izengoitia erabiliz. Euskararen aldeko ekintzaile nekagaitz agertu zen: euskarazko egunkari baten argitaratze asmoa landu zuen; Larramendiren ohoretan egin ziren literatur jaiak antolatu zituen eta ekinaldi askotako lankidea izan zen (Errenteriko Euskeraren Eguna, Segurako Ume Euskaldunaren Eguna, Bergarako Euskeraren Eguna, «Kirikiño» Sariaren antolakuntza, etab.). «Euskaltzaleak» elkarteak, Lizardi bazkide zuela, sakabanatuta zeuden olerkariak bildu nahirik, Euskal Poesiaren Eguna antolatu zuen Errenterian Luis Jauregiren omenetan (1930). Bertan esku hartu zuen Lizardik hiru poesia aurkeztuz. Hurrengo urteko ekitaldirako, Tolosan Emeterio Arreseren ohoretan burutua, Urte-giroak ondu zuen, «Lizardiren obrarik garaiena» (Aitzol). 1932an Biotz-Begietan, olerki bilduma ospetsua, eta bi antzerki lan, Laño ta izar eta Bi aizpak argitaratu zituen. Urte berean «Kirikiño» Saria irabazi zuen Etxe barne bizia izeneko artikuluarengatik. Hil ondoren Lizardiren beste liburu bat plazaratu zen: Umezurtz-Olerkiak (1934). Urte berekoa da Itz Lauz izeneko artikulu bilduma. Geroago, 1953, Ezkondu ezin zitekeen mutilla antzerki lana agertu zen. n Gerraurreko olerkari lirikorik behinena izadiaren izadi edertuaren olerkaria izan zen. Lizardiren prosa haren poesia bezain orijinala da. Itz Lauz izeneko bilduman lehen mailako idazle, estilo pertsonal eta moderno baten jabe ageri da.