literaturaren zubitegia

963 idazle / 4.550 idazlan
7.193 esteka / 5.395 kritika / 1.828 aipamen / 5.206 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Mikel Lasa

«XX. mendeko poesia kaierak»
Koldo Izagirre

Susa, 2000-2002

 

«Herenegun irakurri nion Oterori / zure poema Eganen agerturikako bat», dio Harri eta Herri-ko G poemak. Mikel Lasari eskainiak direnez, Gabriel Arestiren zabaltasun poetiko eta pertsonalaren adierazle dira noski bi lerro hauek, baina orobat erakusten dute, lankide gazteagoaren gorazarre egiteaz gainera, euskal idazleak, noizbait, erdal idazlearen aitzinean harro azaldu ahal izanda hartzen duen pozaren handia: iritsiak ginen bekatuak lilura sortzen zigula aitortzerainoko heldutasunera, gauza ginen, noizbait, gure arima haragirik lohienean galtzeko, gogoak gorputza deskubritua zigun, maitasunak bakardadea. Baudelaire-ren aurrekoak izatetik Baudelaire-ren ondorengoak izatera pasa ginen, hau da, literaturaren historia modernoaren barnean kokatu zen gure poesia, eta konplexurik gabe aldarrikatzen zituen gure poetak bere lagun hilezkorrak: Tzara, Aragon, Lautréamont, Kafka... Mikel Lasak ekarri zuen modernotasuna ordea ez da bakarrik literatura garaikidearen bereganatzeaz sortua. Ageri zuen tristura, jarrera izan gabe, inguru itogarri batek eragina zen, Hego Euskal Herriko 1950-60 urteen basatzak, deshistoriaren erreinu luzeak, ghetto hark. Esan ohi dena baino sozialagoa da bere asperdura existentziala.

        Mikel Lasaren poemak berehala nabarmendu ziren, eta liburuan bildu baino lehen hartu zuten idazleen eta irakurle atzarrienen aho bateko laudorioa. Baina maiz aipatuagatik eliteko poeta izan dugu urteetan, batetik Arestik berak bideratutako poesia sozialaren arrakastak baztertu egin zituelako gainerako joera guztiak, eta bestetik Lasaren poesiaren ildoa ez delako samurra jarraitzen. Ez du estilo nabarmengarri bat proposatzen, sentsibilitate mailako berritasuna baizik: gauzak adierazteko espiritu malenkoniatsu eta, halaz guztiz, tristuran sobera laketzen ez dena. Aitortua duenez, poetak ukaiten ditu halako aldarteak, «egunttoak», barnekoak esatera behartzen duten flakeziak. Euskal olerkari zaharrek mendira bezala, itsasertzera jotzen du orduan Lasak, noraezeko ibilian gogoetatsu. Paisaia honek funtzio sinboliko apala du, giro egiteko dela ematen du, baina azkenean dekoratiboak ziruditen zuhaitzak, esaterako, ametsaren galbide bihurtzen dira, edo maitasunaren babes, edo akiduraren lekuko. Paisaian gauzatzen da hitza, baina poetaren ingurua ez da inoiz koloreduna, eta euriaren presentzia ugariak koadro inpresionista bat oroitarazten digun arren, esan liteke geometria nagusitzen dela gristasunean. Sotiltasunez, elementu gutxi batzuekin moldatzen du Mikel Lasak bere hastioa: euria, zuhaitzak, gaua... Ia estereotipoak ematen dute. Alabaina, erretorikarik gabeko poesia dugu hau, elementuen bakana kontrastea lortzeko bidea baita «xarma ustelaren» aldaera guztietan. Mikel Lasaren apunte gisako hauek zatiduren estetika dira, poetak unea harrapatzen du, denboraren eten batzuk azaltzen dizkigu instantaneak balira moduan, kontinuum batean ipini nahi lituzkeen uneak, bizitza honen hutsa adierazi eta, horrenbestez, betetzearren.

 

Mikel Lasa (Donostia, 1938) filosofia, teologia eta ekonomia ikasketak egina da, eta informatika alorrean dihardu. Hainbat poetaren lanak itzuli ditu, Rimbaud-en Denboraldi bat infernuan, besteak beste. Saiakera bat dauka argitaratua, Novela berria Hego-Amerikan.

 

Bilaketa