Bartolome, Frai
(j.i. Bartolome Madariaga Garate)
Euskal idazle eta erlijioso bizkaitarra (Markina, 1768 - Lazkao, 1838). Karmeldarren ordenan sartu eta ordenaren predikari izendatu zuten. Apaiztu eta Sestao eta Markinako priorea izan zen. Independentzi gerran, Markinako komentua hustu zenean, frantsesek atxilotu eta Bilbora eraman zuten (1809-13). Frai Bartolomeri esker komentuak ateak zabaldu zituen berriro eta beste fraideak itzuli zirenean komentua gerra aurreko egoerara itzuli zen. Komentuko buru izan zen (1817-20). Bizkaieraz idatzi zuen gehienbat Euskal Errijetaco olgeta ta dantzaen neurrizco gatz ozpindua (1816) eta hiru liburukitan argitaratutako Icasiquizunac (1819). Gaztelaniaz ere idatzi zuen, baina euskal gaien inguruan (Plauto bascongado o el bascuence de Plauto en su comedia Poenulo (1828). Idazkera aberats eta irakurterraza erabili zuen.