literaturaren zubitegia

983 idazle / 4.697 idazlan
7.242 esteka / 5.737 kritika / 1.828 aipamen / 5.236 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Bitoriano Gandiaga

«XX. mendeko poesia kaierak»
Koldo Izagirre

Susa, 2000-2002

 

Urte luzeak egin behar izan ditu Bitoriano Gandiagaren lehen poema liburuak sortu zen garaiko irakinaldi sozial-errealista baretuta perspektibaren grazia lortu duen arte. Poeta hil berria dugularik, aho batez aitortzen dugu denok Elorri gure lirikaren gailurretarik bat dela, denborak ez duela higatu, baina bai ondu. Hala ere ia ezezaguna da Elorri-ko poesia, kantagintzak geroagoko gai sozialeko poemak hartu izan dizkio bereziki, eta hizkuntzari eskaini zizkionek lortu dute tabernako paretaren ohorea. Zatiz baino ez da ezaguna Gandiaga eta, erran gabe doa, azalez. Gandiagaren harria —elorriaren sorleku— menditarra zen euskal gizarteak kalera egin zuenean, haitz zen, basati, urruneko. Eta batez ere, harri hari herria falta zitzaion. Elorri ez da ordea ihesmodu bat, inguruarekiko atxikimenduaren poema da Elorri, inguru hori kalea ez izatea zen arazo. Egia da poeta bizi den munduan ez dela Gaizkia ageri, edo beste hitz bat erabiltzearren, Gatazka. Baina ezta Arkadiarik ere. Gandiagak haitza, elorria, euria kantatzen dituelarik paisajismoa gaindi tzen du, naturarekiko makurdura minbera ageri da aurrenekoz gure literaturan. Panteismoa dakar fededunak. Erdaldundu behar izan gabe eskolatu zen baserritarra, etafrantziskotartasun poetikoa asmatu zuen bere sentimenduak adieraziz. Fraileak debozio lasai batean bizi du fede katolikoa, eta dogmatik haratago, abstrakziorik gabe, konkretuan eta xehean oinarritutako metafisika da berea. Horregatik betetzen du fededuna ez dena ere.

        Itxura batean suposa litekeen baino batasun handiagokoa da Gandiagaren obra. Bere lehen hiru liburuetan behintzat bada zenbait osagarriren errepikapena, ez bakarrik baliabide formaletan: Arantzazuko haitz pobrea Oteizak jotzen duen harria da, biluztasun landua Hiru gizon bakarka-n, eta hiri-arkitekturak itogarri bilakatzen duen geometria da Uda batez Madrilen-en. Esan genezake poetak harriaren etapa desberdinetan atzeman dituela transzendentzia, gizartea, gizakia. Eta hiruretan ere harri botiboak dira haitza, eskultura, hiria. Bestelako saioa dugu, guztiz berezia gure letretan, Denbora galdu alde. Zinezkotasun harrigarriz, terapia psikoanalitiko baten egunkari poetikoa eskaintzen zaigu bertan: Gandiagak itauntzen du Bitoriano, eta Bitorianok erasia tzen Gandiaga. Asko idatzi zuen arren, originaltasuna inoiz galdu gabe egin zuen lan Arantzazuko poetak, autoexigentzia handiko autoreak sinatzen ditu libururako poemak zein liturgiarako kantuak edo gabon koplak. Bere produkzio oparoan beti azalduko zaigu erritmoa hizkuntzaren barne-pleguetan ebakitzen dakien bertsolaria, herri joskera balia tzen dakien poeta, kontzeptuak gozo ematen dakien hausnartzailea. Eta beti apal, amorratu behar duenean ere. Dohain horiei esker irakurtzen dugu edertasuna berez sortuko balitzaio bezala. Asmatua egon izan ez balitz, berak sortuko zukeen poesia.

 

Bitoriano Gandiaga (Mendata, 1928 - Arantzazu, 2001) fraile fran tziskotarra izan zen, eta Arantzazun eman zuen bizitza, bertako ikastetxean plastika eta euskara irakasten.

 

Bilaketa