literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«XX. mendeko poesia kaierak»
Koldo Izagirre

Susa, 2000-2002

 

Poeta sufietarik hasi eta Baudelaire-ren ziklo ospetsuraino, ardoak leku berezia ukan du literaturan, dela hedonismoaren erakusgarri, dela, harrigarria dirudien arren, argitasunaren filosofiaren bideratzaile bezala ere. Ardoaren memoria sentsazioen mailan gelditzen da, eta haren oroitzeko hitzak behar ditugu, eta hitzak oroitzeko kantua sortu zen: gure herri literaturan ez dira falta bertso bakikoak, ohituretan hain aratz ageri zaigun Lauaxetak berak badu dozena erdiren bat tabernako abesti, eta garaikide zuen Tomas Garbizu musikariak gorazarre egin zion ardoari eta, oro har, edari-abestiei. Testu gehienok, alabaina, errazago ekarriko digute Rabelais akordura, edo Carmina Burana-ko Cantico dei bebitori ezaguna, Omar Khayyam bat baino. Lagunarterako konposizioak dira gureok, ozen abestekoak, hordikeriaren atarikoak. Luigi Anselmi izan dugu, tabernak eta zurruteko lagunak ukatu gabe, ardoa maila liriko batean kokatu diguna: edalontzi hutsaren ondoan amets hautsia ageri zaigu, maitasunaren ardo isuri galdu horren ordezko baino ez da izan edalontzikoa. Egarria asetzeko edaten du eta hala ere berriz edatera behartua da, poetaren egarria, hau da, maitasun premia eta edertasun nahia, ase-ezina delako. Ez dago ordea inolako ihesbiderik edate honetan, Anselmi ez dabil paradisu artifizialaren bila. Egia da bere poema askok badutela halako lauso oniriko bat, baina orduan, lokartu ordez, atzarri egiten da zentzumena. Ardoak gure oinazea eztitu du, kontsolagarri izan zaigu, eta oreka aurkitu berri horretan emanen du poetak beila, gauak ez baitakar kontzientziaren iluntzea, gogoaren egunsentia baizik. Hala mintzatuko zaigu edan-urrien aurka, uler bedi zuhurtzia burgesaren kritikan.

        Edatea poetak mundu honetan kokatzeko daukan ezintasunaren adierazle ere bai baita, berariaz botatako zenbait irain gora-behera, Luigi Anselmi dotore ageri zaigu jarreretan, kultista hitzen hautuan, klasikozalea idazkeran. Ezaugarri hauetaz gainera, bere poesiaren bigarren ildo nagusia piztiek markatua da, bere zoo ilogiko, bai, baina sinbolikoak. Otsoek, hegaztiek, narrastiek amets giro bat sortzen dute, eta iduri luke elementu hauek —ardoaren logikan— eldarnioren batera eraman behar gintuzketela. Ez da horrelakorik. Piztiok, ardoak bezala, errealitatera garamatzate zeharbidez: otsoak egiten dira karrikaren jabe, hegaztiek ihes egiten dute, lipuek setiatzen dute hiria... Esan liteke Anselmiren metaforak gardenak direla beti, baina ez, haatik, unibokoak. Piztiak protagonista diren poemotan alegoriaz barnagoko sentimendu handi bat dago, telurikotasun orokor bat, ipurtargi, tximeleta, har, euli eta armiarmekin, naturaren izaki xeheenekin bat egiten duena liburuz liburu. Horrela bihurtzen zaigu, Luigi Anselmik bakarrik dakien alkimian, armiarma izar. Gure poetaren begiak, izan ere, txori gosetuak dira, eta besteok ezin atzeman dezakegun edertasuna dute elikagai.

 

Luigi Anselmi (Bilbo, 1954) filosofia eta filologia ingelesa ikasia da, eta hizkuntza honek eraman zuen irakaskuntzara. Gaur egun euskarazko irakaslea da, eta euskarazkoaz gain badu obra poetiko bat gaztelaniaz ere, hainbat titulurekin.

 

Bilaketa