literaturaren zubitegia

991 idazle / 4.716 idazlan
7.247 esteka / 5.801 kritika / 1.828 aipamen / 5.239 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Manex Erdozaintzi-Etxart

«XX. mendeko poesia kaierak»
Koldo Izagirre

Susa, 2000-2002

 

Gure kulturaren notableen kontra altxata, eztabaida garratza ukan zuen Piarres Lafitterekin fraide gazte batek 1956an: «Eskualdun izaiteko ez da aski egitea bilkura bat heben, bazkari bat hor, frantsesez eginiko mintzaldi zonbeit artetan. Ez da aski dantza, pilota eta ohitura zonbeiten begiratzea». Salaketa horretan definitzen da, nolabait, kultura moderno eta ez probintziano baten oinarria. Harrigarria bada ere, idazle zibilaren eredua apaizek eta fraideek eman digute maiz, Jon Mirandek akademiko bat dirudi Manex Erdozaintzi-Etxart frantziskotarraren aldean. Bere burua herriaren ekinbide guztietako idazkari eginik, belaunaldi engaiatu baten aitzindaria izan zen, premiazko idazlea. Larridura batean idatzi zuen bere poesia ere, hil-hurren dagoen herria duelako gai. Itxaro Bordaren hitzetan, poeta honen obrak eta bizitzak Iparraldearen barnealdeko berrogei urteko historia osatzen dute, «egunez egun, kolpez kolpe, Euskal Herriak eta herri honetako jendeek pairatzen zituztenak literaturara pasatzearren, olerkiak lerrokatzen zituen». Esan liteke, beraz, Erdozaintziren poesiak ez zeukala helburu literario bat, kontzientzian joz geroko oroimena labratu nahi zuen aldetik.

        Poesia ez zela bakarrik sentimendu bat, tripako mina ere bazela, borroka baten elea, defendatu zuen gure poetak. «Iragana eta geroa orainean lotu nahi lituzkeen amets bat» du poesia, bakoitzaren bizitzeak dakarren tirabiraren gunea, eta honen hitza. «Poesiak ez du buru-buztanik, baina ez da gezurtia». Ezta dolamen kantua ere, baizik eta «bere kuskutik ateratzen ari den langile gizarte baten elea». Hitzok estu hartuta, iritzi okerra aterako genuke Erdozaintziren poesiaz. Presuner ohien frantsestasuna madarikatzen du eta herriaren izerdiaz liluratzen da, egia da, baina bere poemak irakurriz ikasiko dugu nola kanta primadera bihotzean edo zein hasperen egin izarrei beha.

        Itxaro Bordak ongi ikusia duen moduan, Erdozaintzi saiatzen da bere lehen liburuan (1956-76 bitarteko poema bilduma), Iparraldeko kutsu erlijiozko poesiaren eta Hegoaldean garai horretan idazten zen poesia sozialaren artean bide liriko desberdin bat bilatzen, irakurtzearen plazerrak gidatu behar duelako leitzea, Manexen beraren aburuz. Poema haietan paisaia bukolikoaren atzean dagoen giza-geografia hondatua erakusten zaigu, egilearen sentimendu pertsonalekin nahasian. Arnas handiko poema luzea da Herri honen erraietan. Estiloz diskurtsiboa, gizarte libre baten nahia sumatzen du herriaren erraietan, eta poeta da erdi-minetan den populuaren emagina. Erdozaintziren obra, oro har, graffiti bat da etxe ttipittoaren aitzin zurian, bazetorren eskualdungo berri baten lehen oihua.

 

Manex Erdozaintzi-Etxart (Ibarla, 1934-1984) fraidea izan zen, eta Akitania osoko buruzagia frantziskotarretan. Irakasle eta borrokari sozial handia, hainbat erakunderen sortzean egon zen (Seaska, Amnesty International, Errefuxiatuen Sostengu Komitea...). Anitz artikulu argitaratu zituen prentsan, eta nobela labur bat, Gauaren atzekaldean.

 

Bibliografia

        Askoren artean. MANEX GOGOAN. DONAPALEUKO HITZALDI ETA LEKUKOTASUNAK. Maiatz, 1995

        Lasa Gorraiz, Xabier. MANEZ ERDOZAINTZI-ETXART. BIZITZA ETA PENTSAMENDUA. E.F.A., 2000

 

Bilaketa