literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«XX. mendeko poesia kaierak»
Koldo Izagirre

Susa, 2000-2002

 

Donibane-Lohizuneko Karrika Handian, elizaren ondoko etxetxoan, hamaika urteko mutiko batek apeztu egin nahi duela esaten dio aitari. «Zer! Hi apez? Ez dakik eta ongi euskara!», gurasoaren arrapostua. Egun hartan bertan hasi zen mutikoa bere euskara motela hobetzen, etxean aurkitu Piarres Barbierren liburu bat zabalduta. Ez zuten asko uste etxe hartan, hala ere, Jean Diharce hura ez apeztuko zenik, ez eta Xabier Iratzeder poeta izatera iritsiko zenik. Baina hurrengo urtean hasi zituen apez ikasketak Ustaritzen, eta bertan euskararekiko atxikimendua azkartu zion Pierre Lafitte ezagutu zuen. Honek Laphi tzeren San Inazioren bizitza eman zion, eta liluraturik, eskuz kopiatu zuen mutikoak. Iratzederrek beti aitortu izan du ordea guti irakurri zuela gaztetan, bazuela begietan halako dantza bat, eta gogoetari eta ametsari zela emanago. Hamasei urtetan eritu egin zen eta zenbait hilabetez etzanik egon behar izan zuen. Orduan kantua deskubritu zuen, berrehunetik gora abesti ikasteraino: «horrek eraku tsi zidan pertsuak nola egin behar ziren; euskal kantua izan da ene eskola».

        Hasi zen, bada, zenbait kantu berri argitaratzen apez gaztea. Euskal Herriaren suntsipenak zarrapo egiten zion bihotzean. Eta bere herriaren hondamendiari, barne-urradura pertsonal berri bat erantsi behar izan zion: nazien aurkako gerran galdua du anaia, umetako jostetako laguna. Anaiaren heriotza eta urrun duen familiarekiko atxikimendua dira donibandarra agerrarazten duten gaiak; gainerako kantagai ia osoa hatzen duen Jainkoaganako sentimenduak, beloketarra digu argira ekartzen. Bi alderdiok osatzen dute Xabier Iratzeder poeta, lagun minak gogoan dituen urrunduak eta herriaren aldeko otoizlariak.

        Kantuak poesiarako eskolatu zuen apezgai hark Beloken beneditarra sartzea erabaki zuenean halako gertakari historiko xume bat zen gertatu, bertan baitzegoen Aita Lertxundi kantika liburua osatu nahi eta ezinik. Orduan agertu zitzaion behar zuen letragilea, otoitza euskaraz ederren egiten zekien olerkaria. Horixe da, batez ere, Iratzederren poesia: otoitza kantuan. Apezteko gogoa eta euskaltzale izateko gogoa, biak batean piztu zitzaizkion, eta bere obra ere binomio etenezin horri zor zaio, fedea eta euskaltasuna bat ditu ezin banatuzko karrean. Iratzederrek esan ohi du berak ez duela literatura egiten, bihotzean dituenak erran besterik ez. Baina bihotzekoa usadioak landutako molde nobleetan ematen du, hizkera gozo, irudi gutiko eta hunkitze ahalmen handiko poemetan, espiritu minbera baten dotoreziaz, kantuan edo isilean esateko. Berak idatzia duen era biribilean: «Pertsutan urtu bihotza / otoitzik otoitzena. / Zerurat doan otoi tza / pertsurik pertsuena.»

 

Jean Diharce, Xabier Iratzeder (Donibane-Lohizune, 1920) fraile beneditarra da, eta Belokeko nagusi izan da. Poema bilduma askoren egilea da. Bi memoria liburu ditu eginak, Biziaren olerkia eta Biziaren gudaldia, eta Belokeko abatetxearen historia saioa. Afrikako misiolari esperientzia Hamazazpi hilabete Afrikako bihotzean eman du. Anitz kantu eta antzerki ditu eginak elizarako.

 

Bilaketa