Mogel Urkiza, Joan Antonio
Euskal idazle gipuzkoarra (Eibar, 1745 - Markina-Xemein, 1804). Apaiztu eta Markinan finkatu zen hil arte. Mogel eta Añibarro idazleek bizkaiera hizkuntza literario bihurtu zuten; Mogelek bere estreinako liburua gipuzkeraz idatzi baldin bazuen ere (Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac, 1800), ondorengo guztiak Markinako hizkeran oinarritutako bizkaieran moldatu zituen. Testu ugari idatzi zuen euskaraz zein gaztelaniaz (azken hauek jende ikasiari zuzenduak): Versiones Bascongadas de varias arengas y oraciones selectas (1802); Nomenclatura de las voces guipuzcoanas y sus correspondientes vizcainas y castellanas; Confesio ona (1803) Bizkaiko euskaran prestaturik, Cristinauaren jaquinvidea Asteteren itzulpena, Análisis filológico de un sermón euskérico escrito en 1792; Pascalen gogamenak eta dudarik gabe bere obra nagusia den Peru Abarca. Humboldt hizkuntzalari alemaniarraren laguna eta lankidea izan zen eta harreman estuak izan zituen Astarloa, Agirre eta Añibarro euskal idazle garaikideekin.