Etxepare, Bernart
Euskal idazle baxenabartarra, ustez Sarrasketan jaioa (~1493 - ?). Bere bizitzari buruzko berri askorik ez badago ere, Eiheralarreko erretore (1518) eta Donibane-Garaziko bikarioa izan zela ezagutzen da. Etxepare izan zen euskaraz inprimatutako lehen liburuaren egilea: Linguae Vasconum Primitiae, Bordelen 1545ean argitaratua. XIII. olerki autobiografikoan dioenez, arrazoi politikoak zirela medio, etsaiek salatu eta Biarnon espetxeratu zuten (1516). Euskal olerkigintza idatziaren aitzindaria izan zen eta liburuaren hitzaurrean bertan aipatu zuenaren arabera, Etxeparek bazekien lehen euskal idazlea zela eta horretaz harro zegoen. Guztiz hizkera herritarra erabili zuen eta sortaldeko behenafarreraz idatzi zuen. Haren lana ez zen oso ezaguna izan, ale gutxi argitaratu baitziren.