literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«XX. mendeko poesia kaierak»
Koldo Izagirre

Susa, 2000-2002

 

Hogeitabatgarren mende hasiera honetan argitaratu berri duen poema liburuan (Inoiz izan ez garenotan) esperantzaz burutzen du Karlos Linazasorok, eta maitasun aitorpen ederrez, bere orain arteko ibilbide poetikoa, isolamendu erradikaletik bizitza konpartitura doana. Bakardadearen poeta dugu, bereziki, Linazasoro. Egia da bere lehen liburuan maiz mintzo zaigula pluralean, baina gu horrek mozorro funtzioa dauka, nitasuna sobera ozen azaltzeko herabe, ez bada haurtzaroa osoro ezin gainditu batek elkarrengana bildutako minduen multzoarena. Belar-orga, artobixarra, zapaburuak, idiak, igitaia, txilarra, hostoak, urkiak... nekazari giroko eta gaztetxoen jolasetako irudiak eta alderaketak ikusiko ditugu ia beti, ez ordea natura kantatzeko, gizarte mota bat deskribatzeko edo iraganaren gorazarrerako, funtzio mitiko baterako baizik: paisaiaren momentu jakinak dira poemak, egoera animikoak islatzeko baliabideak. Ingurua gauzez eta animaliez betea ageri zaigu, ez pertsonez, eta inor azaltzen denean, bere presentzia ez da ondoko bakardadea areagotzeko besterik. Hitzaren ostean, isiltasun zanpatzaileago bat daukagu. Eta hiria azaltzen denetan ere karrikak hutsak daude, hiria espazioaren perspektiba da, eta ez du baliorik berez. Elementu naturalak baino ez dira ageri berriro, ilargia, elurra, zuhaitzak, poetaren begiak beti memoria konkretu bat jasoko balu bezala. Oroimenak eta irudimenak batera egiten dute lan, deskripzioak barneko egoeraren adierazle dira, tristuraren proiekzioa. Leku edo une mitikoak dira, beraz, bailara elurtua eta hiriko karrika abandonatua. Ez dago batetik besterako gatazka geografikorik, biak ditugu espazio bakartuak, maitasunaren ausentziak halabereko triste bilakatuak, maitasunik ezak dena bihurtzen baitu huts eta ezinbiziko. Gizartean arrotz, umezurtz sentimendu handi baten zama dakar Linazasororen lehen poesiak.

        Alabaina, kanpoko mundu hori itzulian datorkio ostera poetari. Bere jarrera kontenplatiboak kutsagarri bihurtu du oharkabean, besteak beste Linazasorok ikusteko, detaile piktorikorako daukan ahalmen bereziak halako traizio positibo bat egiten diolako. Inguru desjendetu baina malenkoniatsuki eder horrek beteko du, nolabait, bere bakardadea, metaforaz pilatzen den deskripzio pausaturako eta gogoetarako bikain erabiltzen dakien lerro luzeko bikotan, karrankarik gabeko idazkeran, soseguz, hasierako diskurtsoaren fatalismoari dagokion bezala. Noizbait, tentuz bada ere, fidakaitz, zuaren bila abiatuko da poeta hurrengo liburuetan, bakarralditik maitasunera eginen du, eta honen maluretara. Nitasuna gero eta nabarmenago azalduko zaigu, gogoeta zuzenagoan, sinbolorik gabe. Munduarekin harremanetan hasteko uzkur zenak, kontenplazioa utzi eta etorkizunerako urratsa emanen du, ezein karabanaren aiduru egon gabe. Harremana problematikoa izanen da, baina egon badago, bere baitako jardunetik dialektikara datorkigu. Inkomunikazioa haustearen prozesua da Karlos Linazasororen poesia, eta horregatik da, bilduenean ere, ezin humanoagoa.

 

Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962), filologoa da ikasketez eta liburuzaina lanbidez. Poesiaz gainera lau ipuin libururen egilea da (Eldarnioak, Zer gerta ere, Ez balego beste mundurik, Ipuin errotikoak), eta antzerki batena (Burdindenda).

 

Bilaketa