literaturaren zubitegia

1.019 idazle / 4.898 idazlan
7.367 esteka / 5.986 kritika / 1.828 aipamen / 5.280 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Nemesio Etxaniz

«XX. mendeko poesia kaierak»
Koldo Izagirre

Susa, 2000-2002

 

Aldiro berritzen zion Andima Ibinagabeitiak, Paristik aurrena eta Guatemalatik gero, nobela idatzi behar zukeela. Dohain bereziak aitortzen zizkion, garaiko idazleetan huraxe ikusten zuen egokien horretarako, «oraingotasunez beteriko gai ernegarri bat» lantzeko. Baita Nemesio Etxanizek beharrari ekin ere. Handik urte betera aholku berria: «polizi mota ez da zure gogogiroari dagokiona; lirikuegi zaitugu hortarako». Laketzen zen Ibiñagabeitia ordea Etxanizen poemekin: «sarri esan dizut lehenago ere, olerkari haundi zaitudala». Sobera lirikoa bide zen Etxaniz nobela poliziakoa egiteko; ez aski liriko, antza, poemagintzan jarrai zezan sustatua izateko, olerkari handia izanagatik.

        Berez suhar eta euskaltzale, Francopean hizkuntzak ezagutu zituen itolarriek erraz eraman zuten nolabaiteko literatur-aktibismo baterantz. Barruan zeuzkan eta pairatzen zituen grinek, tamalez, gutxitan kanporatu ahal izan zituen poemetan. Etxanizek rumbak euskaratu behar zituen, gutun ereduak idatzi, antzerkiak moldatu, kantagintza berria sortu, alderdi zaharreko buruzagi atzerakoiei euskaltzale gazteenganako errespetua eskatzeko bilerak antolatu... Nekez aurkitzen ahal zuen astirik, beraz, sorkuntza pertsonalerako, eta ez da harritzekoa bataren eta bestearen aholkuen morroi bilakatu izana: azkenean, bertan behera utzi zuen polizi nobela... Nemesio Etxanizen literaturak euskaltzaleen esker ona eta literaturzaleen begiramenezko isiltasuna jaso izan du urteetan. Bigarren mailako poeta zatekeen, eta berak ere onartua zeukala dirudi.

        Bertsolari senak, punturako erraztasunaz, bete-lanera darama zenbaitetan. Arnas handiz hasitako poema batzuk, arrunkeriaz amai tzen ditu. Bere obra poetikoa, oro har, irregularra da, gora-behera handikoa. Baina han-hemenka ageri dituen aitorpen biluziengatik eta hasperen etsiengatik, merezia du Nemesio Etxanizek poeta handien ereinotza. Berak esana zuen «bihotzak agindu erara» ondu zituela poemak. Egia da tresneria handirik gabeko poeta dugula, baina halako gardentasunaz mintzo zaigu non lirika sentimental bat osatzen baitu nahiaren eta ezinaren, grinaren eta lotsaren arteko pultsuan, eta, azken finez, gizakiaren eta Jainkoaren arteko ezin ulertuan. Pako Sudupek ongi atzemana duen bezala, maitasun galduaren poeta dugu Nemesio Etxaniz, eta bere malkoak, inozoaren muga arriskutsu horretan baldin badago ere, hunkitu egiten gaitu, frustrazioa molde dotorean ematen dakielako. Dohain garesti horren aldean ez zaizkit hain garrantzitsuak iruditzen Etxanizen erritmoa, hizkera atsegina eta irudi landuak, gutxik bezala darabilzkien arren.

 

Nemesio Etxaniz (Azkoitia, 1899 ­ Donostia, 1982) apaiza izan zen. Gerraurrean hasi zen prentsan idazten. Berak egindako antologia batean bildu zituen literatur lan garrantzitsuenak, Lur Berri Bila izenekoan. Hil ondoren, Izotz-Kandelak nobela argitaratu zen.

 

Bibliografia

        Sudupe Elorza, Pako. NEMESIO ETXANIZEN BIOGRAFIA ETA IDEOLOGIA. Euskaltzaindia ­ BBK Fundazioa, 1996

        Ibiñagabeitia, Andima. ERBESTETIK BARNE-MINEZ. GUTUNAK 1935-1967. Patri Urkizuren edizioa. Susa, 2000

 

Bilaketa