Ibinagabeitia ta Idoyaga'tar Andima
(Elantxobe, 1907 - Caracas, 1967)
Bizkaitar jakitun onek jesuitarako ikasketarik geienak egiña zan euskereari eskeiñi eutsan bere bizi osoa, urteokaz Ameriketako erbeste latzean. Idaz-lanik geienak gipuzkeraz egin ditu, izkera landu, txukun, aberats eta, bear bada, otzegian... Aldizkari askotan argitaratu zituan bere artikuluak batez, be «Euzko Gogoa»-n, eta il-aurretxuan berak sortu ta zuzendu eban «Eman» aldizkaria Caracas-en. Kritikolari zorrotza (zuzena ta biguna, batera) ta itzultzaille aspertu-eziña: ainbeste itzulpenen artean, aitatu daiguzan «Unai-kantak» (Bucólicas) eta «Alor-kantak» (Geórgicas), Virgiliorenak (gero, A. Onaindiak «Berjili-ren Idazlanak osorik» liburuan, Bilbao, 1966, sartu ditu)... Euskera irakasteko metodu bi be emon
deuskuz: «Aprendo el vasco en 60 horas» (Zarauz) eta «Euskera irudi bidez» (Paris, 1953)... «Elentxu», «NORBAIT» eta «Idoyaga» izenordeak be sorri erabili zituan. Zaitegi, «Orixe», Ametzaga, T. Etxebarria ta beste asko ta asko: gure artetik urruti bizi bear izanarren, ez dabe euskera alde batera itxi; urrutiago ta laztanago... Euron artekoa dogu gure Andima txalogarria be!