Etxeberri, Joannes (Sarakoa)
Euskal idazle eta mediku lapurtarra (Sara, 1668 - Azkoitia, 1749). Lanbidez medikua izaki, Saran aurrena eta gero Bera, Hondarribia eta Azkoitian bizi izan zen. Bizi zelarik lan bakar bat argitaratu zuen: Lapurdiko Biltzar Nagusiari zuzenduriko Lau-urdiri gomendiozco carta, edo guthuna (1718), baina Zarauzko frantziskotarretan gorde diren beste hiru hauek ere prestatu zituen: Escuararen Hatsapenak euskararen apologia sutsu eta mamitsua, Escualherriari eta escualdun guztiei escuarazko hatsapenak latin icasteco gramatika-liburua eta Diccionario cuatrilingüe. Sarako eskolakoa zen eta Axular gidari hartuta, prosa atsegin eta dotorea erabili zuen, irakurterraza eta zenbaitetan bortitza. Apologista praktikoa izaki, ongi zekien euskarak ez zuela bat-batean goi-mailako literaturarik egingo, horretarako euskara landu eta idatzi egin behar zela eta bestalde, euskararen hedapena ez zitekeela literaturaren alorrera muga, euskarak irakaskuntzan ere bere lekua behar zuela izan. Ikuspegi hori guztiz aurrerakoia zen bera bizi izan zen garaian; euskara kultur eta zientzi hizkuntza bihurtzen saiatu baitzen.