literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«XX. mendeko poesia kaierak»
Koldo Izagirre

Susa, 2000-2002

 

«Poesia hermetikoa» izeneko lelopean kokatu zituzten kritikoek Iñigo Aranbarriren lehen bi liburuak. Bere poesia ulergaitza zela, alegia. Egia esan, ez zaio erraza eginen bere lehen poemek eskaintzen duten edertasunean barrena abiatzea logika zehatz bat aurkitu nahirik dabilenari. Mitologia desberdinez elikatzen da sinboloa, aipu kulturalak anitzak dira, arte desberdinekiko erreferentzia ugari dakar, esangura berriz aberasten ditu hitzak... Honek guztiak testuaren indar konnotatiboa areagotzen du eta, beraz, irakurle adoretsua eskatzen du. Zailtasun hori, erran gabe doa, poetaren beraren hautu kontziente baten ondorioa da, poesia «pentsamendu logikoaren» etsaitzat hartu izan baitu beti, baita bere azken liburuko poemetan ere; zuhurtziaz haratagoko pentsamendua delako interesatzen zaio poesia, beste ezein jenerok eman ez dezakeen durduzatze ahalmena duelako. Gauzak adierazteko posibilitatea, ordea, planteamenduen ausardiak bezainbeste ematen du adierazpideen doitasunak poesia mota honetan. Hortxe dago, nahasketa orekatu horretan, arbitrarioa izan litekeenetik ekarpen berria egiterainoko aldea.

        Zenbait eskultoreren lanaren bilakaerak erakutsi ohi duen gordekoak argitaratzearen antzekoa izan da Iñigo Aranbarrik liburuz liburu poesian egin duen ibilbidea, hots, espazio itxi baten zabaltzea. Trinkotik harrora egin du, esaldi laburbildutik lerro luzeko perpausa lasaietara eraman gaitu, eta formulazio gotorretan eskaintzen zigun mezu kriptikoak poema ia-narratiboen itxura hartu du azken liburuan. Bilakaera honetan, hala ere, Aranbarrik ez du galdu hasiera batean erakutsi zigun indar metaforikoaren mendrenik ere, testua ez baita berbalismoz hanpatu, errazkeriari amore ematen ez dion egilea dugu. Kadentzia aldatu baldin badu, alor berriak hartu nahi zituelako begipe izan da. Metafora itxia zena ingurune konkretuan kokatu digu, eta poesiaren baliabide poetiko arruntagoak erabiliz, poetak oldar lasaiagoetan ematen digu kezkatzen duten gaien berri: bakardadea, ezin ulertua, ahanztura... eta halabeharrezko paradoxan, oroimenaren ezinbestea.

        Bere baitatik espazio publikora zabaltze hori inguruaren arduraz dator, eta ingurua gizaki modernoaren kontzientzia kolpatzen duten jazoera guztiak dira poetaren baitan, bazter urrunenetan gertatzen denak ere baldintzatzen baitu gure egunerokotasuna. Hasiera batean barnetik kanporako expresionismo neurtua zena, historiaren jabetze mingarri batek eragiten dion garrasia da egun. Kontzientzia horrek, jakina, euskalduntasunaren zaharberritze bat eskatzen du, eta honenbestez gure aro modernoan aldiro ageri den gaia berritzen du Aranbarrik, bere-berea duen moldean, lirikotasun problematiko eta aldi berean eskuzabal batez.

 

Iñigo Aranbarri (Azkoitia, 1963), filologian lizentziatua, irakaslea da. Hainbat artikulu argitaratu ditu, eta poesia ez ezik nobela (Emon biar yako), kronika (Zapataren Oihana) eta saiakera (Gure mendea) landu ditu.

 

Bibliografia

        Iturbide, Amaia. Poesia objetu maitagarria denean. Hegats, 3. zenb. Urria, 1990

        Otamendi, Jose Luis. Dordokak Elurretan. Hegats 10. zenb. Martxoa, 1994

 

Bilaketa