literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«XX. mendeko poesia kaierak»
Koldo Izagirre

Susa, 2000-2002

 

«Trixte naiz nere bertsuekin / nahiago nuke sekula gehiago / beste bat ez egin», halako aitorpen iluna ezarri zion sarrera moduan Itxaro Bordak nerabe eta gaztaroko poemak biltzen zituen bere lehen liburuari. Baina irakurleon bozkariorako, ezinbesteko sofrimendua zaio beti bertsogintza poetari. Luzien Etxezaharretak zorrotz idatzi duen moduan, Bordaren tristura etsipen sortzailea baita, lehen emaitza hartan ageri zituen dohain ederrak azkarki landu ditu geroztik liburuz liburu, obra zabal eta ugaria osatu arte. Tristetasun hau, ordea, ez da poetika negarti baterako estakurua edo bizitzarekiko akidura literarioa. Bordak bere gain hartzen ditu, poeta orok eritasun gisa pairatu behar duen izaera minberarekin batera, emetasunaren kon tzientzia eta Euskal Herri alienatu batenganako hastio kritikoa. Iparraldeko egoera sozio-politiko eta linguistikoaren etsipengarria nitasun atzar eta aldi berean kolpatu batean txertatzen da. Honenbestez, poemek isurtzen duten goibeltasuna konformismoa inarrosteko modu berezi bat baino ez da.

        Errealitate arruntenean finkatua izanak on besterik ez dakarkio Itxaro Bordaren poemagintzari: gas malko-eragileen artean egiten du maitearen galde, eta betiereko lelo erretorikoa izan zitekeena egunerokotasun gordinean kokatzen baldin badigu eztitasunak eta bortizkeriak elkar elikatzen duten plastizitate dramatiko batean, ber gisaz gaitu «gure kaleko» topiko zatekeen horretatik ateratzen oihu ez-ofizial horren urduriaz, bere baitakoa soilik den garrasiaren aldarriaz. Bi plano hauen kontrasteak eta soseguz ezin uztartuak sortzen dute poesia honen durduzatzeko ahalmena, bakardadea eta urruntasuna nagusi ageri dituen lirika urratu batean. Alabaina, ez dago kexamendu errazik edo malko merkerik, halako distantzia zuhur bat gordetzen baitu beti Bordak, ironia mehe bezain sarkorrez, errealismotik sinbolismo berezi batera daraman ibilbidean.

        Euskararen gozoa eta aberatsa dastatzen ahal dugu poeta honen lanetan, baina bere eredu poetiko propioa eraikitzen saiatzen denez, klitxe klasikoetatik urrundua da eta ahozko hizkeraren maileguei uko egin gabekoa, lengoaia guztiz adierazkor eta zuzenean idazten du. Poesia librea, kopla, zortzikoa, prosa poetikoa... molde guztiak landu ditu malgutasun handiz, baina harrigarrizko maisutasuna erakutsi izan du beti bertsokera berriak sortzeko eta estuenean ere zehatz jarduteko, errimaren aberatsa erritmoaren zentzu handi batekin horni tzen duela.

 

Itxaro Borda (Oragarre, 1959) nekazaritzan eta historian lizentziatua da. Maiatz aldizkariko zuzendaria izan da, eta ohiko kolaboratzailea dugu prentsan. Poesia ez ezik nobela ere landua du (Basilika, Udaran betaurreko beltzekin, Bakean ützi arte, Bizi nizano munduan, Amorezko pena baño), eta kronika (Urtemuga lehorraren kronika).

 

Bibliografia

        Etxezaharreta, Luzien. HOGEI URTEETAKO OPERA PRIMAK: DANIEL LANDART ETA ITXARO BORDAREN LEHEN LIBURUAK. Hegats, 10. zenb. 1994

 

Bilaketa