literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«XX. mendeko poesia kaierak»
Koldo Izagirre

Susa, 2000-2002

 

Lauaxetak Artxandatik ikusi nahiago zuen hura, Arestik amorruz madarikatu eta Gandiagak Madrilen deskubrituko zuen hura, alegia, bekatuaren, erdalkeriaren eta zapalketaren hiria, naturaltasun osoan hartzen du Omar Nabarrok espazio poetiko bezala. Berarentzat Arestiren Zorrotzako portuko aleman barkua gaueroko kontua da, eta ulergarria da indar sinboliko berri batez janztea: barkuak, lanaren monotonia ekartzeaz gainera, hilerrirako zama hartu behar du. Poema intimistenetan ere, Bilboren presentzia handi bat sumatzen da, azpiz, Nabarroren poemetan, eta ez bakarrik jokaleku kaletar-industrial gisa. Burdineta handi bat da Bilbo, labe garaien eta kartzelaren arteko hibrido bat, eta itxitura horren barruan zabaltzen dira bihotza sagar mikatz bat bihurtzen duten desarrazoiak, poetak tristuradiak esaten dien horiek. Bilbo ez baita paisaia hutsa, gizakien topaleku ere bada, maitasunezko istripuen ibilbidea eta porrot kolektiboen kon tzientzia. Oroimen historiko horretatik idazten du Omar Nabarrok gure historia salbatu nahian, askatasuna defendatu nahi zuen Burdineta bat ere ukan baitzuen noizbait Bilbo honek. Eta poetak atzartasun batean idazten duenez, sekulan ez dago sortzen dituen mundu poetikoetarik kanpo, hiritartasunean bizi da. Idazketa konprometitua dugu hau, hitzaren zentzurik ederrenean. Historia bizi du egileak, baita poesiaren historia ere. Horregatik darabil errima umorerako eta parodiarako, horregatik profanatzen ditu sonetoak, horregatik eteten ditu hitzak; sorpresa eta antiakademizismoa tresna kritikoak dira, begi kliska maltzurrak, faltsukeriaren aurkako ludikotasun askatzailea.

        Gure historia modernoaren pairatzaile dugu poeta hau, inozentzia, hemen, orain, krimen bat balitz bezala. Baina, zorionez, ezin izan du ito barruan daraman lirikoa. Bai baitu Omar Nabarroren poesiak historikotasun honetaz sakonagoko elementu bat, gordeago edo nabarmenago etenik ez daukana bere poema liburu guztietan, hiriaren gogortasun fisiko eta espiritualari kontrajartzen zaiona: ura, euria, itsasoa, likidotasuna. Kresal egarri handi batean bizi da poeta, esan genezake Bilboren presentziaren azpian Mundakaren presentzia dagoela, naturak erakartzen duela beti. Han-hemenka ageri dituen tanta, euri, itsas txori, marea, uhin ugariek ordezkatzen duten isuritasun horretan egin nahi du bat Nabarrok, horretan urtu. Itsasoaren baretasuna behar hori, euriaren jauste berean joan nahi hori, absolutuaren bilaketa da. Gogorra eta malgua, konkretua eta abstraktua, historia eta betikotasuna, epika eta lirika ezinegon aberatsenean bizi dira Omar Nabarroren poesian.

 

Omar Nabarro (Mundaka, 1953) Edorta Jimenez idazlearen heteronimoa da poesian. Ekonomia ikasketak egin zituen, baina euskalgin tzan jardun izan zuen urteetan, kazetaritzan eta gidoigintzan hasi zen arte. Artikulugile aparta, ipuin bildumak argitaratu ditu (Atoiuntzia, Manhattan eta Laudanoa eta sutautsa) eta hiru nobela (Speed gauak, Azken fusila eta Baleen berbaroa).

 

Bilaketa