literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.165 idazlan
7.841 esteka / 6.395 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«XX. mendeko poesia kaierak»
Koldo Izagirre

Susa, 2000-2002

 

Iokin Zaitegi bizitzan zer izan den galdetzen dio Iokin Zaitegiri Jose Mari Velez de Mendizabalek, hari buruzko biografia bikainean. «Kixote bat», erantzuna. Ez dago harrotasunik autoizengoitian, bakardadean jardun behar izan duenaren hasperena da. Adore berezikoa izan behar, inondik ere, burutu zuena burutzeko ahalmena ukan zuen pertsona: Zaitegiri zor diogu nolabaiteko hari bat luzatu izana gure literaturan gerraurretik hirurogeikadan lehertuko zen modernotasuneraino. Euzko-Gogoa aldizkarian (Guatemala, 1950 ­ Miarritze, 1959) Lizardiri buruzkoak argitaratzen ziren, baina ez nostalgiaz, ikuspegi kritikoz baizik; gerrak «zintzilik» utzitako idazleak letretaratu ziren ostera, Mitxelena eta Etxaniz kasu; bertan bildu ziren Orixe klasikoa eta Mirande berrizalea; Otsalarren belaunaldiak hara bidali zituen bere lehen lanak... Euzko-Gogoa, euskal literaturak inoiz ezagutu duen adierazpen esparrurik libreena, gure poesia modernoaren ataria, Iokin Zaitegik sortu eta kudeatu zuen. Honetan eta poeta garaikideen eta antzinako idazle grekoen itzulpenean egin zuen lan eskergak euskaltzale ospe handia eman zion Arrasateko Kixoteari, horrek ekarri du gure kulturaren historiaren goi mailara. Poeta, ahantzi egin da. Poeta ere bai baitzen, 1934ko Olerti Eguneko lehiaketa irabazi zuen Iokin Zaitegi hura. Eta geroagokoa ere bai.

        Beti erbestean idatzi zuen poesia Zaitegik. Gazte zelarik ere, ikasketak amaitzen ari zen Belgikatik igorri zizkion bere zirriborroak Lizardiri. «Olerkari-arnasa izanik iruditzen zait lanari ez diozula ekiten behar adina astiz, bihotzean dezuna lasterregi jalgitzen dezula, hots, neurtitza aski landu gabe, bixitu gabe». Lizardiren diagnostikoa zuzena zen osoro; esan liteke gerora ere Zaitegik ez zuela bere poesigintza behar adina landuko, gogoz ekin zion arren. Ia beti isurtzen zaio prosaismoren bat, eta gaia lantzeko erak askotan dauka artifizialtasunetik. Orixe lagunak «jo dezagun gorago» aholkatzen zion. Ez da harritzekoa, hori bera esaten zion Lizardiri ere...

        Badugu poeta multzotxo bat obra osoak sortu edo joera berriak hartu zituena gerraondoan eta atzerritik. Baina Orixek poesia-aro berri bat abiatzen du indibidualtasunaren ildotik, naturarekin bat egite mistikoan; Toribio Etxeberriaren obra berezkoena bertsoz emandako anekdotarioa da, Telesforo Monzon aldiz epiko aldiz kostunbrista ageri zaigu, poema bakarra du herriminak jota (Tropikotik)... Aberriaren saudadea, Iokin Zaitegik kantatu du. Erbestearen astuna, urruntasunaren urradura eta Euskal Herri libre baten ametsa, berak adierazi ditu ongienik. Bere poesia originaltasun gutxikoa ote den, esan da. Zaila da sorterriaren nostalgiaz topikoetan ez erortzea, eta esanen genuke horretan oinarritzen dela, hain zuzen, erbesteratuaren gaitza: iragana du etorkizun. Iokin Zaitegik dotoreziaz, goi-asmoz eta neurtitzetan zenbait berrikuntza ekarriz pairatu zuen gaitza.

 

Iokin Zaitegi (Arrasate, 1906 ­ 1978) apaiza izan zen, eta poetagatik baino ezagunagoa izan da itzultzaile gisa egin zuen lan erraldoiagatik: Sopokel'en Antzerkiak, Bidalien egiñak, Platon'eko atarian.

 

Bibliografia

        Velez de Mendizabal, Jose Mª. IOKIN ZAITEGI. Arrasate, 1981

 

Bilaketa