Oihenart, Arnaud
Politikari, historialari eta abokatu zuberotarra (Maule, 1592 - Donapaleu, 1667). Higanotek zituzten eskubideengatik protestatzeko Mauleko hiritarrek diputatu hautatu zuten (1618). »Silbiet»-eko sindiko izan zen (1623-27). Nafarroako kantzelariordearen alargunarekin ezkonduta Nafarroako noblezian sartu zen. Nafarroako (Nafarroa Behereko) Parlamentuko abokatu eta Agramonteko etxearen intendente izan zen. Azken hogei urteak historia ikertzen, auziak konpontzen eta auzi horietaz idazten eman zituen: Baigorri, Erroibar, Luzaide eta Baztanen arteko muga-arazoak konpondu zituen (1660) eta Baionako apezpikuaren eta Orreagako priorearen arteko ondasun-banaketa erabaki zuen (1665). Euskal Herriko historiaz eginiko lanak ditu garrantzitsuenak: Notitia Utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae (1638). Bertan Euskal Herriko historia Erdi Arora arte kontatu zuen, ez espainol ez frantses ikuspuntutik, Euskal Herrikotik baizik. Liburu honetan, »De silabarum quantitate» artikuluan, ordura arteko bertsogintzaren moldeak hautsi eta bertsogintza kultu eta berria proposatu zuen. Halaber, Oihenarten gastaroa neurthizetan (1657) eta L'art poetique basque, (1665) liburuetan bertsogintza landuaren arauak deskribatu zituen italiera, gaztelania eta batik bat Erdi Aroko latinaren errima eta neurriak eredutzat harturik. Bertsogintza aberastu nahi izan zuen, bai forma aldetik bai eta gai aldetik ere. Oihenart eskolatua eta ikasia zen; lehen euskal idazle zuberotarra izateaz batera, apaiz ez zen lehen kritikari, historialari eta idazlea da. Euskal Herriko historiari buruzko bilduma egiten ari zela hil zen; bildutako dokumentu eta oharrekin 20.000 orrialde osatu zituen, baina gehienak desagertu egin dira. Les Proverbes Basques (1657) obran, atsotitz-bilduma egin eta euskaraz poesiak idazteko erabilitako eta berak proposatutako ortografi sistemaren berri eman zuen.