Abbadia, Antoine Thompson
Zientzialari eta euskaltzale zuberotarra, jaiotzez irlandarra (Dublin, 1810 - Paris, 1897). Aita Ürrüxtoikoa zuen eta ama, berriz, irlandarra. Parisen fisika eta geografiako ikasketak egin zituen. Ikasketen ondoren munduan zehar geografi eta astronomi ikerketak egin zituen: lurraren magnetismoa aztertu Brasilen (1835), Niloren sorrera ikertu Etiopian (1836-48) eta eguzki-eklipse osoa ikusi eta aztertu Norvegian (1851). Euskal Herrira itzulita (1853), Abbadia gaztelua bilakatu zen laborategi bat eraikiarazi zuen Hendaian; bertan behategi astronomiko bat eratu zuen. Bertan bizi izan zen, aurreko bidaietako materialak, eta batez ere Afrikako espediziotik ekarritako oharrak, aztertu eta argitara ematen. Zientzi gaietan titulu eta izendapen asko jaso zituen (Frantziako Elkarte Geografikoaren domina, San Gregorioren Ordenako zaldun, Frantziako Ohorezko Legioko kide, 1867az geroztik Frantziako Zientzi Akademiako kide eta gero, lehendakaria eta Institutuko kidea). Zientzialari izateaz gain, euskaltzale ere izan zen; aitarengandik euskara eta euskaltzaletasuna jaso zituen. Agustin Xahorekin euskal gramatika bat egin zuen (Études grammaticales sur la langue basque, 1836). Frantsesez idatzi arren, euskarari buruzko lanak egin zituen; Le Dictionnaire de Chaho (1854), Lettres sur l'orthographe basque (1854), Travaux récents sur la langue basque (1859), Sur la carte de la langue basque (1868), Le basque et le Berbère (1873), Lettre sur la préservation de la langue basque (1895-96); euskaraz idatziriko lan bakarra Zubernoatikaco gutun bat (1864) da. Euskararen alde idaztearekin batera, hizkuntzaren teknikaren eta euskal obren azterketa egin zuen. Gazteengan euskara sustatzeko, euskaraz hobekien egiten zuten haurrentzat sariak ematen zituen. Hala ere, euskararen alde eginiko lanik garrantzitsuena Euskal Festen edo Euskal Lore-Jokoen antolatzea da; herri-kulturaren esparru guztiak hartzen zituzten, baina olerkia eta euskara ziren oinarri. Urruñan antolatu zuen lehena 1853an; hamar urtez Urruñan antolatu eta gero, 1864-76 bitartean Saran eta gero urtero lekuz aldatu zuten. Abbadia idazle baino areago euskal kultur mugimenduaren sortzaile eta sustatzaile izan zen; berak sortu zuen «zazpiak bat» mezua.